Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28

Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 10 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Pedro eta Kornelio

1. Bazen Zesarean Kornelio izeneko gizon bat, «Italika» zeritzan gudari-taldeko ehuntaria.

2. Bere etxeko guztiak bezala, Israelen Jainkoa gurtzen zuen eta jainkozalea zen; limosna asko ematen zizkion judu-herriari eta otoitz egiten zion Jainkoari ohiko orduetan.

3. Egun batean, arratsaldeko hirurak aldera, ikuskari bat izan zuen: argi ikusi zuen, nola Jainkoaren aingeruak zegoen lekura sartu eta bere izenez deitzen zion.

4. Kornelio begira gelditu zitzaion eta, beldurrak harturik, galdetu zion:—Zer duzu, Jauna?Aingeruak erantzun zion:—Zure otoitz eta limosnak atsegin izan zaizkio Jainkoari eta gogoan ditu.

5. Bidal ezazu, bada, norbait Jopera, Simoni, Pedro ere deituari, etortzeko esatera.

6. Beste Simon baten etxean dago ostatuz; larrugina da Simon hau eta itsasertzean du etxea.

7. Hitz egin zion aingeruak alde egin orduko, bere konfiantzako bi morroiri eta laguntzaile zuen soldadu jainkozale bati deitu

8. eta, guztiaren berri eman ondoren, Jopera bidali zituen.

9. Biharamunean, mandatariok bidez zihoazela eta jadanik hiritik hurbil zirela, Pedro terrazara igo zen eguerdi aldera otoitz egitera.

10. Goseturik, zerbait hartu nahi izan zuen. Prestatzen ari zitzaizkion bitartean, goi-ikuskari hau izan zuen:

11. zerua zabalik ikusi zuen eta oihal handi baten antzeko zerbait, lau puntetatik zintzilik, lurreraino jaisten.

12. Mota guztietako lauoineko, narrasti eta hegaztiak zituen barruan.

13. Eta mintzo batek esan zion:—Ea, Pedro! Hil eta jan.

14. Pedrok erantzun zuen:—Inola ere ez, Jauna! Ez dut egundaino ezer lohirik edo kutsaturik jan.

15. Eta mintzoak bigarrenez esan zion:—Jainkoak garbi egin duena, zuk ez esan kutsatua denik.

16. Hiru bider gertatu zen hori, eta ondoren zerura jaso zuten gauza hura.

17. Pedro ikuskari hark zer esan nahi ote zuen asmatu ezinik zegoen. Hartan, Simonen etxeaz galdezka ibili ondoren, atarian agertu ziren Korneliok bidalitako gizonak,

18. eta, dei eginik, Simon, Pedro ere deitua, ostatuz han ote zegoen galdetu zuten.

19. Pedro oraindik bere ikuskariaz gogoetan ari zen. Eta Espirituak esan zion: «Hor dituzu hiru gizonezko zeure bila.

20. Jaitsi berehala eta zoaz beroriekin kezkarik gabe, neuk bidali dizkizut eta».

21. Jaitsi zen Pedro haiengana, eta esan zien:—Neu naiz bilatzen duzuena. Zerk ekarri zaituzte hona?

22. Haiek erantzun zioten:—Kornelio ehuntariaren partetik gatoz. Gizon zuzena da eta Israelen Jainkoa gurtzen duena, eta judu guztien artean izen onekoa. Jaunaren aingeruak agindu dio, zu bere etxera eramateko eta zure hitzak entzuteko.

23. Orduan, etxean sartu eta ostatu eman zien Pedrok.Biharamunean, beraiekin abiatu zen, Jopeko zenbait senide lagun harturik.

