Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36

Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 35 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Lebitarren hiriakLebitarren hiriak: Ik. Lb 25,32 oh.

1. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi Moabeko lautadan, Jordan ondoan, Jeriko parean:

2. «Agindu israeldarrei jabetzan hartuko duten ondaretik lebitarrei zenbait hiri emateko, inguruko lurrekin batera, haietan bizi daitezen.

3. Hiriak berak bizitzeko izango dituzte, eta herri-lurrak azienda eta abereentzat.

4. Lebitarrei eman beharreko herri-lurrak harresietatik kilometro bateko erradioan hedatuko dira,

5. hau da, mila metro neurtuko dituzte ekialde zein mendebaldera, hegoalde zein iparraldera, hiria erdian geldituko delarik. Horiek izango dira herri-lurrak.

6. Lebitarrei emango dizkiete sei babes-hiriak, hau da, hiltzailearen ihesleku izateko ezarriko dituztenak; horiez gain beste berrogeita bi hiri emango dizkiete;

7. berrogeita zortzi hiri, beraz, guztira, bakoitza bere herri-lurrekin.

8. Israeldarren ondaretik lebitarrei hiriak ematerakoan, leinu bakoitzak egokitu zaion ondare-zatiaren arabera emango dizkie: ondare handiagoa jaso duenak hiri gehiago, txikiagoa jaso duenak gutxiago».

Nahi gabe hil dutenentzat babes-hiriak

9. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

10. «Esan israeldarrei: Jordan igaro eta Kanaan lurraldean sartzean,

11. babes-hiriak aukeratuko dituzue. Nahi gabe norbait hiltzen duenak han aurkituko du iheslekua.

12. Hiri horiek izango dituzue babesleku, hildakoa mendekatzeko eskubidea duenaren eskuetatik ihes egin ahal izateko; horrela, hiltzailea ez da hilko, elkartearen aurrean auzitara agertu baino lehen.

13. «Sei babes-hiri aukeratuko dituzue,

14. hiru Jordanez ekialdera eta beste hiru Kanaan lurraldean.

15. Sei hiriok babes-hiri izango dituzte, bai israeldarrek, bai etorkin nahiz israeldarren artean ostatuz dauden bidaiariek: nahi gabe hiltzen duen edonork, haietan aurkituko du iheslekua.

16. «Burdinazko tresnaz norbait jo eta hiltzen duena, hilketa-errudun da: heriotzara emango dute.

17. Hiltzeko moduko harria jaurtiz norbait jo eta hiltzen duena, hilketa-errudun da: heriotzara emango dute.

18. Hiltzeko moduko zurezko tresna jaurtiz norbait jo eta hiltzen duena, hilketa-errudun da: heriotzara emango dute.

19. Hildakoa mendekatzeko eskubidea duenak, hiltzailea aurkitu bezain laster emango du heriotzara.

20. «Gorrotoz bultza eginez edo asmo txarrez zerbait jaurtiz

21. edota amorraturik ukabilez joz, norbait hiltzen duena, heriotzara emango dute: hiltzaile da. Hildakoa mendekatzeko eskubidea duenak, hiltzailea aurkitu bezain laster emango du heriotzara.

22. «Baina gerta daiteke ustekabean eta amorrurik gabe bultza egin nahiz asmo txarrik gabe zerbait jaurti izatea;

23. edota norbaitek hiltzeko moduko harria bota eta ikusi ez duen beste norbaiten gainera eroriz hil izatea, nahiz eta elkarren etsai ez izan eta kalte egiteko asmorik ez eduki.

24. Halako kasuetan, inguruabar horiek kontuan harturik, elkarteak erabakiko du hiltzailearen eta mendeku-eskubidea duenaren arteko auzia.

25. Elkarteak libratu egingo du hiltzailea mendekariaren eskuetatik, eta ihesleku izan duen babes-hirira itzularaziko berriro; hantxe biziko da, olio sakratuz gantzuturiko apaiz nagusia hil arte.

26. Baina ihesleku duen babes-hiriaren mugetatik irteten bada,

27. eta mendeku-eskubidea duenak, babes-hiriaren mugetatik kanpo aurkitu eta hiltzen badu, ez du hilketarik egiten.

28. Hiltzailea, beraz, babes-hirian biziko da, apaiz nagusia hil arte. Gero, itzul daiteke bere jabetzara.

29. «Hori guztia lege izango duzue belaunez belaun, biziko zareten edonon.

30. «Hilketarik denean, zenbait lekukoren aitorpenaz bakarrik eman ahal izango da hiltzailea heriotzara. Lekuko bakarra ez da aski inori heriotza-zigorra emateko.

31. Heriotza-zigorra merezi duen hiltzailearen bizia ezin izango da ordaindu diruaren truke; heriotzara emango dute.

32. Ez diozue dirurik onartuko babes-hiriren batean babestu denari ere, apaiz nagusia hil baino lehen bere lur-ondarera itzultzeko baimenaren truke.

33. «Ez profanatu zaudeten lurraldea. Hilketak profanatu egiten du lurraldea, eta isuritako odoletik lurraldea garbi gelditzeko bide bakarra hiltzailearen odola da, heriotza-zigorra alegia.

34. «Ez kutsatu bizi zareteneko lurraldea, neu ere bertan bizi bainaiz; izan ere, ni, Jauna, israeldarren artean bizi naiz».