Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28

Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 25 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Hamar neskatxen parabola

1. «Jainkoaren erregetzarekin, kriseiluak hartu eta senar ezkonberriari bidera irten zitzaizkion hamar neskatxekin bezala gertatzen da.

2. Neskatxetako bost zentzugabeak ziren eta bost zentzudunak.

3. Kriseiluak hartzean, zentzugabeek ez zuten oliorik hartu;

4. zentzudunek, ordea, kriseiluekin batera olioa ere hartu zuten ontzietan.

5. Senarrak luzatzen zuenez, logaletu egin ziren denak eta loak hartu zituen.

6. «Gauerdian oihu bat izan zen: “Hemen da senarra! Irten bidera!”

7. Jaiki ziren denak eta beren kriseiluak prestatu zituzten.

8. Orduan, zentzugabeek zentzudunei esan zieten: “Emaguzue olio pixka bat, kriseiluak itzaltzera doazkigu eta”.

9. Zentzudunek erantzun zieten: “Ea ez dugun nahikoa denontzat; hobe duzue badaezpada dendara joan eta erosi”.

10. «Baina, erostera joanak zirelarik, senarra iritsi zen, eta prest zeudenak ezteietara sartu ziren berarekin. Eta atea itxi egin zen.

11. «Iritsi ziren, azkenik, beste neskatxak ere eta dei egin zuten: “Jauna, jauna! Zabaldu!”

12. Baina jaunak erantzun zien: “Benetan diotsuet, ez dakit nor zareten”.

13. «Zain egon, beraz, ez baitakizue, ez egunik, ez ordurik.

Talentuen parabola

14. «Jainkoaren erregetzarekin, atzerrira irten behar zuen gizonarekin bezala gertatzen da. Bere morroiei dei egin eta ondasunak utzi zizkien:

15. bati bost talentu, beste bati bi eta besteari bat, bakoitzari bere trebetasunaren arabera. Gero, alde egin zuen.

16. Bost talentu hartu zituenak inbertitu egin zituen berehala eta beste bost irabazi.

17. Orobat bi talentu hartu zituenak: inbertitu eta beste bi irabazi zituen.

18. Bat bakarra hartu zuenak, aldiz, lurrean zuloa egin eta bertan gorde zuen nagusiaren dirua.

19. «Handik denbora askora, etorri zen nagusia eta morroiei kontuak hartzen hasi zitzaien.

20. Aurreratu zen bost talentu hartu zituena eta beste bost aurkeztu zizkion, esanez: “Jauna, bost talentu utzi zenizkidan; hona beste bost nik irabaziak”.

21. Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi on eta leiala! Gauza gutxian leial izan zara, askoren buru ipiniko zaitut; sartu zeure jaunaren festa ospatzera”.

22. Aurreratu zen, gero, bi talentuduna eta esan zion: “Jauna, bi talentu utzi zenizkidan; hona beste bi nik irabaziak”.

23. Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi on eta leiala! Gauza gutxian leial izan zara, askoren buru ipiniko zaitut; sartu zeure jaunaren festa ospatzera”.

24. Aurreratu zen talentu bakarra hartu zuena eta esan zion: “Banekien gizon zorrotza zarena, erein ez duzun tokian hartzen eta zabaldu ez duzun tokian biltzen duzuna;

25. beldur nintzen, eta zure talentua lurrean ezkutatu nuen. Hona zeure dirua!”

26. Nagusiak erantzun zion: “Ai morroi gaizto eta alferra! Bazenekien erein ez dudan tokian hartzen dudana eta zabaldu ez dudan tokian biltzen.

27. Beraz, bankuan jarri behar zenuen nire dirua, itzultzean bere korrituekin jaso nezan.

28. Ken iezaiozue, bada, talentua eta eman hamar dituenari.

29. Izan ere, fruitua dakarrenari eman egingo zaio, eta gainezka izango du; fruiturik ez dakarrenari, ordea, daukan apurra ere kendu egingo zaio.

30. Eta ezertarako gauza ez den morroi hau jaurti kanpora, ilunpetara. Negarra eta hortz-karraska izango dira han”.

Azken auzia

31. «Gizonaren Semea, aingeru guztiak lagun dituela, aintzaz beterik etortzean, bere errege-aulkian eseriko da.

32. Herriak oro haren aurrean bilduko dituzte. Hark batzuk besteengandik bereizi egingo ditu, artzainak ardiak akerretatik bereizten dituen bezala,

33. eta ardiak bere eskuinean eta akerrak ezkerrean ezarriko ditu.

34. Orduan, erregeak eskuinekoei esango die: “Zatozte, nire Aitaren bedeinkatuok; hartzazue munduaren sortzetik zuentzat prestatua dagoen erreinua.

35. Gose bainintzen eta jaten eman zenidaten; egarri, eta edaten eman; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen;

36. biluzik nengoen, eta jantzi egin ninduzuen; gaixo, eta bisitatu; kartzelan, eta ikustera etorri”.

37. Orduan, zintzoek esango diote: “Jauna, baina noiz aurkitu zintugun goseak eta jaten eman genizun, edo egarriak eta edaten eman?

38. Noiz aurkitu zintugun arrotz eta etxean hartu, edo larrugorri aurkitu eta jantzi?

39. Noiz aurkitu zintugun gaixo edo kartzelan eta ikustera joan?”

40. Eta erregeak erantzungo die: “Benetan diotsuet: Nire seniderik txikien hauetako edozeini egin zeniotena, neuri egin zenidaten”.

41. «Gero, ezkerrekoei esango die: “Alde niregandik urruti, madarikatuok, deabruarentzat eta haren lagunentzat prestatua dagoen betiko sutara.

42. Gose bainintzen eta ez zenidaten jaten eman; egarri, eta edaten eman ez;

43. arrotz, eta ez ninduzuen etxean hartu; biluzik, eta ez ninduzuen jantzi; gaixo eta kartzelan, eta ez zineten ikustera etorri”.

44. Orduan, haiek ere esango diote: “Jauna, baina noiz aurkitu zintugun gose edo egarri, arrotz edo larrugorri, gaixo edo kartzelan, eta guk lagundu ez?”

45. Hark erantzungo die: “Benetan diotsuet: Txikien hauetako edozeini egin ez zeniotena, neuri ez zenidaten egin”.

46. Eta hauek betiko zigorretara joango dira; zintzoak, berriz, betiko bizitzara».