Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 16 Elizen Arteko Biblia (EAB)

SAUL ETA DAVID (16,1—31,13)

Jainkoak David errege izendatu

1. Behin batean, honela mintzatu zitzaion Jauna Samueli:—Noiz arte ari behar duzu negarrez Saulengatik? Baztertu egin dut, Israelen errege izan ez dadin. Bete ezazu olioz adarra eta zoaz, Belengo Jeserengana bidaltzen zaitut. Honen semeen artean begiztatu dut errege eginen dudana.

2. Samuelek galdetu zion:—Nola joango naiz baina? Saulek jakiten badu, hilko nau.Jaunak, berriro:—Hartzazu zeurekin bigantxa bat eta esan: «Jaunari oparia eskaintzera nator».

3. Dei ezazu Jese oparirako. Adieraziko dizut orduan zer egin behar duzun. Nik erakutsiko dizudana behar didazu gantzutu.

4. Egin zuen, beraz, Samuelek Jaunak esandakoa, eta Belenera joan zen. Hiri hartako zaharrak bidera irten zitzaizkion arduratsu, eta galdetu zioten:—Bake onean al zatoz?

5. Samuelek erantzun:—Bai, bake onean nator. Jaunari oparia eskaintzeko asmoz nator. Egin garbikuntzak eta zatozte nirekin oparia eskaintzera.Egin zizkien garbikuntzak Samuelek Jeseri eta beronen semeei, eta oparia eskaintzera gonbidatu zituen.

6. Heldu zirenean, Samuelek begiz jo zuen Eliab, eta esan zuen berekiko: «Zalantzarik gabe, aurrean du Jaunak bere gantzutua».

7. Jaunak, aldiz, esan zion Samueli:—Ez begiratu horren itxura eta luzerari. Alde batera utzia dut hori. Kontua ez da gizakiak zeri begiratzen dion, gizakiak itxurari begiratzen baitio; Jaunak, berriz, bihotzari.

8. Deitu zuen Jesek Abinadab eta Samuelen aurrera eraman zuen. Samuelek esan zuen:—Hau ere ez du hautatu Jaunak.

9. Ondoren, Jesek Xama eraman zuen. Samuelek, orduan:—Hau ere ez du, bada, hautatu Jaunak.

10. Jesek bere semeetarik zazpi eraman zituen Samuelen aurrera, baina Samuelek esan zion Jeseri:—Hauetako inor ez du aukeratu Jaunak.

11. Gero, galdetu zuen:—Hemen al dituzu zeure seme guztiak?Jesek erantzun:—Txikiena gelditzen da. Artzain dabil.Eta Samuelek Jeseri:—Agindu ekar dezaten; ez gara mahaian jarriko bera etorri arte.

12. Agindu zuen, beraz, ekartzeko. Ile horia zuen, begi ederrak, itxura bikaina. Jaunak esan zion Samueli:—Jaiki eta gantzutu ezazu; horixe da.

13. Hartu zuen, bada, Samuelek oliontzia eta anaien aurrean gantzutu zuen. Jaunaren espirituak hartu zuen David egun hartaz geroztik. Bukatzean, Samuel Ramara itzuli zen.

David Saulen zerbitzura

14. Jaunaren espirituak alde egin zuen Saulengandik, eta Jaunak bidalitako espiritu gaizto batek hartu zuen.

15. Zerbitzariak honela mintzatu zitzaizkion:—Jaunak bidalitako espiritu gaiztoak hartu zaitu.

16. Agindu guri, jauna, zeure esanetara gaituzu zeure zerbitzariok; bilatuko dugu zitara jotzen dakien norbait. Horrela, Jaunak bidalitako espiritu gaiztoak eraso diezazunean, hark zitara jo eta on egingo dizu.

17. Saulek zerbitzariei:—Bila ezazue, bada, zitara ongi jotzen dakien norbait, eta ekarri niregana.

18. Zerbitzarietarik batek esan zuen:—Ezagutzen dut bat; Belengo Jeseren semea da: zitara-jotzaile ona, azkarra eta adoretsua, gudari trebea, hizketa zuhurrekoa, gizon bikaina. Berekin du Jauna.

19. Orduan, Saulek mandatariak igorri zizkion Jeseri, esatera: «Bidal iezadazu artzain dabilen zeure seme David».

20. Jesek asto bat, ogia, ardo-zahagia eta antxume bat hartu eta bere seme Daviden eskuz bidali zizkion Sauli.

21. Etorri zen, orduan, David Saulengana eta aurkeztu zitzaion. Atsegin handiz hartu zuen Saulek, eta bere ezkutari egin.

22. Jeseri hau esateko agindu zuen: «Geldi dadila David nirekin, oso begiko baitut».

23. Jaunak bidalitako espirituak Sauli erasotzen zionean, Davidek zitara hartu eta jo egiten zuen. Horrela, baretu eta hobeki sentitu ohi zen Saul, eta espiritu gaiztoak alde egiten zion.