Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 19 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Jonatan Daviden alde

1. David hiltzeko asmotan zebilela esan zien Saulek bere seme Jonatani eta bere zerbitzari guztiei. Saulen seme Jonatanek oso maitea zuen David eta

2. asmo horren berri eman zion Davidi, esanez: «Gure aita Saulek zu hiltzeko asmoa du. Zabiltza erne bihar goizean; gorde zaitez toki ezkuturen batean.

3. Atera eta aitaren ondoan jarriko naiz, zu egongo zaren landan. Zutaz mintzatuko natzaio eta ikusiko dut zer den asmo horretaz eta jakinaraziko dizut».

4. Jonatan, beraz, Daviden alde mintzatu zitzaion bere aita Sauli, esanez: «Errege jauna, ez zenioke gaitzik egin behar zeure zerbitzari Davidi, berak ere ez baitizu gaitzik egin. Beraren egintzak zure onerako izan dira guztiz.

5. Arriskuan jarri zuen bere bizia Goliat filistearra hil zuenean; horrela, garaipen handia eman zion Jaunak Israel osoari; zeuk ikusi zenuen eta poztu zinen. Zergatik egin behar duzu gaiztakeria hori, odol errugabea isuriz, David arrazoirik gabe hilez?»

6. Entzun zuen Saulek Jonatanen esana eta zin egin zuen: «Ez da hilko, ez, ala Jauna!»

7. Deitu zuen Jonatanek David eta hitz hauek guztiak eman zizkion aditzera. Gero, eraman zuen David Saulengana eta, lehen bezalaxe, honen zerbitzuan gelditu zen David.

Mikalek Davidi bizia salbatu

8. Ekin zioten berriro guduari. Jalgi zen David filistearren kontra borrokara eta egundoko hondamendia egin zien, eta ihes egin behar izan zuten.

9. Hortan, Jaunak bidalitako espiritu gaiztoak hartu zuen Saul. Hau jauregian eseria zegoen, lantza eskuan, eta David zitara jotzen ari zitzaion.

10. Saulek hil egin nahi izan zuen David, lantzaz hormari josiz. Saihestu zen, ordea, David Saulen aurretik, eta horman sartu zen lantza. Ihes egin eta salbatu zen gau hartan David.

11. Saulek, ordea, bere mandatariak igorri zituen Daviden etxera, zaindu eta biharamun goizean hil zezaten. Bere emazte Mikalek berri hau eman zion Davidi: «Orain gauez ihes egin eta salbatzen ez bazara, bihar hil egingo zaituzte».

12. Eta leihotik behera eraitsi zuen. Orduan, Davidek ihes egin zuen eta bere burua salbatu.

13. Mikalek etxeko idoloa hartu eta ohean sartu zuen; ezarri zion burualdean ahuntz-ilezko oihala eta ohazalez estali zuen.

14. David atxilotzera Saulek bidalitako mandatariak heltzean, gaixorik zegoela esan zien Mikalek.

15. Berriro ere bidali zituen Saulek mandatariak, David ikus zezaten. Esan zien: «Ekardazue ohean bada ere, hil egin behar dut eta».

16. Mandatariek, sartzean, etxeko idoloa aurkitu zuten ohean, ahuntz-ilezko oihala burualdean zuela.

17. Orduan, Saulek diotso Mikali:—Zergatik egin didazu iruzur? Nire etsaiari ihes egiten utzi diozu eta salbatu egin da.Mikalek Sauli:—Berak esan zidan: «Utzi ihes egiten; bestela, hil egingo zaitut!»

David, Saul eta Samuel Raman

18. David, ihes egin eta bere burua salbatu ondoren, Samuelengana joan zen Ramara eta Saulek berari egindako guztiaren berri eman zion. Orduan, Samuel eta biak Naiot-era joan ziren eta han gelditu.

19. Honela esan zioten Sauli: «Hara, David Ramako Naioten dago!»

20. Saulek mandatariak igorri zituen, David atxilot zezaten. Haiek profeta-trantzean ikusi zuten profeta-taldea, Samuel buru zela. Jainkoaren espirituak hartu eta profeta-trantzean jarri ziren Saulen mandatariak ere.

21. Hau jakinarazi ziotelarik, beste mandatari batzuk bidali zituen Saulek; baina hauek ere profeta-trantzean sartu ziren. Hirugarrenez bidali zituen Saulek mandatariak, eta hauek ere profeta-trantzean sartu ziren.

22. Saul bera abiatu zen, orduan, Ramara. Seku-n dagoen urtegi handiraino heltzean, honela galdegin zuen:—Non dira Samuel eta David?Erantzun zioten:—Han, Ramako Naioten.

23. Joan zen, bada, Saul Ramako Naiotera, eta bera ere Jaunaren espirituak hartu eta profeta-trantzean sartu zen, Ramako Naiotera heldu arte.

24. Bera ere biluztu eta beste guztiekin batera sartu zen profeta-trantzean Samuelen aitzinean. Han egon zen etzana, larrugorri, egun eta gau osoan. Hortik dator esaera: «Saul ere profeta artean?»