Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28

Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 23 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Paulo honela mintzatu zen, biltzarrari begira: «Anaiok, nik kontzientziarik garbienaz jokatu izan dut Jainkoaren aurrean gaur arte».

2. Honetan, Paulori ezpainetako bat emateko agindu zien Ananias apaiz nagusiak bere laguntzaileei.

3. Orduan, Paulok esan zion: «Jainkoak joko zaitu, horma zuritu hori! Ni legearen arabera epaitzeko zaude hor eseria; nola hausten duzu legea ni jotzeko aginduz?»

4. Han zeudenek esan zioten Paulori:—Jainkoaren apaiz nagusia iraintzen duzu!

5. Paulok, orduan:—Anaiok, ez nekien apaiz nagusia zenik. Bai, Liburu Santuak dio: Ez madarikatuzeure herriko buruzagia.

6. Bai baitzekien batzuk fariseuak zirela eta besteak saduzearrak, honela esan zuen Paulok ozenki biltzarraren erdian: «Anaiok, ni fariseua naiz, fariseuen semea, eta hildakoen piztuera espero dudalako naukate auzitan».

7. Hori esan zuenean, sesioa sortu zen fariseuen eta saduzearren artean, eta biltzarra bitan zatitu zen.

8. (Izan ere, saduzearrek ez dute onartzen ez piztuerarik, ez aingerurik, ez espiriturik; fariseuek, aldiz, bai).

9. Izugarrizko iskanbila sortu zen. Fariseuen alderdiko lege-maisu batzuek altxatu eta gogor esan zuten: «Ez dugu honengan errurik aurkitzen. Eta espiritu edo aingeruren batek hitz egin badio, zer?»

10. Sesioa gogortzen ari zen, eta gudalburuak, Paulo txikituko zuten beldurrez, gudari-taldeari jaisteko agindu zion, handik atera eta kuartelera eraman zezaten.

11. Hurrengo gauean, Jauna agertu zitzaion Paulori eta esan zion: «Izan bihotz! Jerusalemen nire testigu izan zaren bezala, halaxe behar duzu izan Erroman ere».

Pauloren aurka zelata

12. Eguna zabaltzean, zenbait juduk elkar hartu zuten eta zin egin, ez zutela ez jango eta ez edango Paulori bizia kendu arte.

13. Berrogeitik gora ziren horrela hitzartuak.

14. Apaizburu eta zaharrengana joan ziren, bada, eta esan zieten: «Zin eginez hitzeman dugu ez dugula deus hartuko, Paulo hiltzen ez dugun bitartean.

15. Orain, bada, zuek, biltzarrarekin elkar harturik, eskaiozue gudalburuari Paulo bihar zuengana ekartzeko, haren arazoa xehekiago aztertu nahiko bazenute bezala. Eta gu gertu egongo gara, hura bidean garbitzeko».

16. Baina Pauloren ilobak, arrebaren semeak, azpikeria horren berri jakin zuen eta kuartelera joan zen, Paulori jakinaraztera.

17. Paulok ehuntari bati deitu eta esan zion:—Eramazu gazte hau gudalburuagana; badu zerbait hari esateko.

18. Eraman zuen, bada, ehuntariak gudalburuagana eta esan zion:—Paulo presoak deitu dit eta gazte hau zuregana ekartzeko eskatu; zerbait omen du zuri esateko.

19. Gudalburuak eskutik hartu zuen eta, aparte eramanik, galdetu zion:—Zer duzu esateko?

20. Mutilak erantzun zion:—Juduak elkar harturik daude, bihar Paulo Biltzar Nagusira eraman dezazula zuri eskatzeko, haren arazoa xehekiago aztertzeko aitzakiaz.

21. Baina zuk ez sinetsi, berrogeitik gora gizonek zelata jarriko baitiote; zin egina dute ez dutela jango, ez edango, Paulo garbitu arte. Prest daude dagoeneko, zuk beraien eskabideari erantzun zain.

22. Gudalburuak bidali egin zuen mutila, esanez:—Ez esan inori honen berri eman didazunik.

Paulo Zesareara eramana

23. Gudalburuak, orduan, bi ehuntariri deitu eta agindu hauek eman zizkien: «Eduki itzazue prest gaueko bederatzietarako berrehun soldadu oinezko, hirurogeita hamar zaldizko eta berrehun lantzari, Zesareara joateko.

24. Gerta itzazue zaldiak ere, Felix gobernariagana Paulo bizirik eta onik eramateko».

25. Eta gutun bat idatzi zuen, honela zioena:

26. «Klaudio Lisiasek Felix gobernari agurgarri horri, agur!

27. «Bidaltzen dizudan gizon hau juduek atxilotu zuten. Eta, hiltzera zihoazela, soldaduekin joan eta atera egin nuen haien eskuetatik, Erromako hiritarra zela jakinik.

28. Zergatik salatzen zuten aztertu nahirik, juduen Biltzar Nagusira eraman nuen.

29. Eta ikusi dut, beren legeko zenbait gorabeheragatik salatzen dutela, baina ez duela heriotza edo kartzela merezi duen errurik.

30. Eta honen kontra zelata bat prestatua dutela jakin dudanez, zuri bidaltzen dizut lehenbailehen, aldi berean salatzaileei adierazten diedalarik zure aurrean agertu behar dituztela beren salakuntzak».

31. Agindu bezala, soldaduek Paulo hartu eta Antipatrisera eraman zuten gauez.

32. Biharamunean, zaldizkoei Paulorekin joaten utzirik, beraiek kuartelera itzuli ziren.

33. Zesareara iritsi zirenean, zaldizkoek gobernariari gutuna eman eta Paulo aurkeztu zioten.

34. Gobernariak gutuna irakurri eta Paulo zein probintziatakoa zen galdetu zuen. Ziliziakoa zela jakinik,

35. esan zion: «Zure salatzaileak datozenean entzungo dizut».Eta Herodesen jauregian giltzapean gorde zezatela agindu zuen.