Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36
  37. 37
  38. 38
  39. 39
  40. 40

Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 6 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Jaunak erantzun zion:—Orain ikusiko duzu faraoiari egingo diodana: indarrez beharturik, utziko dizue joaten; are gehiago, berak ateraraziko zaituzte lurralde honetatik.

Jainkoak israeldarrei askapena agindu

2. Honela mintzatu zitzaion Jainkoa Moisesi: «Neu naiz Jauna!

3. Jainko Ahaltsu bezala agertu nintzaien Abrahami, Isaaki eta Jakobi; baina ez nintzaien nire egiazko izenaz, Jauna bezala alegia, ezagutzera eman.

4. Ituna ere egin nuen haiekin, etorkin gisa bizi izan zireneko Kanaan lurraldea emango niela hitzemanez.

5. Entzun ditut egiptoarrek esklabo eginiko israeldarren intziriak eta oroitu naiz neure itunaz.

6. Horregatik, esan israeldarrei: Neu naiz Jauna! Neuk askatuko zaituztet Egiptoarrek ezarri dizueten lan astun eta esklabotzatik eta ahalmen handiz eta eskubide osoz berreskuratuko.

7. Neure herritzat hartuko zaituztet eta zeuen Jainko izango nauzue; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna, zuen Jainkoa, Egiptoko lan astunetatik aterako zaituztena.

8. Abrahami, Isaaki eta Jakobi zin eginez agindu nien lurraldera eramango zaituztet eta haren jabe egingo. Ala ni Jauna!»

9. Hala mintzatu zitzaien Moises israeldarrei, baina hauek ez zioten jaramonik egin, esklabotza astunarengatik etsita baitzeuden.

10. Orduan, Jaunak esan zion Moisesi:

11. —Zoaz Egiptoko errege faraoiagana eta esaiozu israeldarrei joaten uzteko.

12. Baina Moisesek erantzun zion:—Israeldarrek jaramonik egiten ez badidate, nola nahi duzu faraoiak egitea? Hain naiz traketsa hitz egiten!

13. Honela mintzatu zitzaien Jauna Moisesi eta Aaroni, israeldarrak Egiptotik ateratzeko mandatua emanez, eta aginduak eman zizkien israeldarrentzat eta Egiptoko errege faraoiarentzat.

Moisesen eta Aaronen arbasoak

14. Hona hemen israeldarren arbasoen familiaburuak:Israelen lehen-seme Rubenen semeak Henok, Palu, Hetzron eta Karmi izan ziren. Hauek dira Rubenen jatorriko familiak.

15. Simeonen semeak Jemuel, Jamin, Ohad, Jakin, Tzohar eta Saul —emakume kanaandarraren semea— izan ziren. Hauek dira Simeonen jatorriko familiak.

16. Hauek dira Lebiren semeak beren ondorengoekin: Gerxon, Kehat eta Merari. Lebi ehun eta hogeita hamazazpi urtez bizi izan zen.

17. Gerxonen semeak: Libni eta Ximei beren jatorriko familiekin.

18. Kehaten semeak: Amram, Itzhar, Hebron eta Uziel. Kehat ehun eta hogeita hamahiru urtez bizi izan zen.

19. Merariren semeak: Mahli eta Muxi.Hauek dira Lebiren ondorengoen jatorriko familiak.

20. Amram bere izeba Jokebedekin ezkondu zen. Honek Aaron eta Moises eman zizkion. Amram ehun eta hogeita hamazazpi urtez bizi izan zen.

21. Itzharren semeak: Kore, Nefeg eta Zikri.

22. Uzielen semeak: Mixael, Eltzafan eta Sitri.

23. Aaron Aminadaben alaba eta Nahxonen arreba zen Elisabetekin ezkondu zen. Honek Nadab, Abihu, Eleazar eta Itamar eman zizkion.

24. Koreren semeak: Asir, Elkana eta Abiasaf. Hauek dira koretar jatorriko familiak.

25. Aaronen seme Eleazar Putielen alabetariko batekin ezkondu zen. Honek Pinhas sortu zion. Hauek guztiak lebitar familiaburuak dira beren jatorriko familiekin.

26. Aaroni eta Moisesi, hain zuzen, agindu zien Jaunak Egipto lurraldetik israeldarrak ateratzeko, gudaroste gisa lerrotan jarririk.

27. Moises eta Aaron hauek dira Egiptoko errege faraoiari mintzatu zitzaizkionak, israeldarrei lurralde hartatik irteten uzteko esanez.

Jainkoak agintzaria berritu Moisesi

28. Jaunak, Moisesi mintzatu zitzaionean,

29. esan zion:—Neu naiz Jauna! Esaiozu Egiptoko errege faraoiari nik adieraziko dizudan guztia.

30. Baina Moisesek erantzun zion:—Nola egingo dit, bada, faraoiak jaramon, hitz egiten hain traketsa naizelarik?