Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 8 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Itun-kutxa tenplura eraman

1. Orduan, Salomonek bere inguruan, Jerusalemen, bildu zituen Israelgo herri-arduradun guztiak, leinuburuak eta israeldar senitarteburuak. Jaunaren itun-kutxa igoarazi nahi zuen Daviden Hiritik, hau da, Siondik.

2. Etanim zeritzan hilean, hau da, zazpigarren hilabetean, egin ohi ziren jaietan, bildu ziren israeldar guztiak Salomon erregearekin.

3. Israelgo herri-arduradun guztiak bildu zirenean, hartu zuten apaizek kutxa

4. eta, lebitarrekin batera, igo zituzten Jaunaren kutxa, elkarketa-etxola eta etxolan zeuden tresna guztiak.

5. Salomon erregeak eta beronekin kutxaren aitzinean bildua zegoen israeldar batzar osoak ezin zenbatu ahalako ardi- eta idi-multzo handia eskaini zuten opari.

6. Apaizek bere tokian ezarri zuten Jaunaren itun-kutxa, tenpluko santutegian, hau da, toki santu-santuan, hegaldun izakien hegalpean.

7. Izan ere, kutxa zegoen tokiaren gainera zabalduak zituzten hegaldun izaki haiek beren hegoak, kutxa eta honen hagak gainetik estaliz.

8. Haga hauek luzeak zirenez, berauen muturrak santutegiaren aurrean zegoen sala handitik ikus zitezkeen, baina kanpotik ez. Han daude gaurdaino.

9. Kutxan ez zegoen, Horeb mendian Moisesek bertan ipini zituen bi harlauzak baizik, Egiptotik irten ondoren Jaunak israeldarrekin eginiko itunaren harlauzak, alegia.

10. Apaizak santutegitik ateratzean, lainoak bete zuen Jaunaren etxea.

11. Apaizak ezin ziren han egon beren eginkizuna betetzen laino hura zela eta; izan ere, Jaunaren aintzak bete zuen Jaunaren etxea.

12. Orduan, Salomonek esan zuen:«Jauna,ilunpean biziko zinela esan zenuen,

13. Baina nik etxe bikaina eraiki dizut,betiereko zure bizileku».

Salomonen hitzaldia

14. Israeldarren biltzar osoa zutik zegoen. Erregeak, haiengana itzulirik, biltzarra bedeinkatu zuen,

15. esanez: «Bedeinkatua Jauna, Israelen Jainkoa, bete baitu gure aita Davidi hitzemanikoa:

16. “Neure herri Israel Egiptotik atera nuen egunetik ez dut Israelgo leinu guztien artean inongo hiririk hautatu, nire egoitza izango zen etxea egin ziezadaten; baizik eta David aukeratu nuen, ene herri Israelen buruzagi izan zedin”.

17. Gure aita Davidek izan zuen Jaunarentzat, Israelen Jainkoarentzat, tenplua eraikitzeko asmoa.

18. Jaunak, ordea, esan zion gure aita Davidi: “Asmo ona izan duzu zeure bihotzean, niretzat etxea eraikitzekoa.

19. Alabaina, ez didazu zuk eraikiko etxea, zure erraietatik sortutako semeak baizik”.

20. Horra bada, bete du Jaunak emaniko hitza. Ni egin naiz errege gure aita Daviden ondoren, eta Israelgo errege-aulkian eseri naiz, Jaunak esan bezala. Nik eraiki diot etxea Jaunari, Israelen Jainkoari,

21. eta han toki berezia egin diot bertan ezartzeko: gure gurasoak Egiptotik atera zituenean Jaunak beraiekin eginiko itunaren agiria daukan kutxa».

Salomonen otoitza

22. Salomonek, Jaunaren aldare aurrean zutik, israeldarren biltzar osoaren aitzinean, eskuak zerurantz zabalik,

23. otoitza egin zuen: «Jauna, Israelen Jainkoa, ez da zu bezalako beste jainkorik, ez goian zeruan, ez behean lurrean. Betetzen duzu ituna eta onbera zara zure aurrean bihotzez zintzo dabiltzan zeure mirabeentzat.

24. Bete duzu zeure zerbitzari Davidi, gure aitari, hitzeman zeniona; zeure ahoz hitzemana zeure eskuz bete duzu, gaur ikus dezakegunez.

