Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28

Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 4 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Pedro eta Joan judu-biltzarraren aurrean

1. Oraindik Pedro eta Joan herriari mintzatzen ari zitzaizkiola, apaizak, tenpluko guardiaburua eta saduzearrak agertu zitzaizkien.

2. Oso haserre zeuden, apostoluek Jesusengan hildakoen piztuera gertatu zela herriari irakasten eta hots egiten ziotelako.

3. Beraz, atxilotu eta kartzelan sartu zituzten hurrengo eguna arte, berandu baitzen.

4. Baina predikua entzuniko askok sinetsi egin zuten, eta gizonezko fededunak bost milaren bat izatera iritsi ziren.

5. Biharamunean, herriko agintari, zahar eta lege-maisuak Jerusalemen bildu ziren;

6. han ziren Anas apaiz nagusia, Kaifas, Joan, Alexandro eta apaizburuen familietako guztiak.

7. Pedro eta Joan beren aurrera ekarrarazi eta galdetu zieten: «Zer ahalmenez egin duzue hori? Nork eman dizue eskubidea?»

8. Pedrok, Espiritu Santuaz beterik, erantzun zien: «Herriko agintari eta zaharrok,

9. gaur, gaixo bati egin zaion mesedea dela eta, noren eskuz sendatu den galdetzen zaigu.

10. Bego argi, bada, zuentzat eta Israel herri osoarentzat, zuek gurutziltzatu eta Jainkoak hildakoen artetik piztu zuen Jesu Kristo Nazaretarraren ahalmenaz daukazuela gizon hau zeuen aurrean sendaturik.

11. Jesus hauxe da zuek, etxegileok, mespretxaturiko harria, giltzarri gertatu dena.

12. Honengan bakarrik dugu salbamena, ez baitigu Jainkoak gizon-emakumeoi beste inor eman eguzkiaren azpian, salba gaitzakeenik».

13. Pedroren eta Joanen ausardia ikusi eta gizon eskolagabe eta arruntak zirela jabeturik, harrituak zeuden. Bazekiten, alde batetik, Jesusen lagun izanak zirela,

14. eta han zeukaten, bestetik, beren aurrean zutik, sendaturiko gizona. Ez zuten, beraz, aurka egiterik.

15. Hala, biltzarretik ateratzeko agindu zieten eta honela ziharduten beren artean:

16. «Zer egin gizon hauekin? Izan ere, ageri-ageriko miraria egin dute: ongi daki hori Jerusalem osoak, eta ezin dugu ukatu.

17. Alabaina, herrian hori gehiago zabal ez dadin, mehatxatu egingo ditugu, gaurdanik Jesusen izena inori aipa ez diezaioten».

18. Deitu zituzten, bada, eta Jesusi buruz hitz egitea edo irakastea zorrotz debekatu zieten.

19. Baina Pedrok eta Joanek erantzun zieten: «Zeuek ikusi Jainkoarentzat zuzena ote den guk zuen esana egitea harena egin ordez.

20. Guk ezin dugu, inola ere, entzun eta ikusi duguna isilik gorde».

21. Berriro mehatxatu ondoren, askatu egin zituzten. Ez zuten aurkitzen haiek zigortzeko erarik, herriaren beldurrez, jende guztiak Jainkoa goresten baitzuen gertatu zenarengatik.

22. Izan ere, miragarriro sendaturiko gizonak bazituen berrogeitik gora urte.

Elkartea otoitzean. Espiritua jaitsi

23. Libre utzi zituztenean, senideengana itzuli ziren, eta apaizburu eta zaharrek esandako guztia kontatu zieten.

24. Entzutean, denek otoitz egin zioten goraki eta aho batez Jainkoari: «Jauna, zuk egin zenituen zeru-lurrak eta itsasoa, eta horietan bizi diren guztiak;

25. zuk esan zenuen Espiritu Santuaren bidez eta gure aita David zeure zerbitzariaren ahoz: «Zergatik dabiltza iskanbilan nazioak, eta asmo ustelak asmatzen herriak?

26. Mundu honetako erregeak altxatu dira, eta agintedunek elkar hartu dute Jaunaren eta berak aukeraturiko Mesiasen aurka.

27. «Bai, hala elkartu dira hiri honetan Herodes eta Pontzio Pilato atzerriko nazioekin eta Israel herriarekin, zuk Mesias egin zenuen Jesus zure zerbitzari santuaren aurka.

28. Horrela, zure ahalmenak eta gogoak aurrez erabakia zutena bete dute horiek.

29. Begira orain, Jauna, nola mehatxatzen gaituzten; emaguzu zeure zerbitzarioi zure hitza ausardia osoz predikatzea.

30. Eta luzatu eskua, zure zerbitzari Jesusen bidez sendakuntza, mirari eta egintza harrigarriak gerta daitezen».

31. Otoitza bukatzearekin batera, bilduak zeudeneko tokia dardaratu egin zen; denak Espiritu Santuaz beterik gelditu ziren, eta Jainkoaren hitza ausardiaz predikatzen zuten.

Apostoluen aldia (4,32—5,42)

Elkartearen bizimodua: ondasun-erkidegoaondasun-erkidegoa: Ik. 2,43 oh.

32. Fededun guztiak bat ziren bihotzez eta gogoz, eta inork ez zuen esaten zeukana berea zuenik, baizik eta dena denena zuten.

33. Apostoluek indar eta eragin handiz egiten zuten Jesus Jaunaren piztueraren testigantza. Jendeak oso estimatuak zituen;

34. izan ere, ez zen haien artean behartsurik, zeren lurrik edo etxerik zutenek, dena saldu eta salmentaren ordaina

35. apostoluen esku jartzen zuten; eta bakoitzari behar zuena ematen zitzaion.

36. Hala egin zuen Josek, apostoluek Bernabe —hau da, Adore-emaile— deitu zutenak; lebitarra zen eta jaiotzez zipretarra.

37. Bazuen soro bat eta, saldurik, ordaina jaso eta apostoluen esku utzi zuen.