Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

David talde armatu baten buruzagi

1. Handik alde egin eta Adulamgo leizean ezkutatu zen David. Anaiak eta aitaren senitarte osoa, hori entzun zutelarik, hara jaitsi zitzaizkion.

2. Larrialdiren batean zirenak, zorrez josiak eta etsirik zeudenak Davidengana bildu ziren, eta buruzagi hartu zuten. Laurehunen bat gizon zituen berekin.

3. Handik Moabeko Mitzpara jo zuen Davidek, eta honela mintzatu zitzaion Moabeko erregeari:—Mesedez, utzi ene aita-amei zuen artean bizitzen, Jainkoak zer egin nahi didan jakin dezadan arte.

4. Eta Moabeko erregearen aurrera eraman zituen; han bizi izan ziren, David ezkutatua egon zen bitarte guztian.

5. Behin batean, Gad profetak esan zion Davidi:—Ez gelditu zeure babeslekuan. Abia zaitez eta joan Juda lurraldera.David, orduan, Heret oihanera joan zen.

Nobeko apaizak hilarazi Saulek

6. Saulek jakin zuen ikusiak zituztela David eta beronekin ziren gizonak. Gibean zegoen Saul, muino batean, tamarindo baten azpian jarria, lantza eskuan eta zerbitzariak inguruan zutik.

7. Esan zien, orduan, inguruan zutik zituen zerbitzariei: «Entzun, benjamindarrok! Jeseren seme horrek zuei guztioi ere lurrak eta mahastiak emango dizkizuelakoan eta ehuneko nahiz milako gizataldeen buru egingo zaituztelakoan

8. al zabiltzate denok nire aurka azpilanean? Inork ere ez dit salatu nire semeak ituna egin duela Jeseren seme horrekin. Zuetarik bat ere ez zait errukitu, inork ez dit jakinarazi nire semeak nire aurka zelatan jarri zuela nire morroi bat. Horixe da, bada, gaur gertatzen ari dena».

9. Saulen zerbitzarien artean zutik zegoen Doeg edomdarrak erantzun zion: «Jeseren semea Nobera heltzen ikusi nuen nik, Ahituben seme Ahimelekengana.

10. Honek kontsulta egin zion Jaunari Davidi buruz; gero, janariak eman zizkion eta Goliat filistearraren ezpata ere bai».

11. Orduan, Ahituben seme Ahimelek apaiza eta beronen senitarte osoa, hau da, Nobeko apaizak, ekartzeko agindu zuen erregeak. Etorri ziren, bada, denak Saul erregeagana eta

12. honek esan zuen:—Adizu, Ahituben seme!Honek erantzun zion:—Hemen nauzu, jauna.

13. Saulek, orduan:—Zergatik ari zarete Jeseren semea eta biok nire kontra azpilanean? Ogia eta ezpata eman zenizkion; kontsulta egin zenion Jainkoari Davidi buruz, ea nire aurka jaiki eta zelatak ipiniko ote zizkidan. Horretan ari da, hain zuzen, orain.

14. Ahimelekek ihardetsi zion erregeari:—Nor duzu, guztien artean, David bezain zerbitzari zintzorik? Zeure suhi duzu, zeure zaintzaileen buru eta ospetsu zeure etxean.

15. Gaurkoa izan ote da, bada, berari buruz Jainkoari kontsulta egin diodan lehen aldia? Ezta inola ere! Errege jauna, ez leporatu niri, zeure zerbitzari honi, ezta ene aitaren senitarteko inori ere, halako asmo txarrik. Ez dakit nik deus ere, ez gutxi, ez asko, arazo horretaz.

16. Erregeak esan zion:—Zureak egin du, Ahimelek! Zureak eta zure aitaren senitarte osoarenak!

17. Orduan, erregeak agindu zien bere inguruan zutik zituen zaintzaileei:—Ea! Hil itzazue Jaunaren apaizok! Hauek ere lagundu egin baitiote Davidi: ihesi zihoala jakin eta ez zidaten aditzera eman.Erregearen zerbitzariek, ordea, ez zieten eskurik erantsi nahi izan Jaunaren apaizei, ez zituzten hil nahi izan.

18. Orduan, erregeak Doegi:—Ea! Hil itzak hik apaizak!Doeg edomdarrak jo eta hil egin zituen apaizak; lihozko efod-jantzia soinean zeramaten laurogeita bost gizaseme hil zituen egun hartan.

19. Gero, Nob apaiz-hirian, ezpataz hil zituen Saulek bertako gizaseme eta emakumeak, neska-mutiko eta bularreko haurrak, idi, asto eta ardiak.

20. Ahimeleken seme eta Ahituben biloba bat bakarrik salbatu zen, Abiatar zeritzana, Davidengana ihes eginez.

21. Abiatarrek aditzera eman zion Davidi, Saulek Jaunaren apaizak hilarazi zituela.

22. Davidek, orduan, Abiatarri: «Banekien, bai, egun hartan han gertatu zen Doeg edomdarra ez zela geldituko Sauli berri eman gabe. Neu nauzu aitaren senitarteko guztien heriotzaren errudun.

23. Geldi zaitez nirekin; ez izan beldur. Ene biziaren bila dabilena bera dabil zurearen bila ere. Nire ondoan ongi babestua egonen zara».