1. Jaunak esan zien Moisesi eta Aaron apaizaren seme Eleazarri:
2. «Egin israeldarren elkarte osoaren izen-bilketa, senitarteka, Israelgo gudarostea osatzeko gai diren hogei urtez gorako gizonezkoak erroldatuz».
3. Hala, Moisesek eta Eleazar apaizak israeldarren izen-bilketa egin zuten Moabeko lautadan, Jordan ondoan, Jeriko parean,
4. hogei urtez gorako gizonezkoak erroldatuz, Jaunak Moisesi agindu bezala.Hauek dira Egiptotik irtendako israeldarrak:
5. Israelen lehen-seme Rubenen leinua, Rubenen semeengandik sorturiko senitarteek osatzen zuten: Henokengandik henoktarrak, Palurengandik palutarrak,
6. Hetzronengandik hetzrondarrak eta Karmirengandik karmitarrak.
7. Horiek ziren rubendar senitarteak: 43.730 gizonezko guztira.
8. Paluren seme zen Eliab,
9. Nemuel, Datan eta Abiramen aita. Datan eta Abiram hauek Moises eta Aaronen aurka altxatutako elkarte-ordezkariak ziren; Koreren taldearekin bat egin zuten, hau Jaunaren aurka altxatu zenean.
10. Lurrak, zabaldurik, irentsi egin zituen Korerekin batera, honen taldea hil eta suak berrehun eta berrogeita hamar gizon suntsitu zituenean; herriaren eskarmenturako izan zen hori.
11. Koreren semeak, ordea, ez ziren hil.
12. Simeonen leinuko senitarteak: Nemuelengandik nemueldarrak, Jaminengandik jamindarrak, Jakinengandik jakindarrak,
13. Zerahengandik zerahtarrak eta Saulengandik sauldarrak.
14. Horiek ziren simeondar senitarteak: 22.200 gizonezko guztira.
15. Gaden leinuko senitarteak: Tzefonengandik tzefondarrak, Hagirengandik hagitarrak, Xunirengandik xunitarrak,
16. Oznirengandik oznitarrak, Erirengandik eritarrak,
17. Arodengandik arodtarrak eta Arelirengandik arelitarrak.
18. Horiek ziren Gaden leinuko senitarteak: 40.500 gizonezko guztira.
19-21. Judaren leinuko senitarteak: Xelarengandik xelatarrak, Peretzengandik pereztarrak eta Zerahengandik zerahtarrak. Peretzengandik sorturiko senitarteak: Hetzronengandik hetzrondarrak eta Hamulengandik hamuldarrak. Judaren bi seme, Er eta Onan, Kanaanen hil ziren.
22. Horiek ziren Judaren leinuko senitarteak: 76.500 gizonezko guztira.
23. Isakarren leinuko senitarteak: Tolarengandik tolatarrak, Pubarengandik pubatarrak,
24. Jaxubengandik jaxubtarrak eta Ximronengandik ximrondarrak.
25. Horiek ziren Isakarren leinuko senitarteak: 64.300 gizonezko guztira.
26. Zabulonen leinuko senitarteak: Seredengandik seredtarrak, Elonengandik elondarrak eta Jahleelengandik jahleeldarrak.
27. Horiek ziren zabulondar senitarteak: 60.500 gizonezko guztira.
28. Joseren semeak Manases eta Efraim izan ziren.
29. Manasesen leinuko senitarteak: Makirrengandik makirtarrak, eta Makirren seme zen Galaadengandik galaadtarrak.
30. Galaaden leinuko senitarteak: Jezerrengandik jezertarrak, Helekengandik helektarrak,
31. Asrielengandik asrieldarrak, Sikemengandik sikemdarrak,
32. Xemidarengandik xemidatarrak eta Heferrengandik hefertarrak.
33. Heferren seme Tzelofhadek ez zuen semerik izan, alabak baizik; alaben izenak Mahla, Noa, Hogla, Milka eta Tirtza ziren.
34. Horiek ziren Manasesen senitarteak: 52.700 gizonezko guztira.
35. Efraimen leinuko senitarteak: Xutelahengandik xutelahtarrak, Bekerrengandik bekertarrak, Tahanengandik tahandarrak,
36. eta Xutelahen seme Eranengandik erandarrak.
