Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16

Itun Zaharra

Itun Berria

Judit 2 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Nabukodonosorrek Holofernes bidali mendebaldekoen kontra

1. Asiriako errege Nabukodonosorren jauregian herri haietaz guztiez mendekatzeko erabakia hartu zuten, erregeak esan bezala. Beraren erregealdiko hogeita zortzigarren urteko lehen hilabeteko hogeita bia zen.

2. Nabukodonosorrek bere ofizial eta funtzionario guztiak bildu eta isilean zuen asmoa adierazi zien ahoz: lurralde osoa zigortzeko erabakia.

3. Haiek ontzat eman zuten erregearen deiari erantzun ez zioten guztiak hondatzea.

4. Biltzarra bukaturik, Asiriako errege Nabukodonosorrek gudalburu nagusi eta erreinuko bigarren zen Holofernesi dei egin eta esan zion:

5. «Hau dio lur osoaren jabe den errege handiak: Hara, nire aurretik alde egitean, hartu zeurekin gizon kementsuak: ehun eta hogeiren bat mila oinezko eta zalditeria handia, hamabi mila zaldunekin.

6. Eta zoaz mendebaldeko lurralde osoari erasotzera, ez entzunarena egin baitzioten nire deiari.

7. Agindu iezaiezu lur- eta ur-eskaintzak prestatzeko, mendetasunaren seinaletzat. Amorru bizian atera behar dut beraien kontra; nire gudarosteak lurralde hori guztia oinpean hartuko du eta dena harrapatzen utziko diet nire gudariei.

8. Zaurituz beteko dira sakanak, erreka eta ibaiek gainezka egingo dute hildakoez.

9. Lurreko azken mugetaraino sakabanatuko ditut gatibuak.

10. Zoaz, bada, lurralde horiek niretzat hartzera. Menpean jarriko zaizkizu, baina zuk utz itzazu nire esku, zigortzera joango naizenerako.

11. Menperagaitzei, ordea, ez barkatu: errauts itzazu eta harrapatu dena lurralde osoan.

12. Neure biziarengatik eta neure erregetzaren indarrarengatik, hala esan dut eta hala egingo!

13. Zuk ez hautsi zeure jaunak emandako agindu bat ere: bete denak nik agindu bezala, hutsik egin gabe, eta ez luzatu betetzea».

Holofernesen ekinaldia

14. Bere jaunaren aurretik alde egitean, Holofernesek dei egin zien asiriarren gudarosteko buruzagi, gudalburu eta ofizial guztiei.

15. Eta bere jaunak agindu bezala, aukerako ehun eta hogei mila gudari eta hamabi mila zaldun arkulari hautatu zituen gudurako,

16. eta gudari-taldetan antolatu.

17. Gamelu, asto eta mando ugari hartu zuen tresneria eramateko, eta ezin zenbatu ahalako ardi-, idi- eta ahuntz-multzoa haragitarako,

18. eta hornidura asko gudari bakoitzarentzat; baita urre eta zilar ugari ere erregearen jauregitik.

19. Abiatu zen Holofernes bere gudaroste osoarekin, Nabukodonosor erregearen etorrera prestatzera. Eufrates ibaitik mendebaldera zeuden lurralde guztiak hartu behar zituen bere guda-gurdi, zaldun eta aukerako gudariekin.

20. Jende-multzo izugarria ere bildu zitzaien, larrapote-piloa bezain ugaria, basamortuko hondarra bezain kontaezina.

21. Ninivetik atera eta hiru eguneko bidea egin zuten Bektileteko lautadarantz. Gero, Bektiletetik alde egin eta Zilizia Garaitik ezkerraldera dagoen menditik hurbil ezarri zuten kanpalekua.

22. Ondoren, bere gudaroste osoa —oinezkoak, zaldizkoak eta guda-gurdiak— hartu eta lurralde menditsura jo zuen Holofernesek.

23. Fud eta Lud eskualdeak hondatu eta gero, basamortuaren aurrean, Keleondik hegoaldera bizi diren rasitarrak eta ismaeldarrak suntsitu zituen.

24. Eta, Eufrates ibaia igaro ondoren, Mesopotamian zehar joan eta Abrona erreka inguruko hiri gotorrak suntsitu zituen, itsasoraino helduz.

25. Iparraldean Ziliziako lurraldeak hartu zituen eta aurre egin ziotenak txikitu; gero, hegoaldera jo eta Arabiaren aurrez aurre zeuden Jafeten lurraldeetaraino heldu zen.

26. Madiandar guztiak inguratu, beraien oihal-etxolak erre eta artaldeak harrapatu zituen.

27. Gari-uzta biltzeko garaian, Damaskoko lautadara jaitsi eta uztei su eman zien, artalde eta behi-taldeak triskatu, hirietan guztia harrapatu, landak soildu eta jende gaztea ezpataz hil zuen.

28. Izugarrizko beldurrak hartu zuen itsasbazterreko jendea; Sidon, Tiro, Sur, Okina, Jamnia, Azoto eta Axkelon hirietako bizilagunak ikaratuak zeuden.