Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Erregeak 11 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Salomon Jaunaren bidetik aldendu

1. Salomon erregeak emakume atzerritar ugari maite izan zuen. Faraoiaren alabaz gainera, moabdar, amondar, edomdar, sidondar eta hitita emakumeak ere bai.

2. Halako emakume atzerritarrei buruz, hau zien agindua Jaunak israeldarrei: «Ez elkartu halakoekin, eta haiek ez bitez zuekin elkartu; izan ere, beren jainkoengana makurraraziko dizkizuete bihotzak, segur aski». Hala ere, Salomon, amodioz, halakoekin elkartu zen.

3. Zazpiehun emazte goi-mailako eta hirurehun ohaide izan zituen. Emakume haiek desbideratu egin zuten Salomon.

4. Honen bihotza jainko arrotzengana makurrarazi zuten zahartzaroan; ez zuen oso-osorik izan Jaunarentzat, bere Jainkoarentzat, beraren aita Davidek izan zuen bezala.

5. Sidondarren jainkosa zen Astarte gurtu zuen; baita amondarren sasijainko nardagarria zen Milkom ere.

6. Jaunari atsegin ez zaiona egin zuen Salomonek, eta ez zen bere aita David bezain zintzo izan Jaunarentzat.

7. Jerusalemen aurrez aurre dagoen mendian kultu-leku bana eraiki zien Kemox-i, moabdarren sasijainko nardagarriari, eta Milkomi, amondarren sasijainko higuingarriari.

8. Orobat bere emazte atzerritar guztien jainkoei ere, emazte haiek beren jainkoei intsentsua eta sakrifizioak eskain ziezazkieten.

9. Haserretu zitzaion Jauna Salomoni, honek bere bihotza Jaunarengandik, Israelen Jainkoarengandik, aldendu zuelako. Bi bider agertua zitzaion,

10. eta agindua zion, hain zuzen ere, ez zezala jo jainko atzerritarrengana; hark, ordea, ez zuen bete Jaunak agindua.

11. Orduan, esan zion Jaunak Salomoni: «Horrela jokatu duzulako, nire ituna, nik emaniko aginduak gorde ez dituzulako, hara: kendu eginen dizut erregetza eta zure zerbitzarietako bati emanen diot.

12. Hala ere, zuen aita Davidengatik, ez dizut kenduko zu bizi zaren artean. Zure semeari kenduko diot.

13. Eta erreinu osoa ere ez diot kenduko; ene zerbitzari Davidengatik eta hautatu dudan Jerusalemengatik, leinu bat utziko diot zure semeari».

Salomoni etsaiak sortu

14. Etsai bat sortu zion Jaunak Salomoni: Hadad edomdarra, Edomgo erregearen jatorrikoa.

15. Antzina, Davidek Edom lurraldea menderatu zuenean, haren gudalburu Joabek, israeldar hilei lur ematera joan zelarik, hil egin zituen Edomgo gizaseme guztiak.

16. Joab eta israeldarrak sei hilabetez geldituak ziren bertan, Edomgo gizaseme guztiak suntsitu arte.

17. Hadad, ordea, mutiko gazte zelarik, ihesi joan zen Egiptora, bere aitaren zerbitzari ziren edomdar batzuekin.

18. Madiandik atera eta Paranera heldu ziren; Parango gizon batzuek berekin hartu eta Egiptora jo zuten, hango errege faraoiagana. Honek etxebizitza eman zion Hadadi, baita janaria eta lurzati bat ere.

19. Oso begikoa izan zuen faraoiak Hadad, eta bere emaztearen ahizpa eman zion emaztetzat, hau da, Tahpene erreginaren ahizpa.

20. Tahpeneren ahizpak seme bat ekarri zion, Genubat. Eta Tahpene erreginak faraoiaren jauregian hazi zuen. Genubat faraoiaren jauregian bizi izan zen; beraz, faraoiaren seme-alabekin batera.

21. Entzun zuen Hadadek David eta honen gudalburu Joab hilak zirela eta esan zion faraoiari:—Uztazu neure herrira joaten.

