Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28

Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 2 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Ekialdeko jakintsu batzuek Jesus gurtu

1. Jesus Judeako Belen herrian jaio zen, Herodes erregearen garaian. Jesus jaio ondoren, sortaldeko jakintsu batzuk azaldu ziren Jerusalemen,

2. galdezka:—Non da juduen errege jaioberria? Haren izarra ikusi dugu sortaldean eta gurtzera gatoz.

3. Berri honekin larritu egin zen Herodes erregea, baita Jerusalem hiri osoa ere.

4. Orduan, herriko apaizburu eta lege-maisu guztiak bildu eta Mesias non jaiotzekoa zen galdetu zien.

5. Haiek erantzun zioten:—Judeako Belenen, honela idatzi baitzuen profetak:

6. Eta zu, Judako Belen, ez zara, ez, Judako hirietan txikiena; zuregandik aterako baita buruzagia, Israel nire herria gobernatuko duena .

7. Orduan, Herodesek, jakintsuak isilean deiturik, izarra noiz agertu zitzaien jakin zuen zehatz.

8. Gero, Belenera bidali zituen, esanez: «Zoazte eta jakin xuxen haurraren berri eta, aurkitu ondoren, adierazi niri, neu ere gurtzera joan nadin».

9-10. Erregearen hitz hauek entzunik, abiatu egin ziren. Bidean, sortaldean ikusitako izarra agertu zitzaien eta biziki poztu ziren. Izarra aurretik joan zitzaien, haurra zegoen toki gainean gelditu arte.

11. Etxean sarturik, haurra ikusi zuten Maria bere amarekin eta, ahuspezturik, gurtu; ondoren, beren kutxatilak zabalduz, esku-erakutsiak eskaini zizkioten: urrea, intsentsua eta mirra.

12. Gero, Herodesengana ez itzultzeko oharra ametsetan harturik, beste bide batetik itzuli ziren beren herrialdera.

Egiptora ihesi

13. Jakintsuek alde egin ondoren, Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan Joseri eta esan zion: «Jaiki, hartu haurra eta ama, eta zoaz ihesi Egiptora. Egon han nik esan arte, haurraren bila ibiliko baita Herodes, hilarazteko».

14. Hartu zituen, beraz, Josek haurra eta ama gauez, eta Egiptora alde egin zuen.

15. Han bizi izan zen, Herodes hil arte. Horrela, Jaunak profetaren bidez esana bete zen: Egiptotik etortzeko dei egin nion neure semeari.

Belengo haurren hilketa

16. Herodes erregea, jakintsuek engainatu egin zutela oharturik, biziki haserretu zen, eta Belenen eta inguruetan bi urtez azpiko haur guztiak hiltzeko agindu zuen, jakintsuek adierazitako denbora kontuan harturik.

17. Honela bete zen Jeremias profetak esana:

18. Entzun! Aieneak eta negar samina Raman! Rakel ari da bere haurrengatik negarrez: ez du kontsolatu nahi, ez baitira bizi.

Egiptotik itzuli eta Nazareten bizi

19. Herodes hil ondoren, Joseri Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan Egipton,

20. eta esan zion: «Jaiki, hartu haurra eta ama, eta zoaz Israelera, hilak baitira haurra hil nahian zebiltzanak».

21. Hartu zituen Josek haurra eta ama, eta Israelera joan zen.

22. Baina jakin zuen Herodesen ordez honen seme Arkelao zegoela Judean errege, eta beldurra sartu zitzaion hara joateko. Eta, ametsetan adierazi zitzaiolarik, Galileara jo zuen,

23. eta Nazaret izeneko herrian jarri zen bizitzen; horrela bete zen Jainkoak profeten bidez esana: «Nazaretarra esango diote».