37. Horiek ziren Efraimen leinuko senitarteak: 32.500 gizonezko guztira.Horiek ziren Joseren ondorengoak, senitarteka erroldaturik.
38. Benjaminen leinuko senitarteak: Belarengandik belatarrak, Axbelengandik axbeldarrak, Ahiramengandik ahiramdarrak,
39. Xufamengandik xufamdarrak, Hufamengandik hufamdarrak,
40. eta Belaren seme ziren Ard eta Naamanengandik ardtarrak eta naamandarrak.
41. Horiek ziren Benjaminen ondorengoak, senitarteka erroldaturik: 45.600 gizonezko guztira.
42. Danen leinuak senitarte bakarra zuen, Xuhamengandik sortutako xuhamdarrena.
43. Xuhamdar senitarteak 64.400 gizonezko zituen guztira.
44. Axerren leinuko senitarteak: Jimnarengandik jimnatarrak, Ixbirengandik ixbitarrak eta Beriarengandik beriatarrak.
45. Beriaren ondorengoen senitarteak: Heberrengandik hebrearrak eta Malkielengandik malkieldarrak.
46. Axerrek alaba bat izan zuen, Serah izenekoa.
47. Horiek izan ziren Axerren ondorengoak senitarteka: 53.400 gizonezko guztira.
48. Neftaliren leinuko senitarteak: Jahtzeelengandik jahtzeeldarrak, Gunirengandik gunitarrak,
49. Jezerrengandik jezertarrak eta Xilemengandik xilemdarrak.
50. Horiek ziren Neftaliren ondorengoak, senitarteka erroldaturik: 45.400 gizonezko guztira.
51. Izen-bilketan erroldaturiko israeldarrak 601.730 izan ziren guztira.
52. Jaunak esan zion Moisesi:
53. «Senitarte hauen artean banatuko duzu lurraldea, talde bakoitzaren lagun-kopurua kontuan harturik:
54. senitartea ugaria bada, ondare-zatia ere handiagoa emango zaio; urria bada, txikiagoa; bakoitzari izen-bilketan eman duen kopuruaren arabera.
55. Lurraldearen banaketa zozketaz bakarrik egingo da, leinu bakoitzeko senitarteen ondare-zatia lagun-kopuruaren araberakoa izango bada ere.
56. Zozketak erabakiko du bakoitzaren zatia, ugaria nahiz urria izan senitartea».
57. Lebiren leinuaren izen-bilketa senitarteka: Gerxonengandik gerxondarrak, Kehatengandik kehatarrak eta Merarirengandik meraritarrak.
58. Hauek ziren Lebirengandiko senitarteak: libnitarrak, hebrondarrak, mahlitarrak, muxitarrak eta koretarrak. Kehatek Amram sortu zuen.
59. Amram Lebiren alaba batekin, Lebik Egipton izan zuenarekin, ezkondu zen; Jokebed zuen izena. Honek hiru seme-alaba sortu zizkion Amrami: Aaron, Moises eta hauen arreba Miriam.
60. Aaronengandik Nadab, Abihu, Eleazar eta Itamar sortu ziren.
61. Baina Nadab eta Abihu hil egin ziren, Jaunaren aurrean honek agindu gabeko intsentsu-eskaintza egin zutelako.
62. Lebitarrak 23.000 ziren guztira, hilabetez gorako gizonezkoak erroldan sartuz. Lebitarrak ez zituzten gainerako israeldarrekin batera erroldatu, ez baitzegokien ondare-zatirik beste israeldarrei bezala.
63. Hori izan zen Moisesek eta Eleazar apaizak Moabeko lautadan, Jordan ondoan, Jeriko parean, eginiko israeldarren izen-bilketaren emaitza.
64. Hauen artean ez zen gelditzen Moisesek eta Aaron apaizak Sinai basamortuan erroldaturiko israeldarrik.
65. Izan ere, Jaunak esana zien basamortuan hilko zirela; beraz, ez zen haietariko inor gelditzen, Jefuneren seme Kaleb eta Nunen seme Josue izan ezik.