Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28

Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 17 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Tesalonikan

1. Anfipolisen eta Apolonian barrena, Paulo eta Silas Tesalonikara iritsi ziren; han juduek sinagoga zuten.

2. Paulok, ohi zuenez, haiengana joan eta hiru larunbatez jardun zuen beraiekin eztabaidan. Liburu Santuak oinarri harturik,

3. Mesiasek sufritu eta hildakoen artetik piztu egin behar zuela azaltzen eta frogatzen zien. Eta esaten zien: «Nik hots egiten dizuedan Jesus hauxe da Mesias».

4. Judu batzuek sinetsi egin zuten eta Paulo eta Silasekin elkartu ziren; Israelen Jainkoa gurtzen zuten jentil askok eta emakume handikietako mordoxka batek ere gauza bera egin zuen.

5. Baina juduek, ikusezinez, alfer-gaizto batzuk bildu zituzten eta, jendartean iskanbilak sorraraziz, herria nahastu zuten. Gero, Jasonen etxera oldartu ziren, Pauloren eta Silasen bila, herriko batzarraren aurrera eramateko asmotan.

6. Aurkitu ez zituztelarik, Jason eta beste zenbait senide hiriko agintarien aurrera eraman zituzten arrastaka, eta oihuka zioten: «Mundu guztia nahastu duten horiek bertaraino iritsi zaizkigu,

7. eta Jasonek etxean hartu ditu. Hauek guztiok enperadorearen aginduen aurka ari dira, badela beste errege bat esanez, Jesus alegia».

8. Hitz hauek asaldatu egin zituzten jendea eta agintariak;

9. baina, fidantza kendu ondoren, askatu egin zituzten Jason eta gainerakoak.

Berea hirian

10. Senideek Paulo eta Silas Bereara bidali zituzten berehala, gauez. Iritsi zirenean, juduen sinagogara joan ziren.

11. Bereako juduek, Tesalonikakoak baino jatorragoak izaki eta, gogo biziz hartu zuten mezua; egunero aztertu ohi zituzten Liburu Santuak, gauzak hala ote ziren ikusteko.

12. Haietako askok sinetsi zuten, baita jentilen arteko emakume handiki eta gizonezko mordoxka batek ere.

13. Baina Tesalonikako juduak, Paulok Berean ere Jainkoaren hitza iragartzen ziharduela jakitean, hara joan ziren, hango jendea ere asaldatu eta nahastera.

14. Horregatik, senideek itsasaldera aterarazi zuten Paulo berehala; Timoteo eta Silas Berean gelditu ziren.

15. Paulori laguntzera joan zirenek Atenaseraino eraman zuten eta, itzultzean, Timoteo eta Silasentzat mandatu hau ekarri zuten: ahalik lasterren bil zitezela Paulorekin.

Atenasen: hitzaldia Areopagon

16. Atenasen Timoteo eta Silasen zain zegoela, Paulori barrua sumintzen zion hiria idoloz betea ikusteak.

17. Beraz, juduei eta Israelen Jainkoa gurtzen zuten jentilei sinagogan hitz egiten zien, eta egunero jardun ohi zuen plaza nagusian, bertan gertatzen zirenekin eztabaidan.

18. Zenbait filosofo epikureo eta estoikok ere jardun ohi zuen harekin eztabaidan. Batzuek zioten: «Zer ote dio berritsu honek?» Beste batzuek, berriz: «Jainko arrotzen predikari dirudi».Izan ere, Jesusen eta piztueraren berri ematen zien Paulok.

19. Hartu zuten, bada, berekin eta, Areopagora eramanik, honela galdetu zioten: «Jakin al daiteke zer den irakasten duzun doktrina berri hori?

20. Guztiz ideia bitxiak dakarzkiguzu belarrietara, eta zer esan nahi duten jakin nahi genuke».

21. (Izan ere, atenastar guztiek eta han bizi ziren kanpotarrek azken berrikeriak entzun eta kontatuz eman ohi zuten beren denbora guztia).

22. Paulo honela mintzatu zen, Areopago erdian zutik: «Atenastarrok, edonola ere, guztiz erlijiozale zaretela ikusten dut.

23. Hortik zehar zuen jainko-oroitarriei begira nenbilela, aldare bat aurkitu dut idazkun honekin: “Jainko ezezagunari”. Horra, bada: zuek ezagutu gabe gurtzen duzuena, horixe iragartzen dizuet nik.

24. Mundua eta munduko guztia egin duen Jainkoa zeru-lurren Jauna da eta ez da giza eskuz egindako tenpluetan bizi;

25. ez dute giza eskuek zerbitzatzen ere, ez baitu ezeren beharrik, bera baita denei bizia eta arnasa eta gainerako guztia ematen dizkiena.

26. «Gizon bakar batengandik sorrarazi zituen Jainkoak nazio guztiak, lur zabal osoan bizi zitezen, bakoitzari bere garai eta lur-mugak ezarriz.

27. Eta hau guztia, Jainkoa bila zezaten, ea itsumustuka bederen aurkitzen zuten; izan ere, ez dago guretako bakoitzarengandik urruti,

28. zeren harengan bizi baikara eta harengan mugitzen, eta izan ere harengan baikara; hori bera esan dute zuen olerkari batzuek ere: “Haren jatorrikoak gara”.

29. Beraz, Jainkoaren jatorrikoak bagara, ez genezake pentsa Jainkoa giza trebetasunak eta irudimenak landutako urre, zilar edo harrizko irudien antzeko denik.

30. Baina Jainkoak ez du kontuan hartu nahi izan gizakien iraganaldia, ezjakinean bizi izan zireneko garaia, eta bihozberritzeko agintzen die orain guztiei edonon.

31. Erabakia baitu mundua justiziaz epaituko duen eguna, eta horretarako ezarri duen gizonaren bidez epaituko ere, berau hildakoen artetik piztuz denei ziur erakutsi dien bezala».

32. «Hildakoen piztuera» aipatzen zuela entzutean, batzuk barrez hasi zitzaizkion; beste batzuek, berriz, esan zioten: «Beste batean entzungo dizugu horretaz».

33. Paulok, orduan, alde egin zien.

34. Alabaina, batzuk elkartu zitzaizkion eta sinetsi egin zuten; haien artean, Dionisio Areopagokoa, Damaris izeneko emakume bat eta beste zenbait.