Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 14 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Jeroboamen semearen heriotza

1. Aldi hartan gaixotu egin zitzaion Jeroboami bere seme Abias.

2. Jeroboamek esan zion emazteari:—Tira, jantzi zaitez Jeroboamen emaztea zarela ez igartzeko eran eta zoaz Xilora. Han duzu Ahias, herri honen erregea izango nintzela iragarri zidan profeta.

3. Hartu hamar ogi, sutopil batzuk eta ontzi bat ezti, eta zoaz harengana. Hark esango dizu zer gertatuko zaion mutikoari.

4. Horixe egin zuen Jeroboamen emazteak: Xilora abiatu eta heldu zen Ahiasen etxera. Ahiasek ezin zuen ikusi, zaharraren zaharrez itsutua baitzegoen.

5. Jaunak, ordea, esan zion: «Jeroboamen emaztea datorkizu, gaixorik duen semeari zer gertatuko zaion galdetzera. Hau eta hau erantzun behar diozu. Beste baten itxurak eginez etorriko zaizu».

6. Ahiasek, emakumearen oin-hotsak ate ondoan sumatzean, esan zion:—Sar zaitez, Jeroboamen emazte hori. Zergatik zatozkit itxuraldatua? Berri txarra eman behar dizut Jaunaren izenean.

7. Esaiozu Jeroboami: «Hau dio Jaunak, Israelen Jainkoak: Nik goratu zaitut jendearen artetik, ene herri Israelen buruzagi eginez.

8. Nik kendu nien erregetza Daviden ondorengoei, zuri emateko. Zu, ordea, ez zara nire zerbitzari Daviden antzeko izan. Hark bete zituen nire aginduak eta bihotz osoz jarraitu zidan, niri atsegin zaidana baizik ez eginez.

9. Zure aurretik izan direnek baino gaiztakeria handiagoa egin duzu, sasijainkoak eta irudiak eginez, ni haserrarazteko. Niri, berriz, bizkarra eman didazu.

10. Horregatik, zoritxarra ekarriko diot Jeroboamen etxeari; Jeroboamen etxeko gizasemeak oro suntsituko ditut, libre nahiz esklabo, Israel osoan. Desagerraraziko ditut Jeroboamen ondorengoak, simaurra erabat desagerrarazi ohi den bezala.

11. Jeroboamen etxekoren bat, hirian hiltzen delarik, zakurrek jango dute; landan hiltzen delarik, zeruko hegaztiek jango dute. Hala esan du Jaunak».

12. Zu, berriz, emakume, zoaz etxera. Zure oinak hirian sartuko diren une berean hilko da mutikoa.

13. Israel osoak eginen dio dolu. Hau bai, hau hilobiratuko dute; Jeroboamen etxekoen artetik horixe bakarra hilobiratuko dute, Jaunak, Israelen Jainkoak, horrexengan izan ezik, ez baitu Jeroboamen senitarteko beste inorengan deus onik aurkitu.

14. Jeroboamen ondorengotza suntsiaraziko duen erregea sortuko du Jaunak Israelen gaur bertan. Zer gaur bertan? Oraintxe bertan

15. astinduko du Jaunak Israel! Uretan dardaratzen den kanabera bezala izango da. Beraien gurasoei eman zien lurralde eder honetatik bota egingo ditu israeldarrak eta Eufrates ibaiaz beste aldean barreiatuko. Izan ere, israeldarrek zutoin sakratuak egin dituzte eta Jauna haserrarazi.

16. Jeroboamek egin dituen eta Israeli eginarazi dizkion bekatuengatik Jaunak utzi egingo du Israel eskutik.

17. Orduan, Jeroboamen emaztea joan egin zen, eta Tirtza hirira heltzean, etxeko atetik sartzen ari zelarik, mutikoa hil egin zen.

18. Ehortzi zuten eta Israel osoak egin zion dolu, Jaunak bere zerbitzari Ahias profetaren bidez esana zuen bezala.

Jeroboamen heriotza

19. Jeroboamen gainerako jarduerak, izan zituen guduak eta nola gobernatu zuen «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

20. Hogeita bi urtez izan zen Jeroboam errege. Hil zen, eta haren ondorengo erregea beraren seme Nadab izan zen.

Judako errege Roboam

21. Judan Salomonen seme Roboam zen errege. Berrogeita bat urte zituen Roboamek errege izaten hastean, eta hamazazpi urtez izan zen errege Jerusalemen, Jaunak Israelgo leinu guztien artetik bere egoitza jartzeko hautatu zuen hirian. Roboam erregearen amak Naama zuen izena eta amondarra zen.

22. Judakoek gaizki jokatu zuten Jaunaren begietan. Egin zituzten bekatuez, beren gurasoek baino askoz gehiago haserrarazi zuten Jauna.

23. Kultu-lekuak, zutarri eta zutoin sakratuak egin zituzten muino guztien gailurretan eta zuhaitz hostotsu guztien azpian.

24. Lurralde hartan baziren prostituzio sakraturako gizon eta emakumeak. Israeldarren aurretik Jaunak bota zituen jentilen likiskeria guztiak egin zituzten.

25. Roboamen erregealdiaren bosgarren urtean, Egiptoko errege Xixak Jerusalemi erasotzera etorri zen

26. eta Jaunaren etxeko eta erregearen jauregiko altxorrez jabetu. Dena harrapatu zuen, baita Salomonek eginiko urrezko babeskiak ere.

27. Hauen ordez, Roboamek brontzezko babeskiak egin eta jauregiko sarrera zaintzen zuen taldearen buru zirenei utzi zizkien.

28. Erregea Jaunaren etxera joaten zen aldi bakoitzeko, zaintzaile-taldeak babeskiak hartu ohi zituen, eta gero berriro zaintzaile-gelara ekartzen.

29. Roboamen gainerako jarduerak eta egintza guztiak «Judako Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

30. Roboamen eta Jeroboamen artean etengabeko borroka izan zen.

31. Hil zenean, Daviden Hirian ehortzi zuten Roboam, bere arbasoen ondoan. (Amak Naama zuen izena eta amondarra zen). Ondorengo erregea Roboamen seme Abiam izan zen.