Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36
  37. 37
  38. 38
  39. 39
  40. 40

Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 16 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Jaunak israeldarrak janariz hornitu basamortuan

1. Israeldarren elkarte osoa Elimdik irten eta Elim eta Sinai artean dagoen Sin basamortura heldu zen. Bigarren hilaren hamabosta zen Egiptotik irtenez gero.

2. Han, basamortuan, elkarte osoa marmarrean hasi zen Moises eta Aaronen aurka,

3. esanez: «Hobe genukeen Jaunak Egipton hilarazi bagintu, haragi-eltze inguruan eseri eta ase arte jaten genuenean! Zuek, ordea, gu denok goseak hiltzera ekarri gaituzue basamortu honetara».

4. Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Janaria eroraraziko dizuet euri gisa zerutik. Herria egunean egunekoa biltzera aterako da. Probatu egin nahi dut, ea nire esanera dabilen ala ez.

5. Seigarren egunean, bildutakoa prestatzean, beste egunetakoa halako bi izango da».

6. Honela mintzatu zitzaizkien Moises eta Aaron israeldarrei: «Gaur arratsaldean jakingo duzue Jaunak atera zaituztela Egiptotik,

7. eta bihar goizean ikusiko haren ahalmena. Aditu du beraren aurka egin duzuen marmarra. Aaronek eta nik ez dugu zerikusirik, gure aurka marmar egiteko».

8. Gainera, esan zien Moisesek: «Gaur arratsaldean Jaunak okela emango dizue jateko, eta bihar goizean asetzeko adina ogi, aditu baitizkizue bere aurkako marmarrak. Izan ere, guk ez dugu zerikusirik. Gure aurka ez, baina Jaunaren aurka jardun duzue marmarrean».

9. Ondoren, Moisesek esan zion Aaroni: «Esaiozu israeldarren elkarte osoari Jaunaren aurrera hurbiltzeko, aditu baitu haien marmarra».

10. Aaron mintzatzen ari zitzaiela, denek basamorturantz begiratu zuten, eta hara non ikusten duten Jauna, aintzaz beterik, hodei batean agertzen.

11. Jaunak esan zion Moisesi:

12. «Aditu dut israeldarren marmarra. Esaiezu: Ilunabarrean okela jango duzue, eta bihar goizean ogiz aseko zarete. Honela jakingo duzue ni naizela Jauna, zuen Jainkoa».

13. Arratsaldean, galeperrak heldu ziren eta kanpaleku osoa estali zuten; biharamun goizean, ihintz-geruza azaldu zen kanpaleku inguruan.

14. Ihintza desagertu zenean, antzigarraren itxurako zerbait, xehea eta garautsua, gelditu zen lur gainean.

15. Hura ikustean, israeldarrek honela ziotsoten elkarri: «Zer da hau?» Ez baitzekiten zer zen.Moisesek esan zien: «Jaunak janaritzat ematen dizuen ogia da.

16. Hara zer agindu didan Jaunak: Bakoitzak bil dezala jateko behar adina, lau litro bakoitzeko, nork bere etxolan dituen lagunen arabera».

17. Hala egin zuten israeldarrek, batak asko eta besteak gutxi bilduz.

18. Neurria hartzerakoan, ordea, ez zuen sobera asko bildu zuenak, ez eta eskas gutxi bildu zuenak ere. Bakoitzak jateko behar adina zuen.

19. Gero, Moisesek esan zien: «Ez dezala inork biharamunerako ezer gorde».

20. Hala ere, zenbaitek ez zion Moisesi jaramonik egin eta hurrengo egunerako gorde zuen; baina harrak jo eta usteldu egin zitzaien. Haserretu egin zen Moises haien aurka.

21. Goizero biltzen zuen bakoitzak jateko behar zuena, eguzkiak berotzean desagertu egiten baitzen.

22. Seigarren egunean bi halako bildu ohi zuten, bederatzi bat litro lagun bakoitzeko; orduan, elkarte-arduradunak horren berri ematera joan zitzaizkion Moisesi.

23. Honek erantzun zien: «Hori da Jaunak esana: Bihar larunbata da, Jaunari sagaraturiko atseden-eguna. Erre gaur erre beharrekoa eta egosi egosi beharrekoa, eta gorde biharko gelditzen zaizuena».

24. Moisesek agindu bezala, biharamunerako gorde zuten gelditu zitzaiena eta ez zitzaien usteldu, ezta harrik sortu ere.

25. Orduan, Moisesek esan zien: «Jan ezazue gaur, Jaunari sagaraturiko atseden-eguna da eta; gaur ez duzue kanpoan ezer aurkituko.

26. Sei egunez bilduko duzue; zazpigarren eguna atseden-eguna da eta ez da ezer izango».

27. Herritar zenbait, ordea, zazpigarren egunean ere biltzera atera zen, baina ez zuen ezer aurkitu.

28. Orduan, Jaunak esan zion Moisesi: «Noiz arte ibili behar duzue nire agindu eta legeak bete nahi ezta?

29. Begira: neuk, Jaun honek, eman dizuet larunbata, atseden hartzeko; horregatik, seigarren egunean bi egunerako janaria ematen dizuet. Beraz, zazpigarren egunean zaudete nor bere tokian, kanpora atera gabe».

30. Herriak, bada, atseden hartu zuen zazpigarren egunean.

31. Israeldarrek biltzen zutenari «Mana» eman zioten izena. Zuria zen, txarrangil-haziaren itxurakoa eta ezti-opilaren gustukoa.

32. Moisesek esan zien: «Hau agindu du Jaunak: Lau litroko neurria manaz bete eta gorde ondorengo belaunaldientzat, Egiptotik atera zaituztedanean basamortuan eman dizuedan janaria ikus dezaten».

33. Eta Aaroni esan zion: «Hartu ontzi bat, bete lau litro manaz eta ezarri Jaunaren aurrean, ondorengo belaunaldientzat gordez».

34. Jaunak Moisesi agindu bezala, Aaronek itun-agiriaren aurrean gorde zuen gerorako.

35. Berrogei urtez jan zuten mana israeldarrek, jendedun lurraldeetara, Kanaango lur-mugetara, iritsi arte alegia.

36. (Omer —mana neurtzeko erabilitako neurria— efa baten hamarrena zen).