Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 17 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Goliatek israeldarrei erronka

1. Filistearrak, beren gudarostea borrokarako bildurik, Judako Sokon batzartu ziren eta Efes-Damimen ezarri zituzten guda-etxolak, Soko eta Azeka artean.

2. Saulek eta israeldarrek ere bildu eta Terebinto haranean ezarri zituzten guda-etxolak, filistearren aurrean, guda-lerroak antolatuz.

3. Filistearrak alde bateko mendian zeuden eta israeldarrak beste aldekoan, harana bitartean zutela.

4. Filistearren lerro artetik gizon adoretsu bat atera zen; Gat-ekoa zen eta Goliat zeritzan; ia hiru metroko gizona zen.

5. Brontzezko buru-babesa zeraman eta ezkatadun bularrekoa soinean; berrogeita hamar kilo baino gehiago zuen bularrekoak.

6. Zangoetan ere brontzezko babesak zeramatzan, eta bizkarrean brontzezko azkona.

7. Haren lantza-makilak ehulearen kakoa zirudien, eta lantzaren burdin muturra sei kilo baino gehiago zen. Aurretik ezkutaria zihoakion.

8. Tinko gelditu eta deiadar egin zien israeldar guda-lerrokoei, esanez:—Zergatik zatozte gudurako prestatuak? Filistearra nauzue ni, eta zuek Saulen morroiak. Aukera ezazue gizon bat eta jaitsi bedi niregana.

9. Nire aurka borrokatzeko gauza bada eta hiltzen banau, zuen morroi izanen gara. Baina ni berorren aurka borrokatzeko gauza izan eta hiltzen badut, zuek izanen zarete gure morroi, eta zerbitzatu egin beharko gaituzue.

10. Gero, esan zuen filistearrak:—Erronka hau botatzen dizuet gaur, israeldar guda-lerroetakooi! Bidal iezadazue gizon bat, eta ekin diezaiogun borrokari!

11. Aditu zituzten Saulek eta israeldar guztiek filistearraren hitz hauek, eta beldurrez eta dar-dar gelditu ziren.

David Saulen kanpalekura

12. David, lehen ere aipatua den efratar baten semea zen, Judako Belengo Jeserena, alegia. Zortzi seme zituen honek, Saulen garaian zaharra zen eta urtetan aurreratua.

13. Hiru seme zaharrenak Saulekin joanak ziren gudura. Hona gudura joanak ziren hiru semeen izenak: Eliab zaharrena, Abinadab bigarrena eta Xama hirugarrena.

14. David gazteena zen. Hiru zaharrenak Saulekin ziren bitartean,

15. David Saulengana joaten zen eta Belenera etortzen, aitaren artaldea zaintzera.

16. Filistear hura egunero, goiz eta arratsalde, hurbiltzen zitzaien israeldarrei eta aurrean jartzen, eta horrela berrogei egunez.

17. Jesek esan zion bere seme Davidi:—Har itzazu zaku bat gari xigortu eta hamar ogi hauek, eta eraman bizkor zeure anaiei kanpalekura.

18. Hamar gazta hauek mila gizonen buruzagiari eramango dizkiozu. Galdegizu anaiak ongi diren, eta eskura ezazu haien hartu-agiria.

19. Saul eta zure anaiak eta israeldar guztiak Terebinto haranean daude filistearren aurka borrokan.

20. Jaiki zen goizean goiz David, utzi zuen artaldea zaintzailearen ardurapean eta, zama harturik, abiatu zen, Jesek agindu bezala. Kanpalekura heldu zenean, gudarostea borrokara ateratzen ari zen, guda-deiadarrak eginez.

21. Israeldarrak eta filistearrak aurrez aurre jarri ziren lerroka.

22. David, ekarri zituen zamak tresneri zaintzaileen esku utzirik, gudalekuraino joan zen bizkor, eta ongi ziren galdetu zien anaiei.

23. Haiekin hizketan ari zelarik, han agertu zen filistearren lerro artetik Goliat izeneko gizon adoretsu hura, Gateko filistearra, lehengo erronka bera eginez. Davidek entzun egin zion.

24. Israeldar guztiek, gizon hura ikustean, ihes egin zuten haren aurretik, arras izuturik.

25. Israeldar batek zioen:—Ikusten al duzue hor gora datorren gizon hori? Israeli erronka eginez dator. Gizon hori hilko duenari ondasun franko emango dio erregeak, bere alaba ere bai. Zergak ordaintzetik ere libratuko du halakoaren etxea Israelen.

26. Davidek, orduan, galdetu zien bere inguruan zituen gudariei:—Zer egingo diotela filistear hori hil eta Israelen lotsa kenduko duenari? Nor da, baina, filistear jentil arrotz hori, Jainko biziaren gudarosteari gaur erronka egiteko?

27. Jendeak gauza bera erantzun zion:—Hau eta hau egingo diote hori hilko duenari.

28. Aditu zuen Eliab anaia zaharrenak David gizonekin hizketan ari zela eta, biziki haserreturik, esan zion:—Zertara etorri haiz? Nori utzi diok gure artalde koxkorra basamortuan? Bazekiat harroa haizena eta asmo txarrak dituana. Borroka ikustera etorri haiz hi!

29. Davidek ihardetsi zion:—Zer egin dut, bada? Hizketan ari nintzen, besterik ez.

30. Aldendu zen David eta beste batengana jo zuen, lehengo galdera bera eginez. Jendeak lehengo erantzun bera eman zion.

31. Davidek esandako hitzak aditu zituztelarik, Sauli jakinarazi zioten. Saulek etorrarazi

32. eta Davidek esan zion Sauli:—Ez bedi inor kikildu gizon horrengatik. Neu, zure zerbitzari hau, joango naiz filistear hori borrokatzera.

