Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16

Itun Zaharra

Itun Berria

Judit 11 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Judit Holofernesen oihal-etxolan

1. Holofernesek esan zion Juditi: «Izan adore, emakume; ez izan beldurrik, nik ez baitiot kalterik egiten mundu osoko errege den Nabukodonosor zerbitzatu nahi duenari.

2. Lurralde menditsu horretan bizi diren zure herritarrek arbuiatu izan ez banindute, ez niekeen nik erasoko. Baina berek nahi izan dute hori.

3. Esadazu zergatik egin duzun ihes haien artetik eta guregana etorri. Egia esan, horrexek salbatu zaitu. Izan uste on! Zure bizia ez dago arriskuan, ez gaur gauean, ezta gerora ere.

4. Inork ere ez dizu kalterik egingo; alderantziz, ongi hartuko zaitugu, Nabukodonosor erregearen, ene jaunaren, zerbitzariei dagokien bezala».

5. Juditek erantzun zion: «Entzun zure mirabe honek zure aurrean esango dituen hitzak. Gau honetan ez diot ene jaunari inolako gezurrik esango.

6. Zeure mirabe honen aholkuei kasu egiten badiezu, beteko du Jainkoak zuretzat duen asmoa eta ene jaunak ez du huts egingo bere egintzetan.

7. Gora Nabukodonosor, mundu guztiko erregea, eta gora beraren agintea! Berak bidali zaitu bizidun guztiak zentzarazteko. Zuri esker zerbitzatzen dute gizon-emakumeek eta, hori ez ezik, basapiztiak, abereak eta zeruko txoriak ere, zure indarrari esker, Nabukodonosorren eta beronen errege-etxearen menpean biziko dira.

8. Aditu izan dugu zure jakituriaz eta iaiotasunaz mintzatzen, eta toki guztietan esan ohi da hoberena zarela erreinu osoan, jakintza handikoa eta guduetan miresgarria.

9. Guk ere entzun dugu Akiorrek zure kontseiluaren aurrean esandakoa; izan ere, Betuliakoek jaso egin zuten eta zure aurrean esandakoa adierazi zigun berak.

10. Ene jaun eta jabea, ez gutxietsi haren hitzak; izan itzazu gogoan, egia zioen eta. Ezin baitu gure herria inork zigortu, ezta ezpataz menderatu ere, baldin eta berek Jainkoaren kontra bekaturik egiten ez badute.

11. Baina, oraingo honetan ez diote nire jaunari atzera eragingo eta esku-hutsik geldiaraziko; gainera etorriko zaie heriotza, zeren, gaiztakeria egiten duten bakoitzean, Jainkoa haserrarazten baitute; eta, hain zuzen ere, bekatuak menpean hartuak ditu orain:

12. janaririk gabe gelditzean eta ur guztia ahitzean, beren abereak jaten hasteko asmoa dute, baita Jainkoaren legeak debekatuak dituen janariak ere.

13. Jerusalemen gure Jainkoaren tenpluan zerbitzatzen duten apaizentzat arretaz gorde dituzten gari-hasikinak eta ardo eta olioaren hamarrenak ere jatea erabaki dute, nahiz eta herriko inork ez duen eskubiderik gauza horiek eskuz ukitzeko ere.

14. Jerusalemgo jendeak hori egin duenez, Betuliakoek mandatariak bidali dituzte hara, hango arduradunen biltzarrak baimena eman diezaien gauza bera egiteko.

15. Eta, baimena harturik, hori egingo duten egunean zure eskura emango ditu Jainkoak, suntsi ditzazun.

16. Horregatik nik, zure mirabe honek, hori guztia jakitean, ihes egin dut haien artetik. Zurekin egintza handiak egitera bidali nau Jainkoak eta, egintza horien berri aditzean, txunditua geldituko da mundu osoa.

17. Zure mirabe hau jainkozalea da. Gau eta egun zerbitzatzen dut zeruko Jainkoa. Orain, ene jauna, zurekin geldituko naiz; baina gauez sakanera joango naiz eta Betuliakoek bekatua noiz egin duten adieraz diezadala eskatuko diot Jainkoari.

18. Orduan, etorriko naiz zuri esatera eta zuk zeure gudaroste osoarekin eraso egingo diezu. Inork ere ez dizu aurre egingo.

19. Ondoren, Judean barrena, Jerusalemeraino gidatuko zaitut eta beraren erdian ezarriko dizut errege-aulkia. Artzainik gabeko ardiak bailiran gidatuko dituzu jerusalemdarrak eta zakur batek ere ez dizu zaunka egingo. Hau guztia aurretiaz ikusi eta jakinarazi dit Jainkoak, eta zuri adieraztera bidali nau».

20. Atseginez hartu zituzten hitz hauek Holofernesek eta beronen ofizial guztiek eta, Juditen jakinduriaz harriturik, zioten:

21. «Lurraren bazter batetik besteraino ez da honek bezain aurpegi ederra duen emakumerik, ezta honelako hitz zuhurrik esango duenik ere».

22. Holofernesek esan zion Juditi: «Ongi egin du Jainkoak zuri herritarren artetik ihes eraginez, nik indarra har dezadan eta nire jauna gutxietsi dutenek, aldiz, hondamena.

23. Ederra zara benetan, eta zuhurra zeure hitzetan. Esan duzuna egiten baduzu, zure Jainkoa izanen dut nik ere Jainko, eta zu Nabukodonosor erregearen jauregian biziko zara eta ospetsu izango mundu osoan».