Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28

Itun Zaharra

Itun Berria

Eginak 3 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Pedro eta Joanen aldia (3,1—4,31)

Tenpluan elbarriaren sendaketa

1. Behin batean, Pedro eta Joan tenplura zihoazen bazkalondoko otoitzera.

2. Tenpluko «Ate Eder» esaten zioten sarreran, jaiotzatik herrena zen gizon bat zegoen. Egunero ezarri ohi zuten han, tenplura sartzen zirenei limosna eskatzeko.

3. Pedro eta Joan sartzen ikusirik, limosna eskatu zien.

4. Haiek begira gelditu zitzaizkion, eta Pedrok esan zion: «Begira guri».

5. Hura adi-adi jarri zitzaien, zerbait emango ziotelakoan.

6. Orduan, Pedrok esan zion: «Ez dut ez urrerik, ez zilarrik, baina dudana emango dizut: Jesu Kristo Nazaretarraren izenean, jaiki eta ibili!»

7. Eta, eskuineko eskutik harturik, altxarazi egin zuen.Bat-batean, gizonaren oinak eta orpoak indartu egin ziren;

8. salto batez zutitu eta ibiltzen hasi zen. Eta apostoluekin batera tenplura sartu zen bere kasa oinez, saltoka eta Jainkoari goraka.

9. Herri osoak ikusi zuen ibiltzen eta Jainkoa goratzen,

10. eta, Ate Eder ondoan eserita limosna eske egoten zena bera zela oharturik, denak zur eta lur gelditu ziren gertatutakoaz.

Pedroren hitzaldia

11. Gizona oraindik Pedro eta Joanekin zegoela, jende guztia, harriturik, haiengana joan zen lasterka, Salomonen aterpera.

12. Herria biltzen ari zela ikustean, honela mintzatu zitzaien Pedro: «Israeldarrok, zergatik harritzen zaituzte gertatu den honek? Edo zergatik zaudete guri begira, gizon hau geure ahalmenaz edo erlijiotasunaz ibilarazi bagenu bezala?

13. «Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainkoak, gure arbasoen Jainkoak, aintzaz bete du Jesus bere zerbitzaria, zuek agintarien eskuetara eman eta Pilatoren aurrean ukatu zenutena, honek askatzea erabaki zuen arren.

14. Santua eta zuzena zen, baina zuek ukatu egin zenuten, eta hiltzaile bat askatzeko eskatu;

15. biziaren sorburua hil zenuten, baina Jainkoak piztu egin du hildakoen artetik; gu gara horren testigu.

16. Bada, Jesusenganako sinesmenari esker, haren indarrak sendatu du zuek ezagutzen eta hemen ikusten duzuen gizon hau; Jesusek ematen duen sinesmenak ekarri dio osasun betea, denok ikus dezakezuenez.

17. «Badakit, senideok, ezjakinean jokatu zenutela zuek, baita zuen agintariek ere.

18. Baina horrela bete zuen Jainkoak, profeta guztien ahoz aurrez iragarria, hots, haren Mesiasek sufritu egin beharko zuela.

19. Bihozberri zaitezte, bada, eta itzuli Jainkoarengana, bekatuak ken dakizkizuen;

20. horrela iritsiko zaizue Jaunaren kontsolazio-garaia, eta hark berriro bidaliko dizue Jesus, zuentzat izendatua zeukan Mesias.

21. Honek zeruan egon behar du oraindik, harik eta gauza guztiak eraberrituko diren garaia, Jainkoak antzinatik bere profeta santuen ahoz iragarria, iritsi arte.

22. «Moisesek, hain zuzen, esan zuen: Ni bezalako profeta sorraraziko dizue Jaunak, zeuen Jainkoak, herritarren artetik; onartu hark esango dizuen guztia.

23. Profeta haren mezua onartuko ez duena herritik bota egingo dute.

24. Eta Samuelek eta geroztik hitz egin duten profeta guztiek ere iragarri dituzte egun hauek.

25. Zeuentzako dituzue profeten agintzariak, baita Jainkoak zuen arbasoekin egin zuen ituna ere; hau esan baitzion Abrahami: Zure ondorengoen bidez lurreko herri guztiak bedeinkatuko ditut.

26. Lehenik zuentzat sorrarazi eta piztu du Jainkoak Jesus bere zerbitzaria, eta zuei bedeinkazioa ematera bidali du, zuetako bakoitza bere gaiztakerietatik aldentzen bada».