33. Saulek Davidi:—Ezin izango haiz joan filistear hori borrokatzera. Mutil koskor bat baino ez haiz hi; hori, berriz, gaztetandik duk gudari.

34. Davidek Sauli:—Nik, zure zerbitzari honek, gure aitaren artaldea zaintzen nuenean, lehoi nahiz hartzen batek etorri eta artaldetik ardiren bat harrapatzen zidanean,

35. ondoren joaten nintzaion, jo eta hagin artetik kentzen nion. Eta erasotzen bazidan, kokospeko bizarretatik heldu eta joka akabatzen nuen.

36. Akabatua dut nik lehoi eta hartz bat baino gehiago. Filistear jentil arrotz hori ere haietako bat bezala izango da, gaur Jainko biziaren gudarosteari erronka egin diolako.

37. Gero, esan zuen:—Lehoi eta hartzen atzaparretatik atera izan nauen Jaunak aterako nau, oraingoan ere, filistear horren atzaparretatik.Saulek, orduan, Davidi:—Hoa, bada. Eta izan bedi Jauna hirekin!

38. Saulek bere jantziak ipini zizkion Davidi soinean; baita brontzezko buru-babesa eta bularrekoa ere.

39. Jantzien gainetik Davidek ezpata gerrian lotu zuenean, abiatu nahi izan zuen, baina alferrik, ez baitzegoen ohitua. Orduan, esan zion Sauli:—Honela ezin naiz ibili, ez nago ohitua.Eta erantzi egin zituen soinetik.

40. Hartu zuen eskuan bere makila, bost errekarri leun-leun aukeratu eta artzain-zorroko sakela batean gorde zituen. Hartu zuen habaila beste eskuan eta filistearraganantz hurbildu zen.

Davidek Goliat hil

41. Filistearra ere bazetorren eta Davidengana hurbiltzen ari zen, ezkutaria aurretik zuela.

42. Filistearrak, begiratu eta David ikusi zuenean, gutxietsi egin zuen, mutil koskor ilehori eta apaina baitzen.

43. Filistearrak esan zion Davidi:—Zakurra ote nauk ni, makila harturik niregana etortzeko?Madarikatu egin zuen Goliatek David bere jainko guztien izenean,

44. eta esan zion:—Etor hakit, bai. Zeruko hegaztiei eta lurreko piztiei emango zieat hire haragia.

45. Davidek ihardetsi zion filistearrari:—Ezpataz, lantzaz eta azkonaz armatua zatozkit. Ba, ni Jaun ahalguztidunaren izenean natorkizu, zuk desafiatu dituzun israeldar gudarosteen Jainkoaren izenean.

46. Nire esku jarriko zaitu Jaunak gaur bertan. Hilko zaitut eta burua moztuko. Zeruko hegaztiei eta lurreko piztiei emango dizkiet gaur bertan filistear gudarien gorpuak. Honela, lur osoak jakinen du baduela Israelek Jainkoa.

47. Eta hemen bilduak diren guztiek jakinen dute, Jaunak ez duela behar ezpatarik, ez lantzarik gu salbatzeko, Jaunak baitu gudua erabakitzen. Gure esku jarriko zaituzte berak.

48. Filistearra abiatu eta Davidengana hurbiltzen hasi zenean, David bizkor eta lasterka joan zen borroka-tokira, filistearrari aurre egitera.

49. Eskua zorroan sartuz harri bat atera, habailaz jaurti, eta bekokian jo zuen filistearra; harria bekokian sartu zitzaion eta ahuspez jausi zen lurrera.

50. Halaxe nagusitu zitzaion David filistearrari, habaila eta harri batez. Horrela jo eta hil zuen filistearra. Davidek, ez baitzuen ezpatarik eskuetan,

51. lasterka joan, filistearraren ezpata hartu, zorrotik atera eta lepoa moztu zion, filistearra bertan akabatuz.Filistearrak, beren gizon adoretsua hila zela ikustean, ihesi joan ziren.

52. Orduan, Israel eta Judako gizonak jaiki, irrintzia egin eta filistearren ondoren abiatu ziren haraneko sarreraraino eta Ekrongo ateetaraino. Filistear asko erori zen hilik Xaaraim bidean, Gat eta Ekroneraino.

53. Filistearrei erasotzetik itzultzean, beraien kanpalekuko guztia ostu zuten israeldarrek.

54. Davidek filistearraren burua hartu eta Jerusalemera eraman zuen; haren armak, berriz, bere etxolan utzi zituen.

David Sauli aurkeztu

55. Begira egon zen Saul, David Goliat filistearraren kontra joan zenean. Saulek galdetu zion Abnerri, gudarostearen buruzagiari:—Abner, noren semea da gaztetxo hori?Abnerrek erantzun zion:—Benetan diotsut, ene errege jauna; ez dakit.

56. Erregeak, berriro:—Galdegizu noren semea den mutiko hori.

57. Filistearra hil ondoren David itzuli zenean, hartu zuen Abnerrek eta, filistearraren burua eskuan zuelarik, Saulen aitzinera sarrarazi zuen.

58. Saulek galdetu zion Davidi:—Noren semea haiz, mutiko?Davidek erantzun:—Belengo zure zerbitzari Jeseren semea nauzu.