Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36
  37. 37
  38. 38
  39. 39
  40. 40

Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 36 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. «Beraz, Betzalelek, Oholiabek eta santutegiko zerbitzurako behar den guztia egiteko jakituria eta trebezia Jaunak eman dizkien artisauek, Jaunak agindu bezala egingo dute guztia».

2. Deitu zituen, bada, Moisesek bai Betzalel eta Oholiab, bai Jaunak trebetasunez beteak zituen eta lanerako borondatea zuten guztiak,

3. eta eskura eman zizkien, santutegiko zerbitzuan behar zena egiteko israeldarrek ekarriak zituzten eskaintza guztiak. Eguna joan, eguna etorri, israeldarrek beren borondatezko eskaintzak ekartzen jarraitzen zutenez,

4. santutegiko lanetan ari ziren artisauak lanari utzi eta

5. Moisesengana joan ziren, esanez: «Jaunak agindutako lanetarako behar den baino gehiago ari da herria ekartzen».

6. Orduan, Moisesek agindu hau aldarrikatu zuen kanpalekuan: «Ez gizonek, ez emakumeek, ez dezatela gehiago santutegirako eskaintzarik ekar». Eta herriak utzi egin zion eskaintzak ekartzeari,

7. egin behar ziren lanetarako nahikoa eta gehiago baitzen ordu arte ekarria.

Egoitzaren eraikuntza

8. Lanean ziharduten artisauek egoitza egin zuten, liho-hari bihurrituz eta purpura more, gorri eta gorriminez eginiko hamar zapiz; zapietan izaki hegaldunak apain bordatu zituzten.

9. Zapi guztiak neurri berekoak ziren: hamalau metro luze eta bi metro zabal.

10. Zapiak elkarrekin josi zituzten bosnako bi sailetan,

11. eta purpura morezko lokarriak ipini zituzten bi zapi-sailen ertzetan:

12. berrogeita hamar lokarri ertz bakoitzean, alde batekoak bestekoei egokituz.

13. Urrezko berrogeita hamar katigailu ere egin zituzten, eta horiekin zapi-sail bat besteari lotu, egoitza osoak bat egiten zuelarik.

14. Ahuntz-ilezko beste hamaika zapi ere egin zituzten, egoitza estaliko zuen oihal-etxola eratzeko.

15. Zapi guztiak neurri berekoak ziren: hamabost metro luze eta bi metro zabal.

16. Zapiak elkarrekin josi zituzten, bost alde batetik eta sei bestetik.

17. Gero, berrogeita hamar lokarri ipini zituzten elkarrekin jositako sail bakoitzaren ertzean.

18. Brontzezko berrogeita hamar katigailu ere egin zituzten, oihal-etxola osoa lotu eta bat eginik geldi zedin.

19. Bi estaldura egin zituzten oihal-etxolarako: bata gorriz tindaturiko ahari-larruzkoa, eta honen gainetik bestea, larru finezkoa.

20. Akazia-zurezko oholak egin zituzten egoitzarako eta tente jarri:

21. ohol bakoitza bost metro luze zen eta hirurogeita hamabost zentimetro zabal;

22. bi mingain zituen bakoitzak ondokoarekin elkartzeko. Horrelakoak egin zituzten egoitzarako ohol guztiak.

23. Hauetatik hogei hegoaldera jarri zituzten,

24. azpian zilarrezko berrogei oin zituztela: ohol bakoitzak bi oin beste horrenbeste mingainentzat;

25. egoitzaren beste aldera, iparraldera, beste hogei ohol,

26. azpian zilarrezko berrogei oin zituztela, ohol bakoitzeko bi oin;

27. egoitzaren atzealdera, mendebaldera, sei ohol,

28. eta beste bi atzealdeko kantoietarako.

29. Ohol hauek behealdean bereiz jarri zituzten eta goialdean, lehenengo eraztunaren parean, ongi lotuak. Honela egin zituzten kantoietarako bi oholak ere.

30. Zortzi ohol hauek zilarrezko hamasei oin zituzten, ohol bakoitzeko bi oin.

31. Akazia-zurezko bost zehar-egur egin zituzten, egoitzaren alde bateko oholentzat,

32. bost beste aldeko oholentzat eta bost atzealdeko, hau da, mendebaldeko, oholentzat.

33. Erdiko zehar-egurrak alderik alde erditik zeharkatzen zituen oholak.

34. Oholak eta zehar-egurrak urreztatu egin zituzten eta urrezko eraztunak egin, hauetatik zehar-egurrak pasarazteko.

35. Errezela ere egin zuten, purpura more, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurrituz ehundua, eta bertan apain bordatu bi izaki hegaldun.

36. Errezelarentzat akazia-zurezko lau zutabe egin zituzten, urrez estaliak eta urrezko kakoz hornituak, eta, zilarra urtuz, lau oin egin zizkieten zutabeei.

37. Oihala egin zuten etxolaren sarrerarako, purpura more, gorri eta gorriminez eta liho-hari bihurrituz apain ehundua.

38. Oihalarentzat bost zutabe egin zituzten beren kakoekin; urreztatu egin zituzten zutabe-gainak eta ziriak, eta brontzezko bost oin egin zutabeentzat.