Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16

Itun Zaharra

Itun Berria

Judit 6 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Holofernesen hitzaldia

1. Biltzarraren inguruan zegoen jendearen iskanbila baretzean, Holofernesek, asiriarren gudalburuak, Mediterraneo kostaldeko gudarien eta moabdar guztien aurrean, esan zion Akiorri:

2. «Nor zara zu, Akior, eta zein zuek, efraimdarren saripeko gudariok, guri gaur honelako profezia egin eta israeldar horiei ez erasotzeko esateko, beren Jainkoak babestuko dituela eta? Ba al da Nabukodonosor beste jainkorik? Berak bidaliko du bere gudarostea eta suntsitu egingo ditu israeldarrak lurrazaletik, eta beren Jainkoak ere ez ditu libratuko.

3. Guk, Nabukodonosorren zerbitzariok, gizon bakarra bailiran zanpatuko ditugu eta ezin izango diote eutsi gure zaldien oldarrari.

4. Kiskali egingo ditugu zeharo, mendiak odoletan blai utziko ditugu eta lautadak hildakoz josiak. Ezin izango digute zutik eutsi; hil eta txikitu egingo ditugu erabat. Hala esan du Nabukodonosorrek, mundu osoko jaunak, eta haren hitzak ez dira bete gabe geldituko.

5. Eta zuk, Akior, saripeko amondar horrek, gaur gure kontra jarri eta halako hitzak bota dituzun horrek, ez nauzu aurrerantzean ikusiko, harik eta Egiptotik ihes egindako jendaila horretaz mendekatu arte.

6. Orduan, nire gudarien ezpatak eta nire ofizialen lantzak saihetsak zulatuko dizkizute. Ni itzultzean, zu ere zaurituen artean eroriko zara.

7. Orain, nire gudariek lurralde menditsu horretara eramango zaituzte eta maldetan dauden hirietako batean utziko.

8. Ez zara hilko oraingoz, baina israeldarrekin batera garbituko zaitugu.

9. Eta ez ipini horrelako aurpegirik, harrapatuko ez ditugula espero baituzu zeure baitan. Hala esan dut eta ez da bete gabe geldituko nire hitz bat ere».

Akior Betuliako bizilagunen esku utzia

10. Akior hartu eta Betuliara eramateko agindu zien Holofernesek oihal-etxolan guardia egiten ari ziren gudariei, eta israeldarren esku uzteko.

11. Gudariek, bada, hartu eta kanpalekutik kanpora eraman zuten, lautada aldera. Lautada igaro eta mendialdera heldu ziren, Betulia azpian dauden iturrien ingurura.

12. Mendi-gailurrean zegoen hiriko gizonek, ikusi zituztenean, armak harturik hiritik irten eta, habailaz harriak jaurtiz, maldan gora igotzea galarazi zieten.

13. Asiriarrek, arrastaka mendi-oinera hurbildurik, bertan lotu eta etzana utzi zuten Akior, eta beren nagusiagana itzuli ziren.

14. Israeldarrek, hiritik jaitsi, Akior askatu, Betuliara eraman eta hiriko buruzagiei aurkeztu zieten.

15. Simeonen leinuko Ozias, Mikaren semea, Kabris, Gotonielen semea, eta Karmis, Melkielen semea, ziren egun haietan buruzagi.

16. Haiek hiriko arduradunak bildu zituzten; gazteak eta emakumeak ere joan ziren biltzarrera lasterka. Ipini zuten Akior jendearen erdian, eta zer gertatu zen galdetu zion Oziasek.

17. Akiorrek Holofernesen biltzarrean esan zena, berak asiriarren buruzagien aurrean esan zuena eta Holofernesek Israel herriaren kontra botatako erronkak adierazi zizkien.

18. Orduan, herriak ahuspezturik Jainkoa gurtu eta esan zuen oihuka:

19. «Jauna, zeruko Jainkoa, begira zein harro diren! Erruki zakizkio apaldua dagoen zure herri honi eta begira onez gaur zuretzat sagaratuak gaudenoi».

20. Gero, adore eman zioten Akiorri eta sutsu zoriondu.

21. Biltzarra bukaturik, Oziasek bere etxera eraman zuen Akior, eta otordua eman zien arduradunei. Eta gau osoan Israelen Jainkoari laguntza eske jardun zuten.