Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36

Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 27 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Emakumeen oinorde-eskubidea

1. Mahla, Noa, Hogla, Milka eta Tirtza Tzelofhaden alabak ziren —Tzelofhad Joseren seme Manasesen leinukoa zen, Heferren semea; hau Galaadena eta hau Manasesen seme Makirrena—. Bost emakumeek aurkeztu

2. eta Moisesen, Eleazar apaizaren, arduradunen eta elkarte osoaren aurrean, elkarketa-etxolaren sarreran, esan zuten:

3. «Gure aita basamortuan hil zen; ez zen Koreren taldeko partaide izan, ezta elkartu ere haiekin Jaunaren aurka; bere bekatuagatik soilik hil zen. Ez zuen semerik utzi.

4. Desagertu egin behar al du horregatik gure aitaren izenak beraren senitartetik? Emaguzu, beraz, guri lur-jabetza gure aitaren anaiei bezala».

5. Moisesek Jaunari aurkeztu zion arazoa,

6. eta Jaunak erantzun:

7. «Arrazoia dute Tzelofhaden alabek; lur-ondarea emango diezu jabetzan, beraien aitaren anaiei bezala: aitaren ondarea emango diezu.

8. Eta esan israeldarrei: Gizon bat semerik gabe hiltzen bada, haren ondarea alabaren eskuetara pasatuko da.

9. Alabarik ere ez badu, beraren anaiei emango zaie ondarea.

10. Anaiarik ere ez badu, beraren aitaren anaiei emango zaie.

11. Eta osabarik ere ez badu, gainerako ahaideetatik hurbilenekoari emango zaio ondarea eta bera izango da jabe. Lege izango dute hau israeldarrek, nik, Jaunak, Moisesi agindutakoaren arabera».

Josue Moisesen ondorengo izendatu

12. Jaunak esan zion Moisesi: «Igo Abarim mendiaren gailur horretara eta israeldarrei emango diedan lurraldea ikusi ahal izango duzu bertatik.

13. Ondoren, hil eta zeure arbasoekin elkartuko zara, Aaron zure anaia elkartu zen bezala.

14. Eta hori, Tzin basamortuan israeldar elkarteak aurpegi eman zidanean, nire agindua zalantzan jarri zenutelako: ez zenidaten utzi neure santutasuna israeldarren aurrean agertzen, ura sorraraziz» (Tzin basamortuan, Kadexen dagoen Meribako iturrian gertatua aipatzen da hemen).

15. Moisesek esan zion Jaunari:

16. —Jauna, gizaki orori bizi-arnasa ematen diozun Jainkoa, izendatu elkartearen buru izango den norbait,

17. guduetan eta gainerako gorabeheretan gidatuko duena, Jaunaren elkartea artzainik gabeko artalde izan ez dadin.

18. Jaunak erantzun zion Moisesi:—Hartu Josue, Nunen semea: nire espirituaz jantziriko gizona da. Eskuak gainean ezarriko dizkiozu,

19. Eleazar apaizari eta elkarte osoari aurkeztu eta kargua emango diozu guztien aurrean.

20. Zeure aginpidearen partaide egingo duzu, israeldar elkarte osoa esaneko izan dezan.

21. Halere, Eleazar apaizaren aurrean aurkeztu beharko du Josuek, apaizak «Urim» tresnen bidez niri, Jaun honi, kontsulta egiteko. Eta nire esanera bakarrik egingo dituzte guduak, bai berak, bai israeldarren elkarte osoak.

22. Jaunak agindu bezala egin zuen Moisesek. Josue hartu eta Eleazar apaizari eta elkarte osoari aurkeztu zien.

23. Eleazarrek eskuak gainean ezarri eta kargua eman zion, Jaunak Moisesen bidez agindu bezala.