Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36
  37. 37
  38. 38
  39. 39
  40. 40

Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 40 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Egoitzaren sagarapena

1. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

2. «Lehen hilaren lehen egunean eraikiko duzu egoitza, elkarketa-etxola.

3. Ezarri bertan itun-kutxa eta estali errezelaz.

4. Eraman mahaia eta atondu; eraman argimutila ere eta piztu kriseiluak.

5. Ezarri urrezko intsentsu-aldarea itun-kutxaren aurrean, eta egoitza-sarrerako oihala.

6. Jarri, gero, erre-oparien aldarea elkarketa-etxolako egoitzaren sarreran.

7. Jarri uraska elkarketa-etxolaren eta aldarearen artean, eta bete urez.

8. Inguruan ataria eraikiko duzu eta oihala ezarriko sarreran.

9. «Hartu gantzuketa-olioa eta isuri egoitzaren eta bertan dagoen guztiaren gainera. Honela sagaratuko duzu bere tresna guztiekin, eta toki sakratua izango da.

10. Isuri olioa erre-oparien aldarearen eta bertako tresna guztien gainera. Honela sagaratuko duzu, eta guztiz sakratua izango da aldarea.

11. Isuri olioa uraskaren eta beronen oinaren gainera eta sagaratu.

12. «Hurbilarazi Aaron eta beronen semeak elkarketa-etxolaren sarrerara eta garbi daitezela urez.

13. Arropa sakratuz jantziko duzu Aaron eta, gainera olioa isuriz, nire apaiz-zerbitzurako sagaratuko.

14. Ondoren, hurbilarazi haren semeak, jantzi tunikak,

15. eta isuri gainera olioa, Aaronen gainera bezala, nire apaiz izan daitezen. Gantzudura honen bidez, betiko izango dira apaiz belaunez belaun».

Moisesek egoitzaren oihal-etxola eraiki

16. Moisesek zehatz-mehatz egin zuen Jaunak agindu guztia.

17. Hala, Egiptotik irten eta bigarren urtean, lehen hilaren lehen egunean, eraiki zuten egoitza.

18. Moisesek egoitza eraiki zuen: haren oinak, oholak eta zehar-egurrak ezarri zituen eta zutabeak jaso.

19. Oihal-etxola egoitzaren gainetik zabaldu zuen, eta estaldura jarri oihal-etxolaren gainaldetik, Jaunak agindu bezala.

20. Itun-agiria hartu eta kutxa barruan ipini zuen; hagak ipini zizkion kutxari eta estalkia ezarri gainean.

21. Ondoren, egoitzara eraman zuen kutxa eta errezela ezarri itun-kutxa estaltzeko, Jaunak agindu bezala.

22. Gero, mahaia jarri zuen elkarketa-etxolaren barnean, egoitzaren iparraldetik, errezelaz kanpo.

23. Mahai gainean Jaunari eskainiriko ogia jarri zuen, Jaunak agindu bezala.

24. Argimutila ere elkarketa-etxolaren barruan ezarri zuen, mahaiaren aurrez aurre, egoitzaren hegoaldera.

25. Eta kriseiluak piztu zituen Jaunaren aurrean, beronek Moisesi agindu bezala.

26. Urrezko aldarea ere elkarketa-etxolaren barruan jarri zuen, errezelaren aurrean,

27. eta intsentsu usaintsua erre zuen bertan, Jaunak agindu bezala.

28. Gero, Moisesek oihala ipini zuen egoitzaren sarreran.

29. Elkarketa-etxolaren sarreran erre-oparien aldarea ezarri zuen, eta erre-opariak eta labore-opariak egin zituen bertan, Jaunak agindu bezala.

30. Elkarketa-etxolaren eta aldarearen artean ezarri zuen uraska eta urez bete, garbikuntzetarako.

31. Bertan garbitzen zituzten esku-oinak Moisesek, Aaronek eta honen semeek.

32. Hala egiten zuten elkarketa-etxolan sartzen eta aldarera hurbiltzen ziren bakoitzean, Jaunak Moisesi agindu bezala.

33. Azkenik, ataria eraiki zuen Moisesek egoitza eta aldare inguruan, eta atari-sarreran oihala jarri.Honela burutu zituen Moisesek lan guztiak.

Jauna egoitzaz jabetu

34. Orduan, lainoak elkarketa-etxola estali zuen eta Jaunaren aintzak egoitza bete zuen.

35. Moises ez zitekeen elkarketa-etxolan sar, haren gainean kokaturik baitzegoen lainoa eta Jaunaren aintzak betetzen baitzuen egoitza.

36. Egoitzaren gainetik lainoa altxatzen zenean abiatzen ziren israeldarrak, bidaialdi bakoitzean;

37. baina lainoa altxatzen ez bazen, ez ziren abiatzen, altxatu arte.

38. Israeldarren ibilaldi guztian, Jaunaren lainoa egoitzaren gainean egon zen egunez, eta sua gauez, Israel herri osoak ikusteko moduan.