25. Beraz, Jauna, Israelen Jainkoa, bete ezazu zeure zerbitzari Davidi, gure aitari, hitzeman zenion beste hau ere: “Ez zaizu faltako nire laguntzaz Israelgo errege-aulkian eseriko den ondorengorik, baldin eta zure semeak nire aurrean bide zuzenean ibiltzen badira, zu ibili zaren bezala”.

26. Beraz, oi Israelen Jainko, bete ezazu zeure zerbitzari Davidi, gure aitari, eman zenion hitza.

27. «Baina egia ote, Jainkoa lurrean biziko dela? Zeru eta ortziaren zabalak ezin zaitu eduki, eta nik eraiki dizudan tenplu honek eduki ote zaitzake, bada?

28. Hala ere, Jauna, ene Jainkoa, adi ezazu zeure zerbitzari honen otoitza eta eskaria; entzun gaur zure aurrean egiten dudan oihua eta erregua.

29. Begira etxe honi gau eta egun, zure bizilekua berau izanen dela esan baituzu. Entzun, zure zerbitzariak toki honetarantz begira eginiko otoitza.

30. Entzun, arren, zure zerbitzari honek eta zure herri Israelek toki honetarantz begira zuzenduriko eskaria. Entzun bizi zaren toki horretatik, zerutik. Entzun eta barkatu.

31. «Baten batek bere lagun hurkoari kalte egin eta honek madarikaziopean zin egitera behartuko balu, eta hau tenplu honetako zure aldare aurrean zin egitera etorriko balitz,

32. entzun zuk zerutik eta erabaki bien arteko auzia: gaitzetsi erruduna, bere jokabide okerra egotziz, eta agertu zein den zuzena, bere jokabide zuzenaren arabera hartuz.

33. «Zure herri Israel, zure aurka bekatu egiteagatik etsairen batek menderatzean, zuregana itzultzen bada eta, zuri dei eginez, tenplu honetan eskatu eta otoitz egiten badizu,

34. entzun zuk zerutik, barkatu zeure herri Israelen bekatua, eta itzularazi beraren arbasoei eman zenien lurraldera.

35. «Herriak zure kontra bekatu egin duelako zerua itxi eta euririk egin ez dezanean, toki honetarantz begira otoitz egin eta zure izena goresten badute, eta zuk emaniko zigorrarengatik beren bekatuaz damutzen badira,

36. entzun zuk zerutik, barkatu zeure zerbitzarien eta zeure herri Israelen bekatua, erakutsi ibili behar duten bide zuzena, eta isurarazi euria zeure herriari ondaretzat eman zenion lurrera.

37. «Lurralde honetan gosea edota izurritea izatean, gorrinak nahiz herdoilak, larrapoteak nahiz harrak jotzean, etsaiak hiriren batzuei erasotzean, edonolako ezbehar nahiz gaitzalditan,

38. norbaitek nahiz Israel zeure herri osoak, bihotzean daukan okerraz oharturik, tenplu honetarantz eskuak luzatuz, edozein otoitz nahiz eskari egiten badizu,

39. entzun zuk zerutik, bizi zaren toki horretatik, eta barkatu. Egizu har dezala nork bere jokaeraren ordaina, ongi baitakizu halakoaren barruaren berri; izan ere, zuk bakarrik dakizu gizon-emakume guztien barruaren berri.

40. Horrela, begirune izanen dizute, gure gurasoei eman zenien lurrazalean biziko diren bitartean.

41. «Eta urrutiko lurraldetik, zure izen handiaren eta zure egintza ahaltsuen berri aditurik, zure herri Israelgoa ez den arrotzen bat

42. —izan ere adituko dute zure izen handiaren, zure egintza ahaltsuen berri— tenplu honetara otoitz egitera etortzen bada,

43. entzun zuk zerutik, bizi zaren toki horretatik, eta egiozu atzerritar horri eskatuko dizun guztia. Horrela, lurreko herri guztiek jakingo dute zure izenaren berri eta begirune izanen dizute, zeure herri Israelek bezala. Gainera, jakingo dute, nik eraiki dizudan tenplu honetan egiten zaiola dei zure izenari.

44. «Zure herriak, zuk agindutako bidetik etsaia borrokatzera joatean, zuk aukeratu duzun hiri honetarantz eta nik eraiki dizudan tenplu honetarantz begira, zuri, Jaun horri, otoitz egiten badizu,

45. entzun zuk zerutik beraren otoitza eta eskaria, eta emaiozu garaipena.

