Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36
  37. 37
  38. 38
  39. 39
  40. 40

Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 21 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Esklaboei buruzko legeak

1. Jaunak esan zion Moisesi:«Lege hauek emango dizkiezu israeldarrei:

2. «Esklabo hebrearra erosten baduzue, sei urtez lan egingo du zuentzat, baina zazpigarrenean libre geldituko da, ezer ordaindu gabe.

3. Bakarrik etorri bazen, bakarrik joango da; emazterik bazuen, emazte eta guzti joango da;

4. nagusiak eman badio emaztea, eta honek seme-alabak sortu, emaztea eta seme-alabak nagusiarenak dira, eta esklaboa bakarrik joango da.

5. Baina esklaboak adierazten badu, nagusia, emaztea eta seme-alabak maite dituela, eta ez duela libre gelditu nahi,

6. nagusiak Jainkoaren aitzinera eramango du, atera edo ate-uztaira hurbilaraziko eta ziri batez belarria zulatuko dio. Eta esklabo izango du betiko.

7. «Norbaitek bere alaba esklabotzat saltzen badu, ez da libre geldituko beste esklaboen erara.

8. Nagusiak, bere asmoaren kontra, emaztetzat hartzen ez badu, atsegin ez duelako, ez du haren berrerospena galaraziko; dena den, ez du atzerritarrei saltzeko eskubiderik, iruzur egingo lioke eta.

9. Bere semeari emaztetzat ematen badio, alaba bati dagokionez hartuko du.

10. Beste emazteren bat hartzen badu, ezin izango dio lehenengoari kendu, ez janaririk, ez arroparik, ezta ezkontza-bizikidetzarik ere.

11. Ez badizkio ematen, emaztea libre geldi daiteke, ezer ordaindu gabe.

Heriotza-zigorra merezi duten hobenak

12. «Norbait jo eta hiltzen duenak heriotza-zigorra izango du.

13. Baina nahi gabe egin badu eta halabeharrez, neuk adieraziko diot zein lekutan babes daitekeen.

14. Aitzitik, lagun hurkoarekin haserre egon eta maltzurkeriaz hiltzen duena, nire aldare ondoan babesten bada ere, handik hartu eta heriotzara emango duzue.

15. «Aita nahiz ama jotzen duenak heriotza-zigorra izango du.

16. «Norbait bahitzen duenak, nahiz dagoeneko saldua izan, nahiz oraino berekin izan, heriotza-zigorra izango du.

17. «Aita nahiz ama madarikatzen duenak heriotza-zigorra izango du.

Zaurien ordaineko zigorra

18. «Gizon biren arteko haserrealdian, batak bestea harriz nahiz ukabilez jo eta oheratu beharrean uzten badu, baina hil gabe,

19. baldin zauritua gero jaiki eta makuluaren laguntzaz kalera irteten bada, errugabetzat emango dute erasotzailea; ez dago behartua sendaketaren eta geldi egonaren ordaina ematera besterik.

20. «Norbaitek bere esklaboa, gizasemea nahiz emakumea, makilaz jotzen badu eta bat-batean hiltzen, erruduntzat emango dute.

21. Baina egun bat edo bi bizirik irauten badu, ez dute kondenatuko, berea baitzuen esklaboa.

22. «Gizonezko bi haserre ari direla, emakume haurdun bat jo eta honek haurra galtzen badu, beste inolako okerrik gabe, errudunak haren senarrak ezarritako ordaina emango du, epaileen erabakiaren arabera.

23. Baina bestelako okerrik gertatzen bada, bizia eman beharko du biziaren ordain,

24. begia begiaren ordain, hortza hortzaren ordain, eskua eskuaren ordain, oina oinaren ordain,

25. erredura erreduraren ordain, zauria zauriaren ordain, kolpea kolpearen ordain.

26. «Norbaitek bere esklaboa, gizasemea nahiz emakumea, begian jotzen badu eta begia hondatzen, libre utziko du hondatutako begiaren ordain.

27. Hortz bat hausten badio, libre utziko du hortzaren ordain.

Jabeen erantzukizuna

28. «Idi batek gizaseme nahiz emakumeren bat adarkatzen badu eta hiltzen, harrika hilko dute eta haren okelarik ez dute jango; baina idiaren jabea errugabetzat emango dute.

29. Alabaina, idiak lehen ere adarkatzen bazuen eta, jabeak, jakinaren gainean egon arren, zaindu ez duelarik, idi horrek norbait, gizaseme nahiz emakume, hiltzen badu, harrika hilko dute, eta jabea ere heriotzara emango.

30. Heriotzatik askatzeko jaregite-saria ezartzen badiote, eskatutako guztia eman beharko du biziaren ordain.

31. Lege berak balio du adarkatua neskatxa nahiz mutikoa bada ere.

32. Adarkatua esklaboa bada, harrika hilko dute idia, eta esklaboaren jabeari zilarrezko hogeita hamar txanpon ordainduko dizkiote.

33. «Norbaitek putzua irekia utzi edota, egin ondoren, estali gabe uzten badu, eta idia zein astoa bertara erortzen bada,

34. dirutan ordainduko dio aberearen jabeari, baina hildako aberea beretzat har dezake.

35. «Norbaiten idiak beste batena adarkatzen badu eta hiltzen, idi bizia saldu egingo dute, jasotako dirua eta hildako idiaren okela erdibanatuz.

36. Baina idia adarkaria zela jakin eta jabeak zaindu ez badu, hildako idiaren jabeari idi bizia emango dio hildakoaren ordain, berak hildakoa hartuz.

Lapurretari eta kalteen ordainari buruzko legeak

37. «Norbaitek idia nahiz ardia ostu eta hil edo saltzen badu, bost idi eman beharko ditu idiaren ordain eta lau ardi ardiaren ordain.