Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 23 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Davidek Keila hiria askatu

1. Behin batean, albiste hau eman zioten Davidi: «Filistearrak Keila hiriari erasoka ari dira eta larrainetako garia lapurtzen».

2. Davidek, orduan, kontsulta egin zion Jaunari:—Joango al naiz filistearrak menderatzera?Jaunak erantzun zion Davidi:—Zoaz, menderatuko baitituzu filistearrak eta askatuko Keila.

3. Davidekin zeuden gizonek, ordea, esaten zioten:—Hemen Judan beldurrez bagaude, zer izango ote da Keilara filistear taldeen kontra borrokara joaten bagara?

4. Davidek berriro egin zion kontsulta Jaunari. Jaunak erantzun:—Ea, jaitsi zaitez Keilara, zure esku utziko ditut-eta filistearrak.

5. Abiatu zen, bada, David bere gizonekin Keilarantz eta oldartu zitzaien filistearrei. Haien abere-taldeak hartu eta izugarrizko sarraskia egin zien. Horrela salbatu zituen Davidek Keilako bizilagunak.

6. Ahimeleken seme Abiatarrek, Davidengana ihes egin eta, gero, Davidekin Keilara jaitsi zenean, berekin zeraman efod apaiz-jantzia.

7. David Keilara etorria zelako berria eman ziotelarik, esan zuen Saulek: «Eskuetara eman dit Jaunak; bere burua giltzapetu du horrek, ate eta morroilodun hirian sartuz».

8. Bildu zituen, beraz, Saulek bere gizon guztiak borrokarako, Keilara jaitsi eta han David eta beronen gizonak inguratzeko asmoz.

9. Jakin zuen, ordea, Davidek bera hondatzeko prestatzen ari zela Saul, eta esan zion Abiatar apaizari:—Ekatzu efod apaiz-jantzia.

10. Ondoren, Davidek otoitz egin zuen:—Jauna, Israelen Jainkoa, Saul Keilara datorrela eta niregatik hiria hondatzeko asmotan dela entzun dut nik, zure morroi honek.

11. Haren esku utziko al naute Keilako bizilagunek? Egiaz jaitsiko al da Saul, nik, zure morroi honek, entzun dudan bezala? Jauna, Israelen Jainkoa, adierazi zeure zerbitzari honi.—Jaitsiko da, bai —erantzun zion Jaunak.

12. Davidek galdetu zion:—Eta Saulen eskuetara emango al gaituzte Keilako bizilagunek ni eta nire gizonak?—Emango zaituzte, bai —erantzun zion Jaunak.

13. Orduan, David eta beronen gizonak, seiehunen bat, Keilatik atera eta noraezean ibili ziren. Davidek Keilatik ihes egin zuela adierazi ziotenean, Saulek bertan behera utzi zuen hara joateko asmoa.

David mendian babestu

14. David basamortura joan zen bizitzera, hango haitzarteetara, eta Zif basamortuko mendietan gelditu zen. Egunero zebilen Saul Daviden bila, baina Jainkoak ez zuen David haren eskuetara eman.

15. Ikusi zuen Davidek Saul aterea zela berari bizia kentzeko eta Zif basamortuan gorde zen, Horexen.

16. Jonatan, Saulen semea, Horexera joan zen Daviden bila, eta Jainkoarengan uste on izatera bultzatu zuen,

17. esanez: «Ez izan beldur. Ez zaitu harrapatuko gure aita Saulek. Israelgo errege izango zara, eta ni bigarren, zure hurrengo. Gure aita Saulek berak ere badaki hori».

18. Ituna egin zuten biek Jaunaren aurrean. David Horexen gelditu zen, eta Jonatan etxera itzuli.

Saul Daviden ondoren

19. Zifeko batzuek Gibeara igo eta esan zioten Sauli:—Ez al dakizu David gure artean gordetzen dela, Horexeko haitzarteetan, basamortuaren hegoalderantz dagoen Hakila mendixkan?

20. Orain, bada, errege jauna, halako gogoa baldin baduzu, jaitsi zaitez, geuk emanen dizugu gizon hori eskuetara.

21. Saulek erantzun:—Bedeinka zaitzatela Jaunak, nitaz errukitu zaretelako.

22. Zoazte, otoi; iker ezazue ongi, jakizue eta ikusi non dabilen, jakin nork ikusi duen. Oso azeria omen da.

23. Aztertu eta jakin zein ingurutan dagoen gordea eta itzuli niregana, non dabilen ziur jakinez. Gero, zuekin joango naiz. Inguru horietan baldin bada, Judako senitarte guztietan ibiliko naiz berorren bila.

24. Gizon haiek Ziferantz abiatu ziren, Saulen aurretik. David, berriz, bere gizonekin Maon eremuan zebilen, lautadan, basamortuaren hegoaldera.

25. Saul bere gizonekin Daviden bila hasi zen. Horren berri izatean, David haitzartera jaitsi eta Maon eremuan gelditu zen. Saul ere, hori jakitean, Maon eremuan barrena abiatu zen, Daviden ondoren.

26. Saul mendi-malda batetik zihoan; David, berriz, bere gizonekin beste maldatik. David lasterka zihoan, Saulengandik ihesi. Saul bere gizonekin David eta beronen gizonak inguratzen ari zen, harrapatzeko.

27. Orduan, mandatari bat etorri zitzaion Sauli, esanez: «Zatoz bizkor, filistearrak sartu zaizkigu geure lurraldean».

28. Hala, Daviden ondoren ibiltzeari utzi eta filistearrei aurre egitera itzuli zen Saul. Horregatik deritza toki hari Sela-Hamahlekot, hau da, «Bereizte-harkaitza».