Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36
  37. 37
  38. 38
  39. 39
  40. 40

Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 7 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Orduan, Jaunak esan zion:—Hara, neure ordezko jartzen zaitut faraoiaren aurrean, eta zeure anaia Aaron izango duzu bozeramaile.

2. Nik agindutako guztia zeure anaia Aaroni esango diozu eta hark faraoiari hitz egingo dio, bere lurraldetik israeldarrei joaten utz diezaien.

3. Baina nik setatsu bihurtuko dut faraoia. Mirari eta egintza harrigarri ugari egingo ditut Egipton;

4. hala ere, faraoiak ez dizue jaramonik egingo. Orduan, gogor zigortuko dut Egipto eta aginpide handiz aterako lurralde hartatik ene herri Israel gudaroste baten gisan.

5. Orduan jakingo dute egiptoarrek ni naizela Jauna, Egipto zigortu eta bertatik israeldarrak aterako ditudanean.

6. Moisesek eta Aaronek Jaunak agindu bezala egin zuten zehatz-mehatz.

7. Moisesek laurogei urte zituen eta Aaronek laurogeita hiru faraoiari mintzatu zitzaizkionean.

JAINKOAK EGINTZA HARRIGARRIAK EGIN (7,8—11,10)

Faraoiak entzungor egin Moisesi eta Aaroni

8. Honela mintzatu zitzaien Jauna Moisesi eta Aaroni:

9. «Faraoiak mirariren bat egiteko eskatzen badizue, esaiozu Aaroni makila hartu eta faraoiaren aurrean lurrera jaurtitzeko, eta makila suge bihurtuko da».

10. Joan ziren Moises eta Aaron faraoiagana eta Jaunak agindua egin zuten: Aaronek lurrera jaurti zuen makila faraoiaren eta funtzionarioen aurrean, eta makila suge bihurtu zen.

11. Faraoiak, bere aldetik, Egiptoko jakitunak eta aztiak deiarazi zituen, eta hauek beren azti-baliabidez gauza bera egin zuten:

12. nork bere makila jaurti eta suge bihurtu zen. Baina Aaronen makilak irentsi egin zituen jakitun eta aztienak.

13. Hala ere, faraoiak bere teman jarraitu zuen eta entzungor egin zien, Jaunak esan bezala.

Lehen izurria: ura odol bihurtu

14. Gero, Jaunak esan zion Moisesi: «Burugogor jarri da faraoia eta ez dio herriari irteten utzi nahi.

15. Zoaz bihar goizean berarengana, Nilo ibaira doanean. Itxaroiozu ibaiertzean; eraman zeurekin suge bihurtu den makila.

16. Eta esaiozu: Jaunak, hebrearren Jainkoak, zuregana bidali nau bere herriari joaten uzteko esatera, basamortuan gurtza eman diezaioten. Zuk muzin egin duzu orain arte,

17. baina orain aitortu beharko duzu nor den benetan Jauna: eskuan dudan makilaz ibaiko urak jotzean, odol bihurtuko dira.

18. Hil egingo dira arrainak eta kirastua geldituko ibaia: ezin izango dute egiptoarrek Niloko urik edan».

19. Jaunak esan zion, gainera, Moisesi: «Esaiozu Aaroni makila hartu eta besoa luzatzeko Egiptoko ibai, erreka, zingira eta urtegi guztietara, urak odol bihur daitezen. Honela, Egiptoko bazter guztietan odola izango da, baita zurezko eta harrizko ontzietan ere».

20. Moisesek eta Aaronek Jaunak agindua egin zuten. Aaronek makila altxatu eta ibaiko ura jo zuen faraoiaren eta funtzionarioen begi aurrean, eta ura odol bihurtu zen.

21. Hil egin ziren arrainak eta kirastua gelditu zen ibaia; egiptoarrek ezin izan zuten bertako urik edan. Odola zegoen Egipto lurralde osoan!

22. Baina Egiptoko aztiek, beren aztikeriez baliaturik, gauza bera egin ahal izan zutenez gero, faraoiak bere teman jarraitu zuen eta ez zien Moisesi eta Aaroni jaramonik egin, Jaunak esan bezala.

23. Faraoia jauregira itzuli zen, arazoa aintzakotzat hartu gabe.

24. Egiptoar guztiek putzuak zulatu behar izan zituzten ibaiertzean, ibaiko uretik ezin baitzuten edan.

Bigarren izurria: igelak

25. Ibaiko ura jo zuenetik zazpi egunera, Jaunak

26. esan zion Moisesi: «Zoaz faraoiagana eta esan: Utziozu ene herriari ni gurtzera joaten.

27. Ezezkoan jarraitzen baduzu, zure herrialde osoa igel-izurriz joko dut.

28. Nilo ibaiak igelak emango ditu borborka, ibaitik atera eta zure jauregian, zure logelan eta ohe gainean sartuko dira, baita zure funtzionarioen eta herriaren etxe, labe eta oramahaietan ere.

29. Igelek jauzi egingo dizuete gainera zeuri, zure funtzionario eta herri guztiari».