Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36
  37. 37
  38. 38
  39. 39
  40. 40
  41. 41
  42. 42
  43. 43
  44. 44
  45. 45
  46. 46
  47. 47
  48. 48
  49. 49
  50. 50
  51. 51
  52. 52

Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremias 35 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Jeremias eta rekabetarrak

1. Josiasen seme Joiakim Judako errege zela, agindu hau eman zion Jaunak Jeremiasi:

2. «Zoaz Rekaben leinukoengana eta hitz egizu beraiekin. Gero, ekar itzazu tenpluko gela batera eta eman ardoa edateko».

3. Joan nintzen, bada, Jeremiasen seme eta Habatziniasen biloba zen Jaazaniasen eta beronen senide eta seme-alaben bila. Rekaben leinuko guztiak bildurik,

4. tenplura eraman nituen, Igdaliasen seme Ben-Hananen gelara. Jainkoaren gizona zen Ben-Hanan; bere gela buruzagien areto ondoan zeukan, Xalumen seme Maaseias atezainaren gela gainean.

5. Ardoz beteriko pitxer eta kopak eskaini nizkien rekabetarrei, eta edateko erregutu.

6. Haiek esan zidaten: «Ez dugu ardorik edaten. Rekaben seme eta gure arbaso Jonadabek agindua dugu: “Ez duzue ardorik edango, ez zuek, ez zeuen ondorengoek ere;

7. ez duzue etxerik eraikiko, ez hazirik ereingo, ez mahastirik landatuko nahiz izango; baizik eta oihal-etxoletan biziko zarete zeuen bizitza guztian. Horrela, luzaro biziko zarete etorkin bezala zaudeten lurralde honetan”.

8. Hala, Rekaben seme Jonadab gure arbasoari obedituz, ez dugu ardorik inoiz ere edaten, ez guk, ez gure emazte eta seme-alabek ere;

9. ez dugu etxerik eraikitzen bertan bizitzeko, ez dugu mahastirik, ez eta sororik ere ereiteko,

10. baizik eta oihal-etxoletan bizi gara. Hitz batean, gure arbaso Jonadabek agindu guztia zehatz betetzen dugu.

11. Baina Babiloniako errege Nabukodonosor gure lurraldean indarrez sartu zenean, Jerusalemera etortzea erabaki genuen, babiloniarren eta aramearren gudarostetik ihesi. Eta une honetan Jerusalemen gaude».

12. Orduan, Jaunak Jeremiasi,

13. beraren mezu hau Judako eta Jerusalemgo jendeari adieraztera joateko agindu zion: «Nik, Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak, galdetzen dizuet: Ez al duzue rekabetarren ikasbidea jaso behar eta nire esanak aditu?

14. Rekaben seme Jonadabek ardorik ez edateko agindu zien bere ondorengoei, eta hauek ez dute gaurdaino edan, beren arbasoaren agindua betez. Nik etengabe hitz egin dizuet, baina zuek jaramonik ez.

15. Etengabe bidali dizkizuet neure zerbitzari profetak, esanez: “Utzi zeuen jokabide gaiztoa, zuzendu zeuen egintzak; ez ibili jainko arrotzen ondoren, beraiei kultua emanez; horrela, zeuei eta zuen gurasoei emandako lurraldean biziko zarete”. Baina ez didazue aditu, ezta jaramonik egin ere.

16. Jonadaben ondorengoek, bai, betetzen dute beren arbasoak emandako agindua; herri honek, berriz, ez dit jaramonik egiten.

17. Horregatik, honela diot nik, Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Iragarriak ditudan zoritxar guztiak bidaliko ditut Judako eta Jerusalemgo bizilagunon gainera, hitz egindakoan aditu ez eta dei egindakoan erantzun ez didazuelako».

18. Gero, Jaun ahalguztidunaren, Israelgo Jainkoaren, mezu hau adierazi zien Jeremiasek Rekaben leinukoei: «Zuen arbaso Jonadaben agindua aditu eta hark agindutako guztiak arretaz bete dituzuelako,

19. hau diot nik, Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: Rekaben seme Jonadabek beti izango ditu ondorengoak nire herrian».