Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28

Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 6 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Limosna

1. «Ez egin gero zeuen erlijio-betebeharrak jendaurrean, jendeak ikus zaitzaten; horrela, ez duzue saririk jasoko zeruko zeuen Aitarengandik.

2. Beraz, limosna egitean, ez ibili turuta joka, itxurazaleek sinagogetan eta kaleetan egin ohi duten bezala, jendearen txaloak irabazteko. Benetan diotsuet: Hartua dute beren ordaina.

3. Zuk limosna egitean, ez beza jakin zure ezkerrak zer egiten duen eskuinak;

4. horrela, zure limosna ezkutuan geldituko da, eta ezkutukoa ere ikusten duen zeure Aitak emango dizu ordaina.

Otoitza. «Gure Aita»

5. «Otoitz egitean, ez egin itxurazaleek bezala: gogoko dute sinagoga eta plazetan zutik otoitz egitea, jendearen agerian. Benetan diotsuet: Hartua dute beren ordaina.

6. Zu, ordea, otoitz egiteko, sar zaitez zeure gelan, itxi atea eta egin otoitz ezkutuan dagoen zeure Aitari, eta ezkutukoa ere ikusten duen zeure Aitak emango dizu ordaina.

7. «Otoitz egitean, ez ari esan eta esan, jentilek ohi duten bezala, uste baitute beren hitz-jarioari esker entzungo diela Jainkoak.

8. Ez izan horien antzeko, bai baitaki zuen Aitak zeren beharra duzuen, zuek eskatu baino lehen.

9. Zuek, egizue otoitz honela:«Gure Aita zerukoa,agertu santu zeure izena,

10. etorrarazi zeure erregetza;betearazi lurrean zeure nahia,zeruan betetzen den bezala.

11. Emaguzu gaur egun honetako ogia,

12. eta barkatu gure erruen zorra,guk ere geure zorduneibarkatu diegunez gero;

13. ez utzi gu tentaldian erortzen,eta gorde gaitzazugaiztoarengandik.

14. «Izan ere, besteei beren hutsegiteak barkatzen badizkiezue, zuei ere barkatuko dizkizue zeruko Aitak;

15. baina besteei barkatzen ez badizkiezue, zuei ere ez dizkizue barkatuko zeuen hutsegiteak zeruko Aitak.

Baraua

16. «Barau egitean, ez zaitezte ager kopetilun, itxurazaleek ohi duten bezala: aurpegia itsusten dute, barau egiten dutela jendeari azaltzeko. Benetan diotsuet: Hartua dute beren ordaina.

17. Zuk, ordea, barau egitean, igurtzi lurrin gozoz burua eta garbitu aurpegia,

18. zure barauaz jendea ohar ez dadin, ezkutuan dagoen Aita baizik. Eta ezkutukoa ere ikusten duen zure Aitak emango dizu ordaina.

Zeruan aberats

19. «Ez pilatu mundu honetan zeuen aberastasunak, sitsak eta herdoilak jaten baitituzte hemen, eta lapurrak etortzen harrapatzera.

20. Pilatu zeruan zeuen aberastasunak, han ez baititu ez sitsak, ez herdoilak jaten, ezta lapurrak harrapatzera joaten ere.

21. Zeren, zure aberastasuna non, zure bihotza han.

Barneko argia

22. «Begia da gorputzari argi egiten dion kriseilua. Begia onik baduzu, zure gorputz osoa argitan ibiliko da.

23. Begia gaixo baduzu, ordea, zure gorputz osoa ilunpetan ibiliko da. Beraz, zeure barruan argi behar lukeena iluna bada, a zer ilunpea zurea!

Jainkoa ala dirua

24. «Ezin da inor bi nagusiren morroi izan; izan ere, bata gorroto izango du eta bestea maite, edota batari men egingo dio eta bestea begitan hartuko. Ezin zaitezkete Jainkoaren eta diruaren morroi izan.

Zertaz arduratu

25. «Horregatik diotsuet: Ez kezkatu bizitzeko zer jan edo edango, edota gorputza zerez jantziko. Ez ote da bizia janaria baino gehiago, eta gorputza jantzia baino gehiago?

26. Begira aireko hegaztiei: ez dute ereiten, ez uztarik biltzen, ez mandioan pilatzen; hala ere, zeruko zuen Aitak janaritzen ditu. Ez ote duzue horiek baino askoz gehiago balio zuek?

27. Asko arduratu arren, zuetako nork luza lezake bizitza apurtxo bat ere?

28. «Eta jantziaz, zertan kezkatu? Begira nola hazten diren loreak zelaietan: ez dira lanean penatzen, ez dute iruten;

29. baina, egia esan, Salomon bera ere, bere ospe guztian, ez zen janzten horietako baten pare.

30. Beraz, gaur belardian dagoen eta bihar sutan erreko den belarra Jainkoak horrela janzten badu, ez ote askoz gehiago zuek, sinesmen gutxikook?

31. Ez kezkatu, bada, zer jango, zer edango, zer jantziko duzuen pentsatuz.

32. Fedegabeak arduratu ohi dira horiez guztiez; baina zeruko zuen Aitak badaki horren guztiaren beharra duzuena.

33. Ardura zaitezte, batez ere, Jainkoaren erregetzaz eta haren nahia betetzeaz, eta beste hori guztia gehigarritzat emango dizue Jainkoak.

34. Ez arduratu, bada, biharko egunaz, biharkoak ere ekarriko baitu bere ardura. Aski ditu egun bakoitzak bere buruhausteak.