Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Samuel 12 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Samuelen azken hitzaldia

1. Samuel honela mintzatu zitzaien israeldar guztiei:—Horra, aditu dizuet eskatu dizkidazuen gauza guztietan eta eman dizuet erregea;

2. aurrerantzean erregea izanen duzue gidari. Zahartu naiz ni eta zuritu zait burua; baina zeuen artean dituzue nire semeak. Gidari izan nauzue gazte nintzenetik gaurdaino.

3. Hemen nauzue. Esan Jaunaren eta beronen gantzutuaren aitzinean, nire aurka ezer baduzuen: zuetariko inori idia nahiz astoa kendu diodan, inori iruzurrik edota zapalketarik egin diodan, inori eskupekorik hartu ote diodan, beraren arazoari ez ikusiarena egiteko. Emanen diot ordaina.

4. Honela erantzun zion herriak:—Ez diguzu iruzurrik egin, ezta zapalketarik ere, ez duzu inoren eskutik deus hartu.

5. Samuelek, orduan:—Lekuko dut gaur Jauna zuen aurrean, eta lekuko dut beronen gantzutua ere, eskuak garbi ditudala.Haiek erantzun zioten:—Lekuko gaituzu, bai.

6. Eta Samuelek jarraitu zuen:—Lekuko dut, bada, Moises eta Aaron sorrarazi eta zuen arbasoak Egiptotik atera zituen Jauna.

7. Orain, ordea, entzudazue: badut zuen kontra esatekorik Jaunaren aurrean. Hona zein leial izan den Jauna zuekiko eta zuen arbasoekiko:

8. Jakob Egiptora joan eta zuen arbasoek Jaunari oihu egin ziotenean, Jaunak Moises eta Aaron igorri zizkien; hauek atera zituzten zuen arbasoak Egiptotik eta lurralde honetan kokarazi.

9. Zuen arbasoak ahaztu egin ziren, ordea, Jaunaz, beren Jainkoaz, eta Jaunak Hatzorko gudarostearen buruzagi zen Sisera-ren eskuetara eman zituen, baita filistearren eta Moabeko erregearen eskuetara ere, eta hauek gudukatu egin zituzten zuen arbasoak.

10. Orduan, oihu egin zioten Jaunari, esanez: «Bekatu egin dugu, baztertu egin dugu Jauna, Baalen eta Astarteren irudiak gurtzeko. Aska gaitzazu orain geure etsaien eskuetatik eta zerbitzatuko zaitugu».

11. Orduan, Jaunak Jerubaal, Bedan, Jefte eta Samuel bidali eta askatu egin zintuzten inguruan zenituzten etsaien eskuetatik, eta lasai bizi izan zarete.

12. Baina amondarren errege Nahax zuen aurka zetorrela ikusi orduko, «Utikan! Erregea nahi dugu agintari!» esan zenidaten, Jauna, zeuen Jainkoa, errege zenutelarik.

13. Hemen duzue, bada, zeuek hautatu eta eskatu duzuen erregea. Hara, Jaunak erregea eman dizue.

14. Jaunari begirune badiozue, bera zerbitzatzen baduzue eta beraren esana aditzen, Jaunaren hitza gutxiesten ez baduzue, Jaunak, zeuen Jainkoak, gidatuko zaituzte, bai zuek, bai zeuen agintari izango duzuen erregea.

15. Baina Jaunaren esana entzun ez eta haren hitza gutxiesten baduzue, bere eskua jasoko du Jaunak zuen aurka, zuen arbasoen aurka egin zuen bezala.

16. Zaudete, beraz, adi orain, Jaunak zuen aurrean eginen duen gauza harrigarri hau ikusteko.

17. Ez al gaude orain gari-uztaroan? Dei eginen diot Jaunari, eta berak trumoiak eta euria bidaliko dizkigu. Horrela ikusi eta jakingo duzue zein gaiztakeria handia egin duzuen Jaunaren aitzinean, zeuentzat erregea eskatuz.

18. Egin zion, bada, dei Samuelek Jaunari eta honek trumoiak eta euria bidali zituen egun hartan. Herri osoak Jaunari eta Samueli beldur ikaragarria hartu zien.

19. Honela ziotson jende guztiak Samueli:—Egiozu otoitz gure alde Jaunari, zeure Jainkoari, hil ez gaitezen. Izan ere, gure bekatu guztiez gainera, beste gaiztakeria bat egin dugu: geuretzat erregea eskatu.

20. Samuelek erantzun zion herriari:—Ez izan beldurrik. Egin duzue, bai, gaiztakeria handi hori. Hala ere, ez zaitezte urrun Jaunarengandik, baizik eta zerbitza ezazue Jauna bihotz-bihotzez.

21. Ez urrundu, deus ere ez diren idoloen atzetik joateko, ez baitzenituzkete ezertarako izango; horiek ez zaituztete salbatuko, hutsa baino ez baitira.

22. Ez du, ez, utziko Jaunak bere herria, oso handia baita bera, eta bere herri egin nahi izan baitzaituzte.

23. Niri dagokidanez, ez dezadala Jaunaren kontra bekaturik egin, zuen alde otoitz egiteari utziz. Bide on eta zuzena erakutsiko dizuet.

24. Izan, beraz, begirune Jaunari, zerbitzatu bera zintzo eta bihotz-bihotzez, ikusi baituzue nolako egintza harrigarriak egin dituen zuen alde.

25. Baina gaiztoaren gaiztoz oker jokatzen baduzue, galdu egingo zarete bai zuek, bai zuen erregea.