Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36

Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 1 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

ISRAELDARRAK SINAI BASAMORTUAN (1,1—10,10)

Israel herriaren lehenengo izen-bilketa

1. Israeldarrak Sinai basamortuan zeudelarik, Jauna mintzatu zitzaion Moisesi elkarketa-etxolan. Egiptotik irten eta hurrengo urtea zen, bigarren hilaren lehen eguna. Hau esan zion:

2. «Egin israeldar elkarte osoaren izen-bilketa senitarteka eta familiaka, gizonezko guztiak banan-banan erroldatuz.

3. Israelgo gudarostea osatzeko gai diren hogei urtetik gorako gizonezko guztiak erroldatuko dituzu, gudari-taldeka banatuz. Zu eta Aaron arduratuko zarete izen-bilketaz,

4. leinu bakoitzetik familiaburu bat lagun duzuelarik.

5. Hona hemen lagunduko dizueten familiaburuak: Rubenen leinutik, Xedeurren seme Elitzur;

6. Simeonen leinutik, Tzurixadairen seme Xelumiel;

7. Judaren leinutik, Aminadaben seme Nahxon;

8. Isakarren leinutik, Tzuarren seme Netanel;

9. Zabulonen leinutik, Helonen seme Eliab;

10. Joseren semeen leinuetatik: Efraimenetik, Amihuden seme Elixama, eta Manasesenetik, Pedahtzurren seme Gameliel;

11. Benjaminen leinutik, Gideoniren seme Abidan;

12. Danen leinutik, Amixadairen seme Ahiezer;

13. Axerren leinutik, Okranen seme Pagiel;

14. Gaden leinutik, Deuelen seme Eliasaf;

15. Neftaliren leinutik, Enanen seme Ahira».

16. Horiek izan ziren israeldar elkarteko ordezkaritzat aukeraturiko leinuburuak, horiek israeldar gudari-taldeen buruzagiak.

17. Izendaturiko gizon hauek lagun, Moisesek eta Aaronek

18. herri osoa batzartu zuten bigarren hilaren lehen egunean eta israeldarren izen-bilketa egin zuten senitarteka eta familiaka, hogei urtetik gorako gizonezkoak banan-banan erroldatuz.

19. Izen-bilketa egin zuen Moisesek Sinai basamortuan, Jaunak agindu bezala.

20-43. Israelgo leinu guztien izen-bilketa senitarteka eta familiaka egin zen, gudurako gai ziren hogei urtetik gorako gizonezkoak banan-banan erroldatuz. Hona leinu bakoitzak eman zuen emaitza:Jakoben, Israel ere deituaren, lehen-seme Rubenen leinuak 46.500; Simeonen leinuak 59.300; Gaden leinuak 45.650; Judaren leinuak 74.600; Isakarren leinuak 54.400; Zabulonen leinuak 57.400; Joseren semeen leinuek: Efraimenak 40.500, eta Manasesenak 32.200; Benjaminen leinuak 35.400; Danen leinuak 62.700; Axerren leinuak 41.500; Neftaliren leinuak 53.400.

44. Hori izan zen Moisesek, Aaronek eta Israelgo hamabi ordezkariek —leinu bakoitzetik ordezkari bana— egin zuten izen-bilketaren emaitza.

45. Israelgo gudarostea osatzeko gai ziren hogei urtetik gorako israeldarren izen-bilketak

46. emaitza orokor hau eman zuen: 603.550 lagun.

Lebitarren status berezia

47. Lebiren ondorengoak ez zituzten beste leinuetakoekin batera erroldatu,

48. hau esan baitzion Jaunak Moisesi:

49. «Israeldarren izen-bilketa egitean, ez duzu erroldatuko Lebiren leinua.

50. Lebitarren esku jarriko dituzu itunaren egoitza, bertako tresneria eta gainerako hornigaiak. Haiek eramango dituzte egoitza eta bertako tresnak batetik bestera, eta egoitzako zerbitzuaz arduratuko dira. Egoitzaren inguruan etxolatuko dira.

51. Abiatzerakoan, lebitarrek bilduko dute etxola; gelditzean, beraiek eraikiko berriro. Lebitar ez den norbait egoitzara hurbiltzen bada, heriotzara emango dute.

52. Gainerako israeldarrak gudari-taldeka etxolatuko dira, nor bere kanpalekuan.

53. Lebitarrak, berriz, itunaren egoitzaren inguruan etxolatuko dira; honela libratuko dute israeldarren elkartea Jaunaren haserretik. Itunaren egoitzako zerbitzuaz arduratuko dira».

54. Jaunak Moisesi agindu guztia egin zuten israeldarrek.