Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 1 Elizen Arteko Biblia (EAB)

SAMUELEN HISTORIA (1,1—7,17)

Ana Xiloko santutegian

1. Bazen Efraimgo mendialdean Elkana zeritzan Ramako gizaseme bat, Tzufen ondorengoetakoa. Jerohamen semea zen, eta hau Elihurena, eta hau Tohurena, eta hau Tzufena. Elkana efratar leinukoa zen.

2. Bi emazte zituen: Ana zeritzan batari, eta Penina besteari. Peninak bazuen seme-alabarik; Anak, berriz, ez.

3. Urtero igo ohi zen Elkana bere herritik Xilora, Jaun ahalguztidunari gurtza egin eta opariak eskaintzera. Santutegi hartan Hofni eta Pinhas Eliren bi semeak ziren Jaunaren apaiz.

4. Oparia eskaintzen zuen egunean, Elkanak bere emazte Peninari eta honen seme-alaba guztiei oparigaiaren zati bana eman ohi zien.

5. Anari, berriz, puska berezia eskuratzen zion, oso maitea baitzuen, nahiz eta Jaunak haurrik ematen ez zion.

6. Peninak, arerioak, gogorki iraindu eta nahigabetu ohi zuen Ana, Jaunak haurrik ematen ez ziolako.

7. Eta halaxe urte oroz: Jaunaren etxera igotzeko zen aldi bakoitzeko iraindu ohi zuen. Anak negarrari eman eta jan ere ez zuen egiten.

8. Hortan, honela mintzatu zitzaion Elkana bere senarra:—Ana, zergatik ari zara negarrez eta ez duzu jaten? Zergatik zaude goibel? Ez al naiz, bada, ni zuretzat hamar seme baino hobe?

9. Xilon otordu sakratua egin ondoren, jaiki zen Ana. Eli apaiza bere aulkian eseria zegoen, Jaunaren etxeko atari aurrean.

10. Ana oso nahigabetua zegoen, eta negar-malkotan otoitz egin zion Jaunari.

11. Promes hau egin zion: «Jaun ahalguztiduna, begira zeure mirabe honen atsekabeari. Oroit zaitez nitaz. Ez ahaztu zeure mirabe hau. Jauna, semea ematen badidazu, zeuri eskainiko dizut bizitza osorako. Labanak ez du haren ile-adatsa moztuko».

12. Luze ari izan zitzaion Ana otoitzean Jaunari. Elik, bitartean, ahora begiratzen zion.

13. Ana, ordea, berekiko mintzo zen; ezpainak erabiltzen zituen, bai, baina ez zitzaion ahotsa aditzen. Horregatik, mozkortzat hartu zuen Elik,

14. eta esan zion:—Noiz arte egon behar duzu mozkor? Bota ezazu barruko ardo hori!

15. Anak ihardetsi zion:—Ez, ene jauna. Erabat nahigabetua nauzu. Ez dut ardorik edan, ezta inolako edari mozkorgarririk ere. Neure barrua hustu dut Jaunaren aurrean.

16. Ez nazazu har emakume txartzat. Neure atsekabe handiaz, neure nahigabeaz, mintzatu natzaio Jaunari orain arte.

17. Orduan, esan zion Elik:—Zoaz bakean, eta eman diezazula Israelen Jainkoak eskatutakoa.

18. Anak, orduan:—Izan dezadala neurekin zure onginahia.Joan zen emakumea bere bidetik, eta jan zuen; haren begitarteak ez zirudien lehengoa.

Samuelen jaiotza eta haurtzaroa

19. Biharamunean goizean jaiki eta, Jaunaren aurrean ahuspeztu ondoren, Ramara itzuli ziren, beren etxera. Elkartu zitzaion Elkana bere emazte Anari, eta oroitu zen honetaz Jauna.

20. Haurdun gertatu zen Ana eta, garaia betetzean, semeaz erdi zen. Samuel eman zion izena, esanez: «Jaunarengandik dut hartua».

21. Elkana, bere etxekoekin, Jaunari urteroko oparia eskaintzera eta promesa betetzera igo zen hurrengo urtean ere;

22. Ana ez zen igo eta esan zion senarrari:—Ez naiz joango haurrari bularra kendu arte; orduan, eraman eta Jaunari aurkeztuko diot, eta han geldituko da betiko.

23. Elkanak, senarrak, erantzun zion:—Egizu egokien iruditzen zaizuna. Geldi zaitez haurrari titia kendu arte. Bete beza Jaunak bere hitza!Horrela bada, gelditu egin zen emakumea eta bere haurra hazi zuen, bularra kendu arte.

24. Bularra kendu ziolarik, berekin eraman zuen Anak haurra, txikia oraino, Xilora, Jaunaren etxera. Haurrarekin batera, hiru urteko zekorra, anega bat ogi-irin eta zahagi bat ardo eraman zituen.

25. Hil zuten zekorra opari eskaintzeko, eta haurra Eliri eraman zioten.

26. Honela ziotson Anak: «Barka, ene Jauna! Neu nauzu zure aurrean Jaunari otoizka ari izan zitzaion emakumea.

27. Haur hauxe eskatzen nion Jaunari eta eman dit eskatzen niona.

28. Horregatik, Jaunari uzten diot haurra, bizitza osorako Jaunari eskainia izanen da».Orduan, Jauna gurtu zuen bertan.