Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36
  37. 37
  38. 38
  39. 39
  40. 40

Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 10 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Zortzigarren izurria: larrapoteak

1. Jaunak esan zion Moisesi: «Zoaz faraoiagana. Bera eta bere funtzionarioak setatsu bihurtu ditut, neure mirariak haien artean erakusteko,

2. eta zuk kontatu ahal izango diezu zeure seme eta bilobei nola erabili ditudan egiptoarrak eta zer mirari egin ditudan haien artean. Honela jakingo duzue ni naizela Jauna».

3. Moisesek eta Aaronek faraoiagana joan eta esan zioten: «Hau dio Jaunak, hebrearren Jainkoak: Noiz arte jardun behar duzu niri amore eman nahi ezta? Utziozu ene herriari ni gurtzera joaten;

4. bestela, bihar larrapoteak erakarriko ditut zure lur-mugetara;

5. dena estaliko dute, lurra bera ezin ikusteraino. Kazkabarrak hondatzeke utziriko apurra ere jan egingo dute eta baita landetan ernetzen ari diren zuhaitzak ere.

6. Zure jauregia eta zure funtzionario eta egiptoar guztien etxeak beteko dituzte. Zure guraso eta aiton-amonen egunetatik gaurdaino ikusi ez den bezalakoa izango da».Eta hori esanda, Moisesek faraoiari bizkarra eman eta alde egin zuen.

7. Funtzionarioek esan zioten faraoiari: «Noiz arte jardun behar du gizon horrek guri zorigaitza sortzen? Utziezu beren Jainko Jauna gurtzera joaten. Ez al zara ohartzen, jauna, galzorian dagoela Egipto?»

8. Faraoiak Moises eta Aaron etorrarazi zituen eta esan zien:—Zoazte! Gurtu Jauna, zeuen Jainkoa. Baina joatekoak zein zareten esan behar didazue.

9. Moisesek erantzun zion:—Gure haur eta agureekin, gure ardi eta behiekin joan behar dugu, Jaunaren festa nagusia baita guretzat.

10. Faraoiak, orduan:—Bai, eta Jauna izan dezazuela lagun! Baina zuen haur eta guzti joaten utziko dizuedala uste al duzue? Ez horixe! Argi dago asmo txarretan zabiltzatela.

11. Joan zintezkete, bai, Jauna gurtzera, hala nahi izanez gero, baina gizon helduak beste inor ez.Eta jauregitik bota egin zituen.

12. Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Luzatu eskua Egiptoren gain, larrapoteak etor daitezen eta kazkabarrak jo gabe utzi zituen landareak eta gainerako guztia jan ditzaten».

13. Luzatu zuen Moisesek makila Egiptoren gain eta, Jaunak eraginik, ekialdeko haizeak jo zuen lurraldean egun osoan eta gau osoan. Biharamun goizerako, ekialdeko haizeak larrapoteak ekarriak zituen.

14. Hauek lurralde osoa bete zuten. Egun hartan bezainbateko larrapote-mordorik ez zen lehenago izan, ez eta geroan izango ere,

15. lurra ezin ikusteraino estali baitzuten. Kazkabarraren ondoren gelditu ziren landareak eta zuhaitzetako emaitzak irentsi zituzten. Ez zen berdegunerik gelditu Egipto osoan, ez belardietan, ez zuhaitzetan.

16. Faraoiak Moisesi eta Aaroni presaka deitu eta esan zien: «Zuen Jainko Jaunaren aurka eta zuen aurka egin dut bekatu;

17. barkatu oraingo honetan ere nire bekatua eta egiozue erregu zeuen Jainko Jaunari, heriotza-zigor hau alden diezadan».

18. Irten zen Moises faraoiaren aitzinetik eta otoitz egin zion Jaunari.

19. Orduan, Jaunaren eraginez, mendebaldeko haizeak jo zuen indartsu; honek larrapoteak aurrean eraman eta Itsaso Gorrira jaurti zituen. Ez zen larrapote bat bera ere Egipto osoan gelditu.

20. Baina Jaunak setatsu bihurtu zuen faraoia, israeldarrei joaten ez uzteko.

Bederatzigarren izurria: ilunpeak

21. Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Altxa ezazu eskua zerurantz eta ukitzeko moduko ilunpeak izango dira Egipton».

22. Altxatu zuen, bada, Moisesek eskua zerurantz eta Egipto osoa ilundu zen; hain zen itxia ilunpea,

23. ezen hiru egunez ezin izan baitzuten elkar ikusi, ezta nor bere tokitik mugitu ere. Israeldarrek, ordea, argia zuten beren bizilekuetan.

24. Orduan, faraoiak Moisesi dei egin eta esan zion:—Zoazte zeuen Jauna gurtzera. Haurrak ere eraman ditzakezue; abere-taldeak bakarrik utziko dituzue hemen.

25. Baina Moisesek erantzun zion:—Zeuk emango ote dizkiguzu geure Jainko Jaunari egin behar dizkiogun sakrifizio eta erre-oparitarako abereak?

26. Abereak ere geurekin eraman behar ditugu. Ez da buru bat ere hemen geldituko, horien artetik aukeratu behar baititugu geure Jainko Jaunari eskaintzeko. Izan ere, bertara iritsi arte ez dugu jakingo zer eskaini behar diogun Jaunari.

27. Baina Jaunak setatsu bihurtu zuen faraoia eta ez zien joaten utzi nahi izan.

28. Faraoiak, bada, esan zion Moisesi:—Alde nire begi-bistatik! Ez gero berriro ni ikustera etorri! Bestela, zureak egin du.

29. Moisesek erantzun zion:—Ez nauzu, ez, berriro ikusiko.