Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 27 Elizen Arteko Biblia (EAB)

David filistearren artean gorde

1. Davidek honela zioen bere baitan: «Halakoren batean, Saulen eskuak galdu behar nau! Filistearren lurraldera ihes egin eta neure burua salbatzea izanen dut hoberena. Horrela, etsiko du Saulek eta ez da nire bila ibiliko Israel lurraldean, eta ni libre izango naiz haren eskuetatik».

2. Jaiki zen, beraz, David eta, berekin zituen seiehun gizonekin, Gateko errege Akixengana, Maoken semearengana, jo zuen.

3. Denak Gaten jarri ziren bizitzen, Akixen inguruan: Daviden gizonak nor bere familiarekin eta David bera bere bi emazteekin, Izreelgo Ahinoamekin eta Karmelgo Nabalen emazte izana zen Abigailekin.

4. Davidek Gatera ihes egin zuela jakinarazi zioten Sauli eta aurrerantzean ez zuen jarraitu haren bila.

5. Davidek esan zion Akixi: «Begiko banauzu, emadazu tokia zeure lurraldeko hirixkaren batean, bertan bizi nadin: ez da egoki ni, zure zerbitzari hau, zure ondoan errege-hirian egotea».

6. Egun hartan bertan, Akixek Tziklag hirixka eman zion; horregatik, Tziklag gaurdaino Judako erregeena da.

7. Urtea eta lau hilabetez bizi izan zen David filistearren lurraldean.

8. Davidek bere gizonekin erasoaldiak egin ohi zizkien gexurtarrei, gereztarrei eta amalektarrei; aspaldidanik Xur aldera eta Egipto lurralderaino bizi ziren herriei, alegia.

9. Davidek birrindu egiten zuen lurralde hura; ez zuen bizirik uzten, ez gizasemerik, ez emakumerik. Ardi, idi, asto, gamelu eta soinekoak ere ostu ohi zituen. Itzultzean, Akixengana joaten zen.

10. Akixek galdetzen zion:—Non eraso duzue gaur?Eta Davidek erantzuten:—Judako hegoaldean, edota jerahmeeldarren hegoaldean, edota kendarren hegoaldean.

11. Davidek ez zion inori bizia barkatzen, ez gizonei, ez emakumeei, Gatera inor ez eramatearren; beraren jokabidearen berri inork eman ez zezan. Horrela jokatu zuen Davidek filistearren artean bizi izan zen denboraldi guztian.

12. Akixek uste osoa zuen Davidengan eta honela zioen bere baitan: «Gorrotagarri egin da David bere herri Israelentzat. Neure menpe izanen dut betiko».