Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16

Itun Zaharra

Itun Berria

Judit 1 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Gerratea Asiriaren eta Mediaren artean

1. Hamabi urte ziren Nabukodonosor Ninive hiri handian asiriarren errege zela. Aldi berean, Arfaksad zen mediarren errege Ekbatanan.

2. Honek harlanduzko harresia eraiki zuen Ekbatanaren inguruan; harri bakoitza metro eta erdi zen zabal eta hiru metro luze; harresia, berriz, hogeita hamabost metro zen gora eta hogeita bost zabal.

3. Harresiko ateen gainean dorreak eraiki zituen; berrogeita hamar metro ziren gora, eta oinarriak hogeita hamar zabal.

4. Ateak hogeita hamabost metro ziren gora eta hogei metro zabal; horrela, atera zitekeen gudarostea, oinezkoak ongi lerrokatuak zirela.

5. Aldi hartan, Nabukodonosor erregeak gerra egin zion Arfaksad erregeari Ragau lurraldeko lautada handian.

6. Arfaksadi mendialdeko eta Eufrates, Tigris eta Hidaspe ibaiertzetako bizilagunak bildu zitzaizkion, baita elamdarren errege Arioken lautadakoak ere. Eta beste herrialde askotako jendea ere bildu zen kaldearren aurka borrokatzera.

7. Orduan, Nabukodonosorrek, Asiriako erregeak, mezulariak bidali zituen alde guztietara: ekialdera Pertsiako jendearengana, eta mendebaldera Zilizia, Damasko, Libano eta Libano aurreko jendearengana, Mediterraneo itsasbazterrean bizi zen jendearengana;

8. baita Karmelen, Galaaden, Galilea Garaian, Esdrelon lautada handian,

9. Samarian eta bertako hirietan bizi zirenengana ere. Eta Jordan ibaiaz mendebaldetik Jerusalem, Batanea, Kelus, Kades eta Egiptoko ibairaino, Tafnes, Ramses eta Gesen lurralde osoraino;

10. baita Tanis eta Menfis hirietaraino eta Egipton bizi ziren guztiengana ere, Etiopiako mugetaraino.

11. Lurralde horietakoek guztiek, ordea, gutxietsi egin zuten Nabukodonosorren, Asiriako erregearen, deia eta ez zitzaizkion gerrarako elkartu, ez baitzioten beldurrik, gudalagunik gabeko gizona zelako. Eta esku-hutsik eta aurpegia lotsaz beterik itzularazi zituzten Nabukodonosorren mezulariak.

12. Nabukodonosor biziki haserretu zen lurralde haien guztien kontra eta, bere errege-aulki eta erreinuagatik, zin egin zuen mendekatuko zela Zilizia osoaz, Damasko eta Siriaz, eta ezpataz sarraskituko zituela Moab, Amon, Judea eta Egiptoko bizilagun guztiak, itsasotik itsasoraino.

13. Bere erregealdiko hamazazpigarren urtean, bere gudarostea hartu eta Arfaksad erregearen kontra gudukatu zen Nabukodonosor, eta menderatu egin zuen Arfaksaden gudaroste osoa, baita zalditeria eta gurditeria ere.

14. Gero, Mediako hirien jabe egin eta Ekbatanara heldurik, hango dorreez jabetu eta plazak hondatu zituen, hain ederra zen hiria lotsagarri bihurtuz.

15. Ragauko mendietan harrapatu zuen Arfaksad eta geziz josi. Horrela galdu zen errege hura betiko.

16. Gero, Ninivera itzuli zen bere gudaroste ugariarekin eta bertan gelditu zen ehun eta hogei egunez atsedena hartzen eta jan-edanean bere gudarostearekin.