Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 25 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Samuelen heriotza

1. Garai hartan, hil zen Samuel eta Israel osoa bildu zen hiletak egiteko. Ramako bere etxean ehortzi zuten.David Paran basamortura jaitsi zen.

Nabalek Davidi lagundu nahi ez

2. Bazen Maonen bere ondasunak Karmelen zituen gizon bat. Gizon oso aberatsa zen, hiru mila ardi eta mila ahuntzen jabe. Ardi-moztera joana zen Karmelera.

3. Nabal deitzen zen gizon hura; Abigail zuen emaztea. Hau zentzuduna eta ederra zen; senarra, berriz, zakarra eta gaiztoa. Kaleben jatorrikoa zen.

4. Basamortuan zebilelarik, entzun zuen Davidek Nabal ardi-mozten ari zela

5. eta hamar mutil bidali zizkion, esanez: «Igo zaitezte Karmelera Nabalengana; egiozue nire izenean bake-agurra

6. eta esan: “Izan ongi! Bakea zurekin, bakea etxekoekin, bakea zurean diren guztiekin!

7. Ardi-mozten ari zarela entzun dut. Zure artzainak gurekin izan zirenean, ez genien inolako kalterik egin; Karmelen izan ziren bitarte guztian ez genien deus ere ukitu.

8. Galdegiezu zeure morroiei eta esango dizute. Orain, beraz, har itzazu ongi mutil hauek, egun egokian baitatoz. Eman, otoi, zeure zerbitzarioi eta David zeure adiskideari eskura duzuna”».

9. Daviden mutilek, heldu zirenean, hitz horiek esan zizkioten Nabali, Daviden izenean, eta zain gelditu ziren.

10. Nabalek, ordea, erantzun zien Daviden mutilei: «Nor da David hori? Nor da Jeseren seme hori? Gaur egun esklabo asko dabil bere jabearengandik ihesi.

11. Neure ogia, neure ura eta moztaileentzat hil ditudan abereen okela hartu eta nondik datorren ere ez dakidan jendeari eman behar al dizkiot?»

12. Itzuli ziren, beraz, Daviden mutilak beren bidetik eta, heldu zirenean, hori guztia adierazi zioten Davidi.

13. Honek, orduan, agindu zien bere mutilei: «Hartu nork bere ezpata gerrian!»Hartu zuen nork bere ezpata gerrian, eta Davidek ere bai berea. Laurehunen bat gizonek jarraitu zioten Davidi; beste berrehunak tresneria zaintzen gelditu ziren.

Abigail emazteak Davidi lagundu

14. Morroietarik batek adierazi zion Nabalen emazte Abigaili: «Hara, Davidek mandatariak igorri ditu basamortutik, gure nagusiari bake-agurra egitera. Honek, ordea, zakar erantzun die.

15. Gizon haiek oso ongi jokatu zuten gurekin, ez ziguten inolako kalterik egin, eta ez ziguten deus ere ukitu larreetan haiekin ibili ginen bitartean.

16. Babesle izan genituen, gau eta egun, beraien artean artzain ibili ginen bitarte guztian.

17. Pentsa ezazu eta ikusi zer egin behar zenukeen; bestela, erabakia baitago gure nagusiaren eta beronen etxe osoaren hondamendia. Maltzur-gaizto horrekin ezin baitu inork hitzik ere egin».

18. Abigailek, bizkor, hartu zituen berrehun ogi, bi zahagi ardo, bost ahari burruntzian erreak, bost arroa gari xigortu, ehun mahaspasa-mordo eta berrehun piku-opil eta astoen gainean ezarri zituen.

19. Gero, esan zien bere morroiei: «Zoazte nire aurretik; ni atzetik joango naiz».Bere senar Nabali ez zion ezer ere esan.

20. Asto baten gainean jarria, Abigail mendiko toki gordeetan behera zihoalarik, han non datorren beherantz David bere gizonekin emakumearen aldera. Bat-batean, aurrez aurre gertatu ziren.

21. Davidek hizketa hau zekarren: «Alferrik ari izan naiz basamortuan haren ondasun guztiak zaintzen, harenak batere ukitu gabe, on egina orain gaizki ordaintzeko!

22. Zigor dezala Jaunak gogor David, baldin eta horren etxekoen artean gizonezko bat ere bizirik uzten badut egunsentirako».

23. Abigail, David ikusi orduko, asto gainetik bizkor jaitsi eta makurtu egin zen Daviden aitzinean, lurreraino ahuspeztuz.

