Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 5 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Kutxa filistearren esku

1. Filistearrek Jainkoaren kutxa hartu eta Eben-Ezertik Axdodera eraman zuten.

2. Dagon sasijainkoaren jauretxera sartu eta haren irudi ondoan ezarri zuten.

3. Biharamun goizean Axdodeko biztanleak jaiki zirenean, Dagonen irudia ahuspez eroria zetzan Jaunaren kutxa aurrean. Jaso zuten Dagon eta bere tokian ipini.

4. Hurrengo goizean, jaikitzean, Dagon aurpegiz aurrera lurrean eroria aurkitu zuten berriro, Jaunaren kutxaren aitzinean. Dagonen burua eta bi besoak hautsiak zeuden atarian; soin-enborra baino ez zuen osorik Dagonek.

5. Horregatik, Axdodekoek ez dute gaurdaino oinik jartzen Dagonen jauretxeko atarian, ez Dagonen apaizek, ezta han sartzen direnek ere.

6. Esku astunez jo zituen Jaunak Axdodeko biztanleak: zigortu eta erlakiztenak aterarazi zizkien Axdodekoei eta inguruetakoei.

7. Honelako izurritea ikusirik, Axdodeko jendeak esan zuen: «Ez dugu behar geure artean Israelen Jainkoaren kutxa, esku astunez jo baikaitu geu eta geure jainko Dagon».

8. Bilarazi zituzten berengana filistearren buruzagi guztiak eta esan zieten:—Zer egin ote dezakegu Israelen Jainkoaren kutxarekin?Haiek erantzun:—Israelen Jainkoaren kutxarekin? Eraman dezatela Gatera.Eraman zuten, beraz, Israelen Jainkoaren kutxa.

9. Eraman orduko, ordea, izugarrizko ikara sartu zien Jainkoak hiri hartakoei ere. Jo zituen gizonezkoak, txiki hala handi, eta erlakiztenak atera zizkien.

10. Orduan, Ekronera igorri zuten Jainkoaren kutxa. Heldu zenean, Ekrongo jendeak esan zuen oihuka: «Gu eta gure herria hil gaitzan ekarri digute Israelen Jainkoaren kutxa!»

11. Bilarazi zituzten, orduan, filistearren buruzagi guztiak eta esan zieten: «Bidal ezazue Israelen Jainkoaren kutxa. Itzul bedi bere tokira; bestela, hil egingo gaitu geu eta geure herria».Hiri osoa guztiz izutua zegoen, oso gogor jo baitzituen Jainkoak.

12. Hil ez zirenak erlakiztenez josiak zeuden. Zerurainokoa izan zen hiri hartako oihua.