22. Faraoiak galdetu zion:—Zergatik nahi duzu zeure herrira alde egin? Falta al duzu ezer hemen, nire ondoan?Hark erantzun:—Deus ere ez; baina uztazu, arren, joaten.

23. Beste etsai bat ere sortu zion Jainkoak Salomoni: Rezon, Eliadaren semea. Bere jaun Tzobako errege Hadadezerrengandik ihesi joana zen Rezon

24. eta, bere inguruan zenbait gizon bildurik, taldeburu egina. Baina Davidek Hadadezer menderatu zuen garaian, Damaskora jo zuen Rezonek eta Damaskoko eskualdeaz nagusitu zen.

25. Salomon bizi izan zen artean, Israelen etsai izan zen Rezon hura.Hadadek ere kalte handiak egin zituen; gorroto izan zuen Israel. Edomgo errege izan zen.

Jainkoak Jeroboami emaniko hitza

26. Jeroboam, Salomonen zerbitzaria, Nebaten semea, Tzeredako efraimdarra zen; Tzerua izeneko alargun bat zuen ama. Erregearen kontra jaiki zen Jeroboam.

27. Hona zergatik: Miloko betelana egiten ari zen Salomon eta bere aita Daviden Hiriko harresietako etena ixten.

28. Jeroboam gizon adoretsu eta indartsua zen; gizon gazte hark lana nola egiten zuen ikustean, Salomonek Joseren leinuko langile behartu guztien arduradun ipini zuen.

29. Behinola, Jeroboam Jerusalemdik atera zen batean, Xiloko Ahias profetak aurkitu zuen bidean; soingaineko berria zeraman honek soinean. Biak bakarrik gertatu ziren landan.

30. Ahiasek jantzia zeraman soingaineko berria hartu, hamabi zati egin

31. eta esan zion Jeroboami: «Hartu hamar zati; hau baitio Jaunak, Israelen Jainkoak: “Zatitu eginen diot Salomoni erreinua, eta zuri hamar leinu emango.

32. Leinu bakarrarekin geldituko da hura, eta hori ere David ene zerbitzariagatik eta Israelgo hiri guztien artetik hautatu dudan Jerusalem hiriarengatik.

33. Izan ere, utzi egin naute israeldarrek eta sasijainkoak adoratu dituzte: Astarte sidondarren jainkosa, Kemox moabdarren jainkoa eta Milkom amondarren jainkoa. Ez dira nire bideetan ibili, niri atsegin zaidana eginez, nire lege eta erabakiak betez, beren aita Davidek bete zituen bezala.

34. Hala ere, ez diot erreinu osoa kenduko eskutik; bizi den bitartean buruzagitzan eutsiko diot, nik aukeratu nuen David neure zerbitzariagatik; hark bai bete zituela nire aginduak eta legeak.

35. Salomonen semeari kenduko diot erreinua eskutik, eta zuri hamar leinu emango dizkizut.

36. Haren semeari leinu bakarra utziko diot; horrela, neure egoitza izateko aukeratu nuen hirian, Jerusalemen, ene zerbitzari Davidek argi-zuzi bat izanen du beti nire aurrean.

37. Zu, berriz, nahi izango duzun toki guztietako errege egingo zaitut; Israelen errege izanen zara.

38. Nik agindutako guztia betetzen baduzu, nire lege eta aginduak gordez, ene zerbitzari Davidek egin zuen bezala, zeurekin izango nauzu. Errege-etxe iraunkorra emango dizut, Davidi eman niona bezalakoa. Israel emango dizut;

39. horrela apalaraziko ditut Daviden ondorengoak; baina ez betiko”».

40. Jeroboam hil nahian ibili zen Salomon; hark, ordea, Egiptora egin zuen ihes, Egiptoko errege Xixak-engana, eta han egon zen, Salomon hil arte.

Salomonen heriotza

41. Salomonen gainerako jarduerak, egin zuen guztia eta haren jakinduria «Salomonen Kronika» liburuan daude idatziak.

42. Berrogei urtez izan zen Salomon Israel osoko errege Jerusalemen.

43. Hil zenean, bere aita Daviden Hirian ehortzi zuten. Haren ondorengo erregea beraren seme Roboam izan zen.