Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36
  37. 37
  38. 38
  39. 39
  40. 40
  41. 41
  42. 42
  43. 43
  44. 44
  45. 45
  46. 46
  47. 47
  48. 48
  49. 49
  50. 50
  51. 51
  52. 52

Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremias 42 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Jaunari otoitz egiteko eskatu iheslariek Jeremiasi

1. Orduan, gudalburu guztiek, Kareahen seme Johananek eta Hoxaiasen seme Azariasek batik bat, eta berekin zuten jendeak, txiki nahiz handi, Jeremiasengana hurbildu

2. eta esan zioten profetari:—Mesedez, onartu gure eskaria! Otoitz egiozu Jaunari, zeure Jainkoari, gelditzen garenon alde. Lehen asko ginen, baina orain gutxi gelditzen gara, ikus dezakezunez.

3. Erakuts diezagula Jaunak, zeure Jainkoak, zein bidetatik jo eta zer egin.

4. Jeremiasek erantzun zien:—Ongi da! Berehala egingo diot otoitz Jaunari, zuen Jainkoari, eskatzen didazuen bezala, eta oso-osorik adieraziko dizuet haren erantzuna, ezer gorde gabe.

5. Orduan, haiek Jeremiasi:—Zintzo eta leial den Jaunaren aurrean agintzen dizugu, Jaunak, zure Jainkoak, zure bitartez esango digun guztia beteko dugula.

6. Ararteko egiten zaitugu Jaunaren aurrean. Atsegina izan ala ez, beteko dugu hark agindua. Horrela, Jaunari obedituz, ongi izango gara.

Jaunak Jeremiasi erantzun

7. Handik hamar egunera Jaunak erantzuna eman zion Jeremiasi.

8. Deitu zien honek Kareahen seme Johanani, gudalburuei eta beraiekin zen jende guztiari, txiki nahiz handiei,

9. eta honela hitz egin zien: «Zuek ararteko egin nauzue zuen eskariak Jaunari aurkezteko. Hona Jaunaren, Israelgo Jainkoaren, erantzuna:

10. “Herrialde honetan bizitzen gelditzen bazarete, eraitsi ordez eraiki egingo zaituztet eta erauzi ordez landatu, damutu egin bainaiz egin dizuedan kalteaz.

11. Ez izan horrenbesteko ikara ematen dizuen Babiloniako erregearen beldur; ez izan beldur, zuekin bainago ni zuek salbatzeko, haren eskuetatik onik ateratzeko.

12. Barru gupidatsua emango diot eta errukitu egingo zaizue, eta zeuen herrialdean bizitzen utziko”.

13-14. «Baina esaten baduzue: “Ez, Egiptora goaz, han ez dugu gerrarik ikusiko, ez turuta-hotsik entzungo, ez goserik izango; Egipton bizi nahi dugu”, horrela Jaunari entzungor eginez, eta herrialde honetan gelditu nahi ez baduzue,

15. orduan, entzun Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak, Judan bizirik geldituoi esaten dizuena: “Baldin Egiptora bizitzera joateko erabakian tematzen bazarete,

16. Egipton harrapatu eta joko zaituztete horrenbesteko beldur-larria diozuen gerrak eta goseak, eta hantxe hilko zarete.

17. Egiptora bizitzera joaten lehiatzen diren guztiak han hilko dira gerraz, goseak eta izurriz; ez da inor ere bizirik geldituko, bidaliko diedan zorigaitzak jotzean”.

18. «Bai, honela dio Jaun ahalguztidunak, Israelen Jainkoak: “Nola isuri ziren nire haserre-suminak Jerusalemen bizi zirenen aurka, hala isuriko dira zuen aurka ere, Egiptora joaten bazarete. Zori beldurgarria izango da zuena: madarikazioa, gaitzespena eta lotsa gorria. Eta ez duzue gehiago aberria ikusiko”.

19. Judan bizirik geldituoi Egiptora ez joateko agintzen dizue Jaunak. Kontura zaitezte ongi gaur egiten dizuedan oharpen honetaz.

20. Zeuen buruak engainatzen ari zarete; lehenengo, zeuen ararteko egin nauzue, Jaunari, zeuen Jainkoari, otoitz egin eta haren erantzuna osorik zuei jakinarazteko eskatuz, beteko zenutela eta;

21. orain, berriz, erantzuna jakinaraztean, ez duzue aditu nahi Jaunak zuei adierazteko esan didana.

22. Beraz, jakin ongi, gerraz, goseak eta izurriz hilko zaretela bizitzera joan nahi duzuen lurraldean».