Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28

Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 13 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Erregetzari buruzko parabolak (13,1-52)

Ereilearen parabola

1. Egun batez, Jesus etxetik atera eta aintzira-ertzean eseri zen.

2. Eta hainbeste jende bildu baitzitzaion ondora, txalupa batera igo eta eseri egin zen. Jende-taldea, berriz, hondartzan zegoen.

3. Eta luze hitz egin zien parabola bidez. Honela mintzatu zitzaien: «Atera zen behin ereilea hazia ereitera.

4. Ereitean, zenbait ale bide-bazterrean erori zen, eta txoriek etorri eta jan egin zuten.

5. Beste zenbait harri artean erori zen, lur handirik ez zen tokian; eta, axaleko lurra izanik, berehala erne zen;

6. baina eguzkiak jo orduko, erre egin zen eta, sustrairik ez zuelako, ihartu.

7. Beste zenbait ale sasi artean erori zen, eta sasiek, haztean, ito egin zuten hazia.

8. Gainerakoak lur onean erori ziren, eta fruitua eman zuten: bateko ehun edo hirurogei edo hogeita hamar.

9. Ulertzeko gauza denak uler beza».

Zergatik mintzo den Jesus parabola bidez

10. Ondoratu zitzaizkion ikasleak Jesusi eta galdegin zioten:—Zergatik hitz egiten diezu parabola bidez?

11. Jesusek erantzun zien:—Zuei eman zaizue Jainkoaren erregetzaren misterioak ezagutzea; horiei, ordea, ez.

12. Izan ere, duenari eman egingo zaio, eta gainezka izango du; ez duenari, ordea, daukan apurra ere kendu egingo zaio.

13. Hona zergatik hitz egiten diedan parabola bidez: begiratu bai, baina ikusten ez dutelako; entzun bai, baina ez aditzen, ez ulertzen ez dutelako.

14. «Horrela, Isaias profetak esana betetzen da horiengan:«Entzungo duzue, bai, baina ulertu ez; ikusiko duzue, bai, baina ohartu ez.

15. Izan ere, herri honek gogortu egin ditu buru-bihotzak, gortu belarriak, itsutu begiak. Ez bezate beren begiez ikus, ez belarriez entzun, ezta buruaz ulertu ere, horrela niregana bihur ez daitezen eta salba ez ditzadan.

16. «Zorionekoak, ordea, zuen begiak, ikusten dutelako, eta zuen belarriak, entzuten dutelako!

17. Benetan diotsuet: Profeta eta gizon santu askok ikusi nahi izan zuten zuek ikusten duzuena, baina ez zuten ikusi, eta entzun nahi zuek entzuten duzuena, baina ez zuten entzun.

Jesusek ereilearen parabola argituereilearen parabola argitu: Ik. Mk 4,13-20 oh.

18. «Entzun ezazue, beraz, ereilearen parabolaren esanahia.

19. Erregetzaren mezua entzun bai, baina ulertzen ez duenari, gaiztoa etortzen zaio eta bihotzean erein zaiona kendu egiten dio. Hori da, mezua “bide-bazterrak” hazia bezala hartzen duena.

20. “Harri-arteak” bezala hartzen duena hauxe da: mezua entzutean, berehala pozik onartzen duena;

21. baina sustrairik gabea eta iraupen gutxikoa izanik, mezua dela-eta estuasun edo erasoaldiren bat sortu orduko, erori egiten da.

22. “Sasi-arteak” bezala hartzen duena hauxe da: mezua entzun bai, baina bizitza honetako ardurak eta diru-goseak mezua ito egiten diotena, fruiturik gabe utziz.

23. “Lur onak” bezala hartzen duena hauxe da: mezua entzun eta ulertzen duena; honek fruitua ematen du: bateko ehun edo hirurogei edo hogeita hamar».

Gari arteko olo gaiztoaren parabola

24. Beste parabola bat proposatu zien Jesusek: «Jainkoaren erregetzarekin, gizon batek soroan hazi ona erein zuenean bezala gertatzen da.

25. Etxeko denak lo zeudela, etsaiak soroan sartu eta gari artean olo gaiztoa erein zuen eta alde egin.

26. Garia hazi eta burutu zenean, olo gaiztoa ere agertu zen.

27. Joan ziren, orduan, morroiak etxeko nagusiari esatera: “Jauna, ez al zenuen hazi ona erein soroan? Nondik du, bada, olo gaiztoa?”

28. Hark erantzun zien: “Etsaiaren lana da hori”. Eta morroiek: “Joango al gara olo gaiztoa biltzera?”

29. Baina nagusiak: “Ez, ez dadila gerta olo gaiztoa biltzean garia ere ateratzea.

30. Utzi biak batera hazten uztaroa iritsi bitartean; orduan, igitariei esango diet: Bildu lehenik olo gaiztoa, lotu eta erre; garia, berriz, jaso nire mandiora”».

