Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16

Itun Zaharra

Itun Berria

Judit 13 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Juditek Holofernes hil

1. Gau beranduan, zerbitzariak lasterka atera ziren. Bagoak itxi egin zuen oihal-etxola kanpoaldetik, laguntzaileak jaunaren aurretik irtenarazi ondoren. Eta denak ohera joan ziren, gehiegi edateagatik leher eginak baitzeuden.

2. Judit eta Holofernes bakarrik gelditu ziren oihal-etxolan. Holofernes bere ohean etzana zegoen, ardotan blai.

3. Juditek esana zion mirabeari logelaz kanpora egoteko bera irten zain, egunero bezala, otoitz egitera aterako zela eta. Gauza bera esana zion Bagoari ere.

4. Denak alde eginak ziren, beraz, handik; ez zen inor ere gelditu logelan, ez handirik, ez txikirik. Juditek, Holofernesen ohe ondoan zutik, otoitz hau egin zuen bere baitan: «Jauna, Jainko ahalguztiduna, une honetan begira onez Jerusalemen aintzarako egingo dudanari.

5. Hauxe baita zure herri aukeratuaren alde egiteko, nire asmoa betetzeko eta gure aurka jaiki diren etsaiok hondatzeko ordua».

6. Ondoren, Holofernesen burualdean zegoen ohe-zutaberaino joan, beraren ezpata hartu,

7. ohera hurbildu, Holofernesi buruko ileetatik heldu eta esan zuen: «Jauna, Israelen Jainkoa, emadazu indarra une honetan!»

8. Eta bere indar guztiaz Holofernesi lepoan bi zartada eman eta burua moztu zion.

9. Gero, gorpua biraka ohetik kanpora bota, zutabeetako oihalak kendu eta atera egin zen berehala. Juditek mirabeari eman zion burua

10. eta honek janari-zorroan sartu zuen. Eta bi emakumeak batera atera ziren oihal-etxolatik, ohi zuten bezala, otoitz egitera. Kanpalekua zeharkatu, sakana inguratu eta, maldan gora igoz, Betulia hiriko ateetara heldu ziren.

Judit Betuliara itzuli

11. Urrutitik, Juditek oihu egin zien atezain zeudenei: «Ireki, ireki atea! Geurekin dugu Jainkoa, eta erakusten du oraindik ere bere kemena Israelen alde eta bere indarra etsaien aurka, gaur bertan egin duen bezala».

12. Hiriko gizonek, Juditen ahotsa entzutean, ateetara lasterka jaitsi eta dei egin zieten hiriko arduradunei.

13. Denak etorri ziren lasterka, txikienak eta handienak, sinestezina iruditzen baitzitzaien Judit itzuli izana. Ireki zuten atea, hartu zituzten bi emakumeak eta, argi egiteko sua pizturik, inguratu egin zituzten.

14. Juditek esan zien ahots handiz: «Goretsazue Jainkoa, goretsi! Goretsazue Jainkoa, ez baitio ukatu bere errukia Israeli. Gaur gauean, nire eskuz, hondatu egin ditu etsaiak».

15. Gero, burua zorrotik atera, denei erakutsi eta esan zien: «Hona hemen, asiriar gudarostearen gudalburu nagusia zen Holofernesen burua! Eta hona beraren ohe-sabaiko oihalak: hauexen azpian zetzan, erabat mozkortua. Emakume baten eskuz jo eta hil du Jaunak.

16. Neure bidean zaindu nauen Jaun biziarengatik diotsuet nire aurpegiak liluratu duela Holofernes, bere kalterako; baina ez duela nirekin ni lohitu eta lotsaraz nazakeen bekaturik egin».

17. Jende guztia zeharo txunditua gelditu zen eta, makurturik, Jainkoa gurtu zuten, denek batera esanez: «Goretsia zu, gure Jainko hori, zuk suntsitu baitituzu gaur zeure herriaren etsaiak!»

18. Oziasek esan zion Juditi: «Bedeinka zaitzala, ene alaba, goi-goiko Jainkoak lurreko emakume guztien gainetik; goretsia zeru-lurrak egin zituen Jainko Jauna, berak gidatu baitzaitu gure etsaien nagusiaren burua moztera.

19. Jainkoaren indarraz oroituko den herriari ez zaio inoiz ere ahaztuko zuk Jainkoarengan izandako itxaropena.

20. Eman biezazu Jainkoak beti goratua izatea eta beraren ondasunak hartzea, zeure bizia arriskuan jarri baituzu, gure herria zein zanpatua zegoen ikusirik. Gure Jainkoaren aurrean zuzen jokatuz, gure hondamendia eragotzi duzu».Eta herri osoak esan zuen: «Hala bedi! Hala bedi!»