Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34

Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 7 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Israel, Jainkoaren herri

1. «Jaunak zeuen Jainkoak jabetzan hartzera zoazten lurraldean sarraraziko zaituzte, eta kanpora botako dituzue zuek baino handiago diren herriak: hitita, girgaxtar, amortar, kanaandar, periztar, hibiar eta jebustarrak, zazpi herri zuek baino jendetsu eta indartsuagoak.

2. Jaunak zeuen Jainkoak eskura eman eta zuek garaitu egingo dituzue. Orduan, suntsitu egingo dituzue erabat: ez egin haiekin hitzarmenik, ez izan errukirik.

3. Ez ahaidetu haiekin, zeuen seme-alabak haienekin ezkonduz;

4. bestela, Jaunarengandik saihestu eta jainko arrotzei kultua ematera eramango lituzkete zuen seme-alabak; orduan, Jaunaren haserrea zuen kontra piztu eta bat-batean suntsituko zintuzkete.

5. Aitzitik, hau egingo duzue: haien aldareak bota, zutarri sakratuak apurtu, zutoin sakratuak moztu eta idoloak erre.

6. Jaunarentzat zeuen Jainkoarentzat sagaraturiko herri zarete: berak hautatu zaituzte munduko herri guztien artean bere herri, bere jabego berezi, izateko.

7. «Jaunak atsegin izan eta hautatu bazaituzte, ez da, ez, herririk handiena zaretelako —txikiena zarete eta, izan ere—,

8. baizik eta maite zaituztelako eta zuen arbasoei eginiko zin-hitza bete nahi izan duelako; horregatik, hain zuzen, atera zaituzte ahalmen handiz esklabotzatik eta Egiptoko faraoiaren menpetik askatu.

9. «Aitor ezazue, beraz, Jauna zeuen Jainkoa dela egiazko Jainkoa: Jainko leiala, maite dutenei eta beraren aginduak betetzen dituztenei itun-hitza gorde eta onginahia mila belaunaldiz agertzen diena;

10. gorroto diona, berriz, zuzen-zuzenean ordaina eman eta suntsitu egiten du, luzatu gabe ematen dio ordaina.

11. Bete, bada, gaur ematen dizkizuedan agindu, lege eta erabakiak.

Jaunaren bedeinkazioa

12. «Erabaki horiek onartu eta arretaz betetzen badituzue, Jaunak zeuen Jainkoak gordeko dizue zuen arbasoei zin eginez hitzemandako ituna, eta agertuko bere onginahia.

13. Maite izango zaituzte, bedeinkatu eta ugalduko, emankor egingo zaituzte zeuek, zuen abereak eta lurrak: garia, ardoa eta olioa oparo emango dizkizue, eta zekor eta arkumeak ugalduko, zuen arbasoei zin egindakoaren arabera emango dizuen lurraldean.

14. Herri guztien gainetik bedeinkatuko zaituzte: ez da zuen artean inor agorrik izango, ezta antzurik ere zuen abereen artean.

15. Jaunak gaixotasun guztiak urrunduko ditu zuengandik; ez dizkizue bidaliko ongi ezagutzen dituzuen Egiptoko izurri ikaragarriak, baizik eta gorrotoa dizuetenei bidaliko dizkie.

16. «Deuseztatu egingo dituzue Jaunak zeuen Jainkoak eskura emango dizkizuen herri guztiak. Ez izan haien gupidarik, ez gurtu haien jainkorik, galbide gertatuko bailitzaizueke.

Ez izan beldur!

17. «Agian, esango diozue zeuen buruari: “Herri horiek gu baino jendetsuago dira; nola bota beren lurraldetik?”

18. Ez izan horien beldur! Gogoratu ongi Jaunak zuen Jainkoak faraoiari eta Egipto osoari egindakoa;

19. gogoratu zuen begi-bistan egin zituen ezaugarri handiak, mirari eta egintza harrigarriak; gogoratu zuek Egiptotik ateratzeko erabili zituen ahalmen handia eta esku indartsua. Bada, beste horrenbeste eginen die Jaunak zuen Jainkoak beldur diezuen herri horiei guztiei.

20. Liztortzarrak bidaliko ditu Jaunak zuen Jainkoak haien kontra, ezkutuan gordeta bizirik gelditutako azkenak ere garbitu arte.

21. «Ez ikaratu, beraz, haien aurrean, zeuekin baituzue Jauna, zