Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28

Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 18 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Nor da Jainkoaren erreinuan handiena?

1. Hurbildu ziren ikasleak Jesusengana eta galdetu zioten:—Nor da Jainkoaren erreinuan handiena?

2. Jesusek, haur bati dei egin eta haien aurrera ekarririk,

3. esan zien:—Benetan diotsuet: Berriro haurren antzeko bihurtzen ez bazarete, ez zarete sartuko Jainkoaren erreinuan.

4. Beraz, haur hau bezain txiki bihurtzen dena, hori da Jainkoaren erreinuan handiena.

5. Eta honelako haurra nire izenean onartzen duenak neu onartzen nau.

«Dohakabeak sinesmena galbidean jartzen dutenak!»

6. «Niregan sinesten duten txiki hauetakoren bat galbidean jartzen duenak, , hobe luke errotarri bat lepotik erantsi eta itsas hondora amilduko balute.

7. Dohakabeak munduan sinesmena galbidean jartzen dutenak! Bai, nahitaez gertatu beharrekoa da hori; baina dohakabeak inoren sinesmena galbidean jartzen dutenak!

8. «Zeure eskuak nahiz oinak galbidean jartzen bazaitu, moztu eta bota; hobe duzu eskumotz edo hankamotz betiko bizitzan sartu, bi esku nahiz bi oinekin betiko sutara jaurtia izan baino.

9. Eta zeure begiak galbidean jartzen bazaitu, atera eta bota; hobe duzu begibakar betiko bizitzan sartu, bi begiekin infernuko sutara jaurtia izan baino.

10. «Kontuz! Ez dezazuela txiki hauetako inor gutxiets. Zeren, egia esan, hauen aingeruak zeruko nire Aitaren aurpegia ikusten ari baitira etengabe. (

11. ).

Ardi galduaren parabola

12. «Zer deritzozue? Gizon batek ehun ardi baldin baditu eta bat galtzen bazaio, ez ote da, beste laurogeita hemeretziak mendian utzirik, galduaren bila joango?

13. Eta aurkitzen badu —benetan esaten dizuet—, poz handiagoa hartzen du harekin, galdu ez diren beste laurogeita hemeretziekin baino.

14. Era berean, zeruko zuen Aitak ez du nahi txiki hauetako inor galtzerik.

Senide artean: bekatua, barkamena, otoitza

15. «Zure senide batek bekatu egiten badu, zoaz berarengana eta zentzarazi bakarrean. Jaramon egiten badizu, irabazia duzu senidea.

16. Jaramonik egiten ez badizu, berriz, hartu zeurekin lagun bat edo bi, auzi oro bi edo hiru lekukoren aitorpenaz erabaki dadin.

17. Haiei ere jaramonik egiten ez badie, esaiozu elkarteari, eta elkarteari ere jaramonik egin nahi ez badio, izan bedi zuretzat jentil edo zergalari baten pareko.

18. «Benetan diotsuet: Zuek mundu honetan lotua, zeruan ere lotua geldituko da, eta zuek mundu honetan askatua, zeruan ere askatua geldituko da.

19. «Beste hau ere esaten dizuet: Zuetako bik mundu honetan Jainkoari zerbait eskatzeko elkar hartzen badute, eman egingo die zeruko nire Aitak.

20. Izan ere, nire izenean bizpahiru lagun nonbait biltzen badira, han nago ni beraien artean».

Barkatu ez zuen zerbitzariaren parabola

21. Orduan, hurbildu zitzaion Pedro Jesusi eta galdetu zion:—Jauna, senide batek bidegabekeriaren bat egiten badit, zenbat aldiz barkatu behar diot? Zazpi aldiz?

22. Jesusek erantzun zion:—Zazpi aldiz ez, zazpi milatan zazpi aldiz.

23. «Hain zuzen, zerbitzariekin kontuak garbitu nahi izan zituen erregearekin bezala gertatzen da Jainkoaren erregetzarekin.

24. Kontuak garbitzen hasi orduko, milioi asko zor zizkion zerbitzari bat eraman zioten.

25. Honek ez zuen zerez ordaindu, eta nagusiak bera, emaztea, seme-alabak eta ondasun guztiak saltzeko agindu zuen, zorra ordainarazteko.

26. Zerbitzariak, orduan, nagusiaren oinetan ahuspezturik, eskatu zion: “Emadazu astia, eta dena ordainduko dizut”.

27. Nagusiak, errukiturik, dena barkatu eta libre utzi zuen zerbitzaria.

28. «Baina zerbitzari hark, irten orduko, diru pixka bat zor zion zerbitzu-lagun batekin egin zuen topo eta, lepotik heldurik eta ito beharrean, esaten zion: “Emadak zor duana”.

29. Laguna oinetara erori zitzaion, erreguka: “Emadak astia, eta dena ordainduko diat”.

30. Baina hark ezetz. Eta joan eta kartzelan sartu zuen, zorra ordaindu arte.

31. «Gertatua ikusirik, beste zerbitzariak biziki nahigabetu ziren, eta guztiaren berri nagusiari ematera joan ziren.

32. Orduan, nagusiak zerbitzari hari berriro dei egin eta esan zion: “Zerbitzari gaizto hori! Horrenbesteko zorra barkatu diat nik, erregutu didaalako.

33. Ez al huen hik ere heure lagunaz errukitu behar, ni hitaz errukitu nintzen bezala?”

34. Eta, haserre bizitan, zigorpean utzi zuen nagusiak, zor guztia ordaindu arte.

35. «Berdin-berdin egingo dizue zeruko nire Aitak, senideok elkarri bihotzez barkatzen ez badiozue».