24. Hurrengo egunean Zesareara iritsi ziren. Kornelio zain zegoen, bere ahaideak eta adiskiderik minenak bildurik.

25. Pedro sartzera zihoala, Kornelio bidera atera zitzaion eta oinetara ahuspeztu.

26. Baina Pedrok zutiarazi egin zuen, esanez: «Altxa zaitez, gizaki hutsa naiz ni ere».

27. Ondoren, harekin hizketan etxean sartu zen Pedro; jende asko aurkitu zuen bildurik,

28. eta esan zien: «Dakizuen bezala, judu batek debekatua dauka atzerritarrekin inolako harremanik izatea nahiz haien etxean sartzea. Baina niri Jainkoak erakutsi dit ez dudala inor lohi edo kutsatutzat hartu behar.

29. Horregatik, ez dut eragozpenik izan etortzeko, deitu didazuenean. Esadazue, bada, zergatik ekarri nauzuen».

30. Korneliok erantzun zion: «Duela lau egun, ordu honetantxe, arratsaldeko hiruretan, otoitzean ari nintzen etxean. Bat-batean, gizon bat agertu zitzaidan aurrean, jantzi distiratsuz,

31. eta esan zidan: “Kornelio, entzun du Jainkoak zure otoitza eta gogora ekarri zure limosnak.

32. Bidal ezazu, bada, norbait Jopera, Simoni, Pedro ere deituari, etortzeko esatera. Simon larruginaren etxean dago ostatuz, itsasertzean”.

33. Berehala bidali nizun mandatua, eta zuk etortzeko borondatea izan duzu. Hemen gaituzu, bada, orain guztiok Jainkoaren aurrean; prest gaude Jaunak guri esateko agindu dizun guztia entzuteko».

Pedroren hitzaldia Kornelioren etxean

34. Orduan, honela mintzatu zen Pedro: «Orain jabetzen naiz benetan Jainkoak ez duela bereizketarik egiten,

35. baizik eta berari begirune dion eta beraren nahia betetzen duen edonor duela gogoko, herri batekoa nahiz bestekoa izan.

36. Hark bere mezua bidali die israeldarrei, guztien Jauna den Jesu Kristoren bidez bakearen berri ona iragarriz.

37. Badakizue, Galilean hasi eta Judea osoan, Joanek predikatu eta bataiatu ondoren, gertatu zena,

38. Nazareteko Jesusena, alegia: Jainkoak Espiritu Santuaz eta indarrez gantzutu zuen, eta hark on egiten eta deabruaren menpe zeuden guztiak sendatzen igaro zuen bere bizitza, Jainkoa berekin baitzuen.

39. Eta gu gara hark juduen lurralde osoan eta Jerusalemen egindako guztien lekuko. Jesus hau egur batetik zintzilik hil zuten;

40. baina Jainkoak piztu egin zuen hirugarren egunean eta agertzeko ahalmena eman zion,

41. ez herriko guztiei, Jainkoak aurrez testigutzat aukeratutakoei baizik, guri alegia, hura hildakoen artetik piztu ondoren berarekin jan eta edan dugunoi.

42. Jesusek berak agindu zigun herriari predikatzeko, bera dela Jainkoak bizien eta hildakoen epaile ezarri duena aitortuz.

43. Profeta guztiek testigantza hau egiten dute hartaz: harengan sinets dezaten guztiek bekatuen barkamena hartuko dutela beraren bitartez».

Espiritua jentilengana jaitsi

44. Oraindik Pedro hizketan ari zela, Espiritu Santua jaitsi zen mezua entzuten ari ziren guztien gainera.

45. Pedrorekin etorritako fededun juduak txunditurik zeuden, Espiritu Santuaren dohaina jentilen gain ere isurtzen zela ikustean.

46. Izan ere, hizketa arrotzez hitz egiten eta Jainkoa handiesten entzuten zieten. Orduan, Pedrok esan zuen:

47. «Nork uka diezaieke hauei bataioko ura, guk bezalaxe hartu baitute Espiritu Santua?»

48. Eta Jesu Kristoren izenean bataia zitzatela agindu zuen. Ondoren, egun batzuetan bertan gelditzeko eskatu zioten Pedrori.