Mostaza-haziaren eta legamiaren parabolak

31. Jesusek beste parabola hau kontatu zien: «Jainkoaren erregetza gizon batek soroan ereiten duen mostaza-haziaren antzekoa da.

32. Hazi guztietan txikiena da; baina, hazten denean, beste barazki guztiak baino handiago bihurtzen da eta zuhaitz egiten, txoriek etorri eta adarretan habiak egiteko moduko zuhaitza».

33. Beste parabola bat ere esan zien: «Jainkoaren erregetza legamiaren antzekoa da: emakume batek anega bat irinetan nahasten du, eta oraldi guztia harrotzen da».

Parabola bidezko irakaspenaren zergatia

34. Irakaspen hauek guztiak parabola bidez eman zizkion Jesusek jendeari, eta ez zien ezer irakasten parabolaz izan ezik.

35. Honela bete zen Jainkoak profetaren bidez esana: Parabola bidez mintzatuko naiz, munduaren hasieratik gordea zegoena azalduko.

Jesusek olo gaiztoaren parabola argitu

36. Jesus jendetza agurtu eta etxeratu egin zen. Hurbildu zitzaizkion, orduan, ikasleak eta eskatu zioten: «Argi iezaguzu soroko olo gaiztoaren parabola».

37. Jesusek esan zien: «Hazi ona ereiten duena Gizonaren Semea da;

38. soroa, mundua; hazi ona Jainkoaren erreinuko seme-alabak dira; olo gaiztoa, berriz, gaiztoarenak;

39. olo gaiztoa ereiten duen etsaia deabrua da; uzta, munduaren azkena; eta uzta-biltzaileak, aingeruak.

40. Olo gaiztoa bildu eta sutan erretzen den bezala, hala gertatuko da munduaren azkenean ere:

41. Gizonaren Semeak bere aingeruak bidaliko ditu, eta haren erreinutik bereiziko dituzte gaizkileak eta besterentzat gaizpide gertatzen direnak,

42. eta su-labera botako. Negarra eta hortz-karraska izango da han.

43. Orduan, zintzoek eguzkiak bezala distira egingo dute beren Aitaren erreinuan. Ulertzeko gauza denak uler beza!

Altxorraren eta harribitxiaren parabolak

44. «Jainkoaren erregetzarekin, landan ezkutatua dagoen altxorrarekin bezala gertatzen da. Norbaitek aurkitzen duelarik, berriro ezkutatu egiten du, eta pozaren pozez joan, dituen guztiak saldu eta landa hura erosten du.

45. «Era berean, Jainkoaren erregetzarekin, harribitxi bila dabilen tratulariarekin bezala gertatzen da.

46. Balio handiko bat aurkitzen duenean, joan, bere gauza guztiak saldu eta erosi egiten du.

Sarearen parabola

47. «Jainkoaren erregetzarekin, uretara botatzen den eta mota guztietako arrainak biltzen dituen sarearekin bezala gertatzen da.

48. Betea denean, bazterrera ateratzen dute; gero, eseri eta onak saskira biltzen dituzte eta txarrak kanpora botatzen.

49. Berdin izango da munduaren azkenean: aingeruek etorri eta gaiztoak zintzoen artetik bereiziko dituzte,

50. eta su-labera botako. Negarra eta hortz-karraska izango da han».

Parabolen konklusioa

51. —Ulertu al duzue hau guztia? —galdetu zien Jesusek ikasleei.—Bai —erantzun zioten.

52. Hark esan zien:—Beraz, Jainkoaren erregetzaren jakinduriaz jantzia dagoen lege-maisua, bere altxorretik zahar eta berriak ateratzen dituen etxeko jaunaren antzekoa da.

Jesus, jende-taldeak utzirik, ikasleengana bildu (13,53—16,20)

Jesus bere jaioterrian gaitzetsia

53. Jesusek, parabola hauek amaitu zituenean, alde egin zuen handik.

54. Bere herrira heldurik, irakasten hasi zitzaien sinagogan. Jendeak, harriturik, honela zioen: «Nondik du honek horrelako jakinduria, eta nondik mirari horiek?

55. Ez al da, bada, arotzaren semea? Honen amak ez ote du izena Maria, eta honen anaiek Santiago, Jose, Simon eta Judas?

56. Eta honen arrebak ez ote dira denak gure artean bizi? Nondik du, beraz, hori guztia?»

57. Eta honengatik, ezin zuten sinetsi harengan.Jesusek esan zien: «Profeta bati edonon ematen zaio ohore, bere herrian eta etxean izan ezik».

58. Eta ez zuen han mirari askorik egin, ez baitzuten sinesten.