Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36
  37. 37
  38. 38
  39. 39
  40. 40

Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 37 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Itun-kutxa

1. Betzalelek akazia-zurezko kutxa egin zuen: metro bat eta hogeita bost zentimetro luze, hirurogeita hamabost zentimetro zabal eta beste hainbeste gora.

2. Urre garbiz urreztatu zituen barne eta kanpoaldeak, eta urrezko hegala ezarri zion inguru guztian.

3. Urrezko lau eraztun urtu zituen kutxaren lau oinentzat, bi eraztun albo baterako eta bi besterako.

4. Akazia-zurezko hagak egin zituen eta urreztatu,

5. eta kutxaren bi alboetako eraztunetatik sarrarazi, kutxa eraman ahal izateko.

6. Urre garbizko estalkia egin zuen: metro bat eta hogeita bost zentimetro luze eta hirurogeita hamabost zentimetro zabal;

7. estalkiaren bi ertzetan bi izaki hegaldun egin zituen, urrez landuak,

8. bata ertz batean eta bestea bestean, estalkiarekin gorputz bat bera egiten zutelarik.

9. Hegoak zabalik zeuzkaten estalkiaren gainetik, berau babesteko; elkarren buruz buru zeuden, estalkiari begira.

Ogien mahaia

10. Akazia-zurezko mahaia egin zuen: metro bat luze, metro erdi bat zabal eta hirurogeita hamabost zentimetro gora.

11. Urre garbiz urreztatu zuen eta urrezko hegala ezarri inguru guztian.

12. Zortzi zentimetro zabaleko uztai batez hornitu zuen, eta urrezko ertza egin uztaiari.

13. Urrezko lau eraztun egin zizkion eta lau oinen ertzei erantsi,

14. uztaiari atxikiz; haietatik hagak sarrarazi zituen mahaia eramateko eran.

15. Mahaia eramateko hagak akazia-zurez egin zituen eta urreztatu.

16. Mahaiko tresnak ere egin zituen: isur-oparietarako azpil, erretilu, katilu eta pitxerrak; urre garbiz egin zituen.

Argimutila

17. Urre garbizko argimutila egin zuen, mailuz landua: haren oin, gerri, kopa, kukulu eta lore-hostoek gorputz bat bera egiten zuten;

18. bi alboetatik sei beso ateratzen zitzaizkion, hiruna beso albo bakoitzetik.

19. Argimutilaren gerritik ateratzen ziren sei besoetariko bakoitzak almendra-lore gisako hiru kopa zituen, beren kukulu, lore-hosto eta guzti;

20. gerriak ere almendra-lore gisako lau kopa zituen, beren kukulu, lore-hosto eta guzti.

21. Argimutilaren gerritik ateratzen ziren hiru beso-bikoteetariko bakoitzak bere kopa zuen behealdean.

22. Beso eta kopek gorputz bat bera egiten zuten argimutilarekin. Guztia urre garbiz landua zen.

23. Zazpi kriseilu egin zituen urre garbiz; su-hatzak eta errautsontziak ere urre garbizkoak ziren.

24. Hogeita hamabost kilo urre garbi erabili zituen argimutila eta hornigaiak egiteko.

Intsentsu-aldarea

25. Akazia-zurezko intsentsu-aldarea egin zuen, karratua: metro erdi bat luze-zabal eta metro bat gora. Aldare-ertzeko adarrek gorputz bat bera egiten zuten aldarearekin.

26. Urre garbiz estali zituen gainaldea, lau alboak eta adarrak, eta urrezko hegala ezarri inguruan.

27. Hegalaren azpitik urrezko eraztunak jarri zizkion, bi alde batetik eta bi bestetik, haietatik hagak sartuz, aldarea eraman ahal izateko.

28. Hagak akazia-zurez egin zituen eta urrez estali.

29. Sagarapenetarako gantzuketa-olioa eta intsentsu usaintsu garbia ere prestatu zituen, lurringileek egin ohi duten eran.