24. Oinetaraino makurtuz, esan zion: «Neurea, bai, neurea dut errua, jauna! Uztazu, otoi, mintzatzen eta entzun zeure mirabe honen hitzak.

25. Arren, ez egin kasurik, ene jauna, Nabal maltzur-gaizto horri. Ongi emana du bere izena: zital deritza, eta zital hutsa da, izan ere. Nik ez nituen ikusi zuk bidalitako mutilak.

26. Baina, Jauna badela eta zu hemen zaudela bezain egia da Jaunak berak galarazi dizula odola isurtzea eta mendekua zeure eskuz egitea. Gerta bekie Nabali gertatuko zaiona, zu hondatu nahian dabiltzan etsaiei ere.

27. Har itzazu, ene jauna, ekarri dizkizudan esku-erakutsiak eta eman zeure mutilei.

28. Barka, otoi, zeure mirabe honen errua. Ondorengotza sendoa emanen dizu Jaunak, Jaunaren gudua ari baitzara egiten, eta bizitza osoan ez da okerkeriarik aurkitu zuregan.

29. Inoiz, norbaitek, zu hil nahian, erasotzen badizu, Jaunak, zure Jainkoak, ongi gordeko du zure bizia bere eskuetan. Zure etsaien biziak, aldiz, jaurti egingo ditu, harria habailaz bezala.

30. Esandako on guztiak emango dizkizu Jaunak eta zu, ene jauna, Israelen buruzagi eginen zaitu.

31. Ez dezazula orduan, ez kezkatu, ez damutu beharrik izan, odol errugabea isuri eta mendekua zeure eskuz egina duzulako. Jaunak ondasunez bete zaitzanean, oroit zaitez zeure mirabe honetaz».

32. Davidek ihardetsi zion Abigaili:—Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa, zu gaur nire bidera bidali zaituelako!

33. Bedeinkatua zure zuhurtzia, bedeinkatua zeu ere, eragotzi egin baitidazu gaur odola isurtzea eta mendekua neure eskuz egitea.

34. Baina, ala Jauna, Israelen Jainkoa, zuri kalte egitea galarazi didana! Zu nire bidera bizkor etorri ez bazina, ez zen Nabalenean gizonezkorik bizirik geldituko egunsentirako.

35. Hartu zituen Davidek emakumeak ekarritakoak eta esan zion:—Igo bakean zeure etxera. Aditu dut zure ahotsa. Onartu dut zure eskaria.

Nabal hil eta Abigail Davidekin ezkondu

36. Abigail Nabalengana itzuli zen. Egundoko afaria egiten ari zen hau bere etxean, errege-otordua adinakoa. Alai-alai zegoen Nabal eta arrunt mozkortua. Abigailek ez zion hitzik esan biharamun goiza arte;

37. argi-nabarrean, ordea, mozkorra joan zitzaionean, gertaturikoa jakinarazi zion Nabali. Bihotzekoak eman zion orduan Nabali, eta harria bezain gogor gelditu zen.

38. Hamar egun ingururen buruan, heriotzaz jo zuen Jaunak Nabal eta hil egin zen.

39. Nabal hila zela aditu zuelarik, esan zuen Davidek: «Bedeinkatua Jauna! Nire alde jokatu baitu Nabalek egin zidan irainaren aurrean. Okerra egitea galarazi dit; Nabali, berriz, gainera bota dio Jaunak bere gaiztakeria».Ondoren, mandatariak igorri zizkion Davidek Abigaili, emaztetzat hartu nahi zuela adieraziz.

40. Heldu ziren, bada, Daviden mandatariak Karmelera Abigailengana eta honela mintzatu zitzaizkion:—Davidek bidali gaitu zuregana, emaztetzat hartu nahi zaituela eta.

41. Jaiki zen emakumea, lurreraino ahuspeztu eta esan zien:—Daviden mirabe nauzue, prest nago jaunaren morroiei oinak garbitzeko.

42. Abigail, berehala jaiki, asto gainean jarri eta bost neskatxa lagun hartuz, Daviden mandatarien ondoren joan eta Davidekin ezkondu zen.

43. David Izreelgo Ahinoamekin ezkondua zegoen ordurako; horrela, biak zituen emazte.

44. Izan ere, Saulek bere alaba Mikal, Daviden emazte izana, Galimgo Laixen seme Paltiri eman zion emazte.