Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36

Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 4 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Lebitarren egitekoak

Kehatarren taldea

1. Jaunak esan zien Moisesi eta Aaroni:

2. «Egizue Kehaten ondorengo lebitarren izen-bilketa, senitarteka eta familiaka.

3. Erroldatu hogeita hamar urtetik berrogeita hamar artekoak, elkarketa-etxolako zerbitzua bete dezaten.

4. «Kehaten ondorengoen egitekoa elkarketa-etxolan gauza sakratuenez arduratzea da.

5. Abiatzeko orduan kanpamendua jasotzean, Aaronek eta beronen semeek etxola bitan banatzen duen errezela kendu eta hartaz itun-kutxa estaliko dute.

6. Larru finezko estalduraz bilduko dute eta gainean purpura morezko beste oihal bat zabalduko, eta hagak ezarriko dizkiote kutxari.

7. Purpura morezko oihala zabalduko dute eskainiriko ogien mahai gainean ere, eta bertan isur-oparietarako azpilak, erretiluak, katiluak eta pitxerrak ipiniko dituzte; eskainiriko ogia etengabe egongo da mahai gainean.

8. Horren guztiaren gainean purpura gorriminezko oihala zabaldu eta larru finezko estalduraz bilduko dute, eta hagak ezarriko dizkiote mahaiari.

9. Gero, purpura morezko oihala hartu eta argimutila, kriseiluak, su-hatzak, errautsontziak eta olioarekin erabiltzen diren ontzi guztiak estaliko dituzte.

10. Larru finezko estalduraz bilduko dute argimutila tresna guztiekin batera eta anda gainean ezarriko.

11. «Urrezko aldare gainean ere purpura morezko oihala zabalduko dute, larru finezko estalduraz bildu eta hagak ezarriko dizkiote;

12. gero, santutegiko liturgi zerbitzurako erabiltzen diren tresnak hartu eta purpura morezko oihalean ipiniko dituzte, larru finezko estalduraz bildu eta anda gainean ezarriko.

13. Aldareko errautsak garbitu eta purpura gorrizko oihala zabalduko dute gainean.

14. Aldare gainean liturgi zerbitzurako erabiltzen diren tresna guztiak ezarriko dituzte: errautsontziak, sardexkak, palak eta isipu-ontziak. Guztia larru finezko estalduraz bilduko dute, eta hagak ezarriko dizkiote aldareari.

15. «Abiatzeko orduan kanpamendua jasotzean, Aaronek eta beronen semeek santutegiko tresna guztiak bilduko dituzte, eta gero Kehaten ondorengoak etorriko dira horiek guztiak eramateko. Ez dezatela ezer sakraturik uki, hil ez daitezen. Horiek dira Kehaten ondorengoek eraman behar dituzten elkarketa-etxolako gauzak.

16. «Eleazar, Aaron apaizaren semea, honetaz arduratuko da: kriseiluetako olioaz, intsentsu usaintsuaz, eguneroko labore-opariez eta gantzuketa-olioaz. Egoitzaz eta bertan dagoen guztiaz ere —gauza sakratuez zein tresneriaz— bera arduratuko da».

17. Jaunak esan zien Moisesi eta Aaroni:

18. «Ez gero utzi lebitarren artean desagertzen Kehaten senitarteak!

19. Gauza guztiz sakratuetara hurbiltzean bizia galtzeko arriskua dutenez gero, egizue honela, hil ez daitezen: Aaron eta beronen semeak bertan egongo dira bakoitzari zein den bere egitekoa eta zer eraman behar duen esateko.

20. Ez dezatela gauza sakraturik ikus, ezta begirada bizkor batez ere, hil nahi ez badute».

Gerxondarren taldea

21. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

22. «Egizu Gerxonen ondorengoen izen-bilketa ere, senitarteka eta familiaka.

23. Erroldatu hogeita hamar urtetik berrogeita hamar artekoak, elkarketa-etxolako zerbitzua bete dezaten.

24. Hau izango da gerxondarren egitekoa eta eraman behar dutena:

25. egoitzako zapiak, elkarketa-etxola, honen gaineko larru finezko estaldura, elkarketa-etxolaren sarrerako oihala,

26. atariko oihalak, egoitza eta aldarea inguratzen dituen atariaren sarrerako oihala, sokak eta gainerako osagaiak; hori guztia da gerxondarren egitekoa.

27. Aaron eta beronen semeen agindura beteko dute gerxondarrek beren egitekoa, bai beren zerbitzuari, bai eraman behar dituzten gauzei dagokienez.

28. Gerxondarren senitarteek elkarketa-etxolan bete behar duten zerbitzua Aaron apaizaren seme Itamarren gidaritzapean beteko dute.

Meraritarren taldea

29. «Egizu Merariren ondorengoen izen-bilketa ere, senitarteka eta familiaka.

30. Erroldatu hogeita hamar urtetik berrogeita hamar artekoak, elkarketa-etxolako zerbitzua bete dezaten.

31. Elkarketa-etxolan izango duten egitekoa eta eraman behar dutena hauxe izango da: egoitzako oholak, zehar-egurrak, zutabeak, oinak,

32. egoitza inguruko atariko zutabeak beren oinekin, hesolak, sokak eta gainerako osagaiak.

33. Meraritarren senitarteek elkarketa-etxolan bete behar duten zerbitzua Aaron apaizaren seme Itamarren gidaritzapean beteko dute».

Jardunean ari ziren lebitarren izen-bilketa

34-49. Moisesek, Aaronek eta elkarte-arduradunek Kehat, Gerxon eta Merariren ondorengo lebitar guztien izen-bilketa egin zuten, senitarteka eta familiaka. Hogeita hamar urtetik berrogeita hamar artekoak erroldatu zituzten, elkarketa-etxolako zerbitzua bete zezaten. Moisesek eta Aaronek Jaunaren agindura egindako izen-bilketak emaitza hau eman zuen: Kehaten ondorengoak 2.750; Gerxonen ondorengoak 2.630; Merariren ondorengoak 3.200.Beraz, izen-bilketan erroldaturiko lebitar guztiak 8.580 ziren. Bakoitzari zer egin eta zer eraman behar zuen adierazi zitzaion, Jaunak Moisesi aginduaren arabera.