Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36
  37. 37
  38. 38
  39. 39
  40. 40
  41. 41
  42. 42
  43. 43
  44. 44
  45. 45
  46. 46
  47. 47
  48. 48
  49. 49
  50. 50
  51. 51
  52. 52

Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremias 36 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Jeremiasek Baruki Jaunaren mezuak idazteko agindu

1. Josiasen seme Joiakimen, Judako erregearen, laugarren urtean, agindu hau eman zion Jaunak Jeremiasi:

2. «Hartu idazteko erroilu bat eta idatzi bertan Josiasen garaitik hasi eta gaurdaino Israeli, Judari eta beste nazio guztiei buruz adierazi dizkizudan mezuak.

3. Beharbada, jabetuko da Juda herria beraren aurka prestaturik daukadan zoritxar handiaz eta itzuliko bere jokabide gaiztotik. Eta beren gaiztakeria eta bekatuak barkatuko dizkiet».

4. Orduan, Jeremiasek Neriasen seme Baruki deitu zion, eta honek Jaunaren mezu guztiak idatzi zituen Jeremiasen esanera.

Barukek Jaunaren mezuak tenpluan irakurri

5. Gero, honela agindu zion Jeremiasek Baruki: «Begira, ni ez naiteke joan Jaunaren etxera, debekatu egin baitidate.

6. Zoaz zeu hurrengo barau-egunean eta irakurri tenpluan, herriaren aurrean, nik esanik erroiluan idatzi duzun Jaunaren mezua; irakurri Judako hirietatik etorriko diren guztiei ere.

7. Ea Jaunari erregutzen dioten eta itzultzen diren beren jokabide gaiztotik, handia baita herri honen aurka Jaunak agertu duen haserre-sumina».

8. Neriasen seme Barukek Jeremias profetak agindutako guztia egin zuen: tenplura joan eta Jaunaren mezua irakurri zuen liburutik.

9. Josiasen seme Joiakim Judako erregearen bosgarren urtean, bederatzigarren hilean, barau-eguna aldarrikatu zuten Jaunaren ohorez, eta Jerusalemen bildu ziren bertako jendea eta Judako hirietatik etorriak.

10. Barukek liburuan idatzitako Jeremiasen mezua irakurri zuen herri guztiaren aurrean. Xafanen seme Gemarias gorteko idazkariaren gelan kokatu zen horretarako, Ate Berriaren sarreran zegoen goiko atarian.

11. Xafanen seme eta Gemariasen biloba Mikeas, Barukek liburutik irakurritako Jaunaren mezua entzutean,

12. erregearen jauregira jaitsi zen, idazkariaren gelara. Gelan goi-funtzionarioak zeuden bilduta: Elixama, gorteko idazkaria; Delaias, Xemaiasen semea; Elnatan, Akborren semea; Gemarias, Xafanen semea; Sedekias, Hananiasen semea, eta beste funtzionarioak.

13. Barukek herriari liburutik irakurtzean, hari entzundako guztia adierazi zien Mikeasek.

14. Orduan, Nataniasen seme Jehudi bidali zuten Barukengana —Natanias, Xelemiasen seme eta Kuxiren biloba zen—, herriaren aurrean irakurritako erroiluarekin etortzeko esatera. Erroilua hartu eta haien aurrean aurkeztu zenean,

15. esan zioten:—Eser zaitez eta irakurri liburua gure aurrean.Hala egin zuen Barukek.

16. Hitz haiek entzutean, izuak jota, esan zioten elkarri:—Hau guztia erregeari adierazi beharra dugu derrigorrez.

17. Gero, Baruki esan zioten:—Esaguzu nola idatzi duzun hori guztia.

18. Barukek erantzun zien:—Jeremiasek berak esan dizkit banan-banan hitz guztiok eta nik liburuan idatzi ditut tintaz.

19. Orduan, funtzionarioek esan zioten:—Zoaz eta ezkutatu Jeremias eta biok, eta ez dezala jakin inork ere non zaudeten.

Joiakim erregeak Jeremiasen liburua erre

20. Goi-funtzionarioak, liburua Elixama idazkariaren gelan utzirik, jauregira joan ziren erregeari arazoaren berri ematera.

21. Erregeak Jehudi bidali zuen Elixamaren gelatik liburua ekartzera. Jehudik liburua ekarri eta irakurri egin zuen erregearen eta inguruan zituen funtzionarioen aurrean.

22. Negua zen, bederatzigarren hila, eta erregea neguko gelan zegoen eserita, su-ontzia pizturik aurrean zuela.

23. Jehudik hiruzpalau orrialde irakurtzen zitueneko, erregeak aiztoz moztu eta sutara botatzen zituen, erroilu guztia sutan erre arte.

24. Hitz haiek ez zien zirrararik egin, ez zuten damu-keinurik ere azaldu, ez erregeak, ez funtzionarioek.

25. Eta Elnatanek, Delaiasek eta Gemariasek liburua ez erretzeko eskatu zioten arren, erregeak ez zien aditu nahi izan.

26. Aitzitik, Jeremias profeta eta Baruk idazkaria atxilotzeko agindu zien erregeak Jerahmeel errege-familiako printzeari, Azrielen seme Seraiasi eta Abdeelen seme Xelemiasi. Baina Jaunak ezkutuan jarriak zituen.

Jeremiasek liburua berriro idatzi

27. Jeremiasen esanera Barukek idatzitako erroilua erregeak erre ondoren, Jaunak agindu hau eman zion Jeremiasi:

28. «Hartu beste erroilu bat eta idatzi bertan Judako errege Joiakimek erretakoan zetorren mezu bera.

29. Gero, hau esango diozu nire izenean Judako errege Joiakimi: Erre egin duzu liburua, eta Babiloniako erregea lurralde hau eta bertako gizaki eta abereak suntsitzera egiaz etorriko dela idatzi izana aurpegira bota didazu.

30. Nik, beraz, Jaunak, hauxe diotsut, Joiakim, Judako errege horri: Zure ondorengo inor ez da eseriko Daviden tronuan. Eta zure gorpuak, ehortzi gabe, eguneko beroa eta gaueko hotza jasango ditu.

31. Zigortu egingo zaituztet zeu, zure ondorengo eta funtzionarioak, zeuen bekatuengatik. Mehatxuz iragarri nizkizuen zorigaitzak bidaliko dizkizuet zuei eta Jerusalemgo eta Judako bizilagunei, ez baitidazue jaramonik egin».

32. Jeremiasek beste erroilu bat hartu eta Neriasen seme Baruk idazkariari eman zion. Honek, Judako errege Joiakimek sutan erretako liburuan idatzirik zegoen guztia berridatzi zuen Jeremiasen esanera, eta hari bereko beste gauza asko erantsi zion gainera.