Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28

Itun Zaharra

Itun Berria

Mateo 11 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Harrera eta ukapena: Jesus eta haren gizaldia elkarren aurka (11,1—12,50)

1. Jesus, bere hamabi ikasleei argibide hauek ematen amaitu zuenean, joan egin zen handik, herriz herri irakastera eta mezua hots egitera.

Joan Bataiatzailearen galdera eta Jesusen aitorpena

2. Joan Bataiatzaileak Mesiasen egintzen berri izan zuen kartzelan, eta bere ikasle batzuk bidali zizkion

3. galdetzera: “Zu al zara «Etortzekoa”, ala besteren baten zain egon behar dugu?»

4. Jesusek erantzun zien:—Zoazte eta esan Joani entzuten eta ikusten duzuena:

5. itsuek ikusi egiten dute eta herrenak badabiltza, legendunak garbi gelditzen dira eta gorrek entzun egiten, hildakoak piztu egiten dira eta behartsuei berriona ematen zaie.

6. Eta zoriontsua sinesteko oztoporik niregan aurkitzen ez duena!

7. Haiek alde egitean, Jesus Joani buruz hitz egiten hasi zitzaion jendeari: «Zer ikustera irten zineten basamortura? Haizeak kulunka darabilen kanabera?

8. Zer ikustera irten zineten bestela? Soineko apainez jantzitako gizona? Jantzi apainekoak errege-jauregietan bizi ohi dira.

9. Zer ikustera irten zineten, bada? Profetaren bat? Bai, noski, eta profeta baino ere handiagoa.

10. Hartaz dago idatzia Liburu Santuan: Begira, neure mezularia bidaltzen dut zure aurretik; hark prestatuko dizu aurretik bidea.

11. Benetan diotsuet: Ez da amaren semerik sortu Joan Bataiatzailea baino handiagorik; hala ere, Jainkoaren erreinuko txikiena ere hura baino handiagoa da.

12. «Joan Bataiatzailea agertu zenetik gaurdaino Jainkoaren erreinua indarrez hartzen da, eta indar egiten dutenek eskuratzen dute.

13. Profeta guztien eta Moisesen agintzarien epea Joan Bataiatzailearekin bukatzen da.

14. Joan hau duzue, nahi baduzue onartu, etortzekoa zen Elias.

15. Ulertzeko gauza denak uler beza.

16. «Norekin konparatuko dut oraingo gizaldi hau? Plazan eseriak dauden mutikoen antzekoa da, honela ari baitzaizkio elkarri:

17. “Txistua jo dizuegu eta zuek dantzarik ez; hiletak jo eta zuek aienerik ez”.

18. Etorri zen Joan, ez jan eta ez edan egiten ez zuela, eta burutik egina dagoela diote.

19. Etorri da Gizonaren Semea, jan-edan egiten duela, eta honela diote: “A zer tripazain eta mozkorra, zergalari eta bekatarien laguna!” Baina egiteek aitortzen dute Jainkoaren jakinduria zuzena dela».

Jesusek Galileako herriak madarikatu

20. Gero, miraririk gehienak egin zitueneko herriak madarikatzen hasi zen Jesus, bihozberritu ez zirelako.

21. «Ai zu, Korozain! Ai zu, Betsaida! Izan ere, Tiro eta Sidon hiri jentiletan zuengan adina mirari gertatu izan balitz, aspaldi bihozberrituak ziratekeen, dolu-jantziz eta hautsez estalirik.

22. Horregatik, hona nik esan: Auzi-egunean, Tiro eta Sidonek zigor bigunagoa izango dute zuek baino.

23. Eta zu, Kafarnaum, «zeruraino altxatuko al zara? Lurraren barreneraino eroriko zara!«Izan ere, zuregan adina mirari gertatu izan balitz Sodoman, oraindik gaur zutik iraungo zukeen.

24. Horregatik, hona nik esan: Auzi-egunean, Sodomak zigor bigunagoa izango du zuk baino».

Ebanjelioa jende xumeari agertua. Aita eta Semea

25. Behin batean, Jesus honela mintzatu zen: «Goresten zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsu eta ikasiei ezkutatu dizkiezulako eta jende xumeari agertu.

26. Bai, Aita, goretsia zu, horixe izan baituzu gogoko.

27. «Nire Aitak nire esku utzi du dena. Eta inork ez du Semea ezagutzen, Aitak baizik; ezta Aita ere inork ezagutzen, Semeak baizik eta Semeak agertu nahi dionak.

«Zatozte niregana»

28. «Zatozte niregana, nekatu eta zamatu guztiok, eta neuk emango dizuet atseden.

29. Hartzazue nire uztarria eta ikasi niregandik, gozoa eta bihotz-apala bainaiz ni, eta aurkituko duzue bizitzarako atsedena;

30. eramanerraza baita nire uztarria eta arina nire zama».