Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16

Itun Zaharra

Itun Berria

Judit 7 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Holofernesen gudarostea Betuliaren kontra

1. Biharamun goizean, Holofernesek bere gudarosteari eta lagun etorri zitzaizkion gudariei Betuliarantz abiatzeko agindu zien, eta lurralde menditsu hartako maldak hartu eta israeldarrei erasotzeko.

2. Egun hartan, baliozko gizon guztiak abiatu ziren. Ehun eta hirurogeita hamar mila oinezkok eta hamabi mila zaldizkok osatzen zuten gudarostea eta, gainera, tresneriaren arduradunek eta oinez zihoan gizon-multzo handiak.

3. Betuliatik hurbil dagoen zelaian, iturri inguruan, ezarri zuten kanpalekua eta, gero, Dotaimdik Belbaim hiriraino zabaldu ziren eta Betuliatik Esdrelon aurrean dagoen Kiamoneraino luzatu.

4. Halako jendetza handia ikustean, arras izuturik gelditu ziren israeldarrak eta esan zioten elkarri: «Soildu egingo dute horiek lurrazal osoa. Horien pisuari ez diote eutsiko ez mendi garaiek, ez sakanek, ez mendixkek».

5. Eta, nork bere armak harturik, dorreetan sua piztu eta gau osoan erne egon ziren.

6. Bigarren egunean, Betuliako israeldarren aurrera atera zuen Holofernesek bere zalditeria.

7. Gero, Betuliako aldapak ikertu, iturriak non zeuden ikusi eta, beraietan gudari-taldeak utzirik, bere gudarosteagana itzuli zen.

Hiria inguratu

8. Esauren ondorengoen buruzagiak, moabdarrenak eta kostaldekoen gudalburuak, hurbildu eta esan zioten Holofernesi:

9. «Jauna, gure aholkua aditzen baduzu, ez da galduko zure gudarosteko gizon bat ere.

10. Israeldarrak ez daude seguru armak dituztelako, mendi garaietan bizi direlako baizik; izan ere, zail da mendi horien gailurrera igotzea.

11. Jauna, ez borrokatu, ohi den bezala, guda-lerrotan; horrela ez da zure gizon bat ere eroriko.

12. Geldi zaitez kanpalekuan eta gorde zeure gizonak. Har dezatela hauek mendi-oineko iturria,

13. hortik hartzen baitute ura Betuliakoek. Egarriak mendera ditzanean, emango dizute hiria. Gu geure gudari-taldeekin inguruko tontorretara igoko gara eta beraietan ezarriko dugu kanpalekua eta zain egonen gara, hiritik inor atera ez dadin.

14. Goseak ahituko ditu israeldarrak, beren emazte eta seme-alabekin, eta, ezpataz jo baino lehenago, beren hiriko plazetan zerraldo eroriko dira.

15. Orduan ordainaraziko diezu gogor zure kontra jaiki izana eta zure bidera bakean atera ez izana!»

16. Atsegin izan zitzaizkien aholku haiek Holofernesi eta ofizialei, eta buruzagiek esan bezala egiteko agindu zuen Holofernesek.

Betuliako bizilagunak urik gabe

17. Amondar gudari-taldea eta haiekin batera bost mila asiriar aurreratu eta, kanpalekua haranean ezarririk, israeldarren urtegi eta iturriez jabetu ziren.

18. Esauren ondorengoek eta amondarrek mendietan, Dotaim aurrean, ezarri zituzten kanpalekuak eta gudari-taldeak bidali hegoalde eta ekialdera, Kus ondoan dagoen Egrebel aurrera, Mokmur erreka ondora. Gainerako asiriar gudari-taldeak lautadan gelditu ziren, lurrazal osoa estaliz. Oihal-etxolek eta tresneriak izugarrizko zabalera hartu zuten, jendetza handia baitzen.

19. Israeldarrek deiadar egin zioten Jaunari, beren Jainkoari, kikilduak baitzeuden, etsaiak inguraturik zeuzkala eta ihesbiderik ez zutela ikustean.

20. Hogeita lau egunez egon ziren asiriarrak beren oinezko, guda-gurdi eta zaldizkoekin hiria inguratzen. Azkenean, Betuliako jendeari ahitu egin zitzaion ontzietako ura

21. eta urtegietakoa agortu. Ezin ziren egun batean ere urez ase, neurtua ematen baitzitzaien ura.

22. Haurrak makaldurik zeuden, emakumeak eta gazteak egarriak hilda, eta hiriko plazetan eta ateetako igarolekuetan erortzen ziren indarrik gabe.

23. Jende guztiak —gazte, emakume eta haur—, Oziasengana eta hiriko agintariengana bildurik, esan zuen garrasika arduradunen aurrean:

24. «Izan bedi Jauna zuen eta gure artean epaile! Hona nolako kaltea ekarri diguzuen, asiriarrekin bake-hitzarmenik egin nahi ez izateagatik!

25. Ez dugu inongo laguntzarik. Etsaien eskura eman gaitu Jainkoak, beraien aurrean egarriz eta miseriaz hil gaitezen.

26. Dei egiezue asiriarrei, eta utzi Holofernesen jendeari eta gudaroste osoari hiria harrapa dezaten.

27. Hobe dugu haien harrapakin izan. Esklabo izanen gara, baina bizirik behintzat, eta ez ditugu hiltzen ikusiko geure haurrak, ezta azken arnasa ematen ere emazteak eta seme-alabak.

28. Zeru-lurren izenean eskatzen dizuegu eta gure erruek eta gure arbasoen bekatuek merezitako zigorra ematen digun Jainkoaren, gure arbasoen Jaunaren, izenean: egin ezazue esaten dizueguna».

29. Bildutako jende guztia, aho batez, negar-zotinka hasi zen eta deiadar egin zioten denek Jainko Jaunari oihu handiz.

30. Oziasek esan zien: «Izan adore, senideok! Euts diezaiogun beste bost egunez eta bitartean Jauna, gure Jainkoa, errukituko zaigu berriro, ez baikaitu betiko utziko.

31. Bost egun horien buruan laguntzarik ez badugu, eginen dut zuek esana».

32. Eta jendea nor bere gudalekura bidali zuen. Gizasemeak hiriko harresi eta dorreetara joan ziren; emakumeak eta haurrak, berriz, etxera. Hiritar guztiak lur joak zeuden.