46. «Zure kontra bekatu egitean —ez baita inor bekatu egiten ez duenik—, zuk, haien kontra haserreturik, etsaien esku utziko dituzu, eta menderatzaileek urrutiko nahiz hurbileko lurralde etsairen batera eramango dituzte.

47. Orduan, eramango dituzten lurralde horretan, beren baitan hausnartuz, zuregana itzuli eta beren menderatzaileen lurraldean otoitz egingo dizute esanez: “Bekatu egin dugu, gaiztakeria egin dugu, errudun gara!”

48. Horrela, etsaiek atzerriratuko dituzten lurralde horretan, beren bihotz osoz eta gogo guztiz zuregana itzuli eta beren gurasoei eman zenien lurralderantz begira, zuk hautatu duzun hirirantz begira eta nik eraiki dizudan tenplurantz begira otoitz egiten badizute,

49. entzun zuk zerutik, bizi zaren toki horretatik, beraien otoitza eta eskaria, eta egiezu zuzenbide.

50. Barkatu zeure herriari zure kontra egin duen bekatua, zure kontra egin dituen bihurrikeria guztiak, eta egizu menderatzaileek har dezatela errukiz, urrikal daitezela hartaz.

51. Zeure herri baituzu Egiptotik, burdin labe goritik bezala, atera zenuen ondare hau.

52. «Hartzazu, beraz, onez zeure zerbitzari honen eskaria eta zeure herri Israelen otoitza; entzun iezaiezu dei eginen dizuten bakoitzean.

53. Izan ere, Jainko Jauna, lurreko herri guztien artetik ondaretzat bereizi baitzenituen, zeure zerbitzari Moisesen bitartez esan zenuen bezala, gure gurasoak Egiptotik atera zenituenean».

Salomonek Jaunari bedeinkazioa eskatu

54. Jaunari, aldare aurrean belauniko, otoitz eta eskari hauek zuzendu ondoren, Salomonek, jaiki eta eskuak zerurantz luzatuz,

55. israeldarren biltzar osoa bedeinkatu zuen, ahots handian esanez:

56. «Bedeinkatua Jauna, hitzeman bezala bere herri Israeli atsedena eman diolako! Ez du bete gabe utzi bere zerbitzari Moisesen bitartez emaniko hitz on bat ere.

57. Izan bedi gurekin Jauna, gure Jainkoa, gure gurasoekin izan zen bezala. Ez gaitzala utz, ez baztertu;

58. baizik eta beregana dezala gure bihotza, gu beraren bidean ibil gaitezen eta gure gurasoei eman zizkien agindu, lege eta erabakiak bete ditzagun.

59. Izan bitza gau eta egun bere aurrean Jaunak, gure Jainkoak, nik egin dizkiodan eskariok. Erabaki beza beti nire alde eta bere herri Israelen alde, eguneroko beharretan.

60. Horrela, jakin dezatela lurreko herri guztiek Jauna Jainko dela, eta ez dela besterik.

61. Eta zuek izan zaitezte Jaunaren, zeuen Jainkoaren, esaneko, beraren lege-bidean ibiliz eta beraren aginduak betez, gaur egin duzuen bezala».

Jaunaren etxearen sagaratzea

62. Erregeak, eta Israel osoak harekin batera, sakrifizioak eskaini zizkion Jaunari.

63. Hogeita bi mila idi eta ehun eta hogei mila ardi eskaini zituen Salomonek elkartasun-oparitzat. Horrela sagaratu zioten Jaunari tenplua erregeak eta israeldar guztiek.

64. Egun hartan Jaunaren etxe aurreko atariaren erdi aldea sagaratu zuen erregeak, erre-opariak, labore-opariak eta elkartasun-oparietako gantzak bertan eskaintzeko. Izan ere, Jaunaren aitzinean zegoen brontzezko aldarea txikiegi gertatu zen hainbeste erre-opari, labore-oparia eta elkartasun-oparietako gantza hartzeko.

65. Orduan, Salomonek Israel osoarekin, Hamateko sarreratik hasi eta Egiptoko errekara bitarteko lurraldeetatik etorri eta batzartua zegoen jendetza izugarri harekin, zazpi eguneko jaia egin zuen eta beste zazpi egunekoa gero, orotara hamalau egun.

66. Biharamunean Salomonek bidali egin zuen herria. Jendea, erregea agurtu ondoren, bere etxeetara itzuli zen, alai eta bihotza bozkarioz betea zuela, Jaunak bere zerbitzari Davidi eta bere herri Israeli egin zien on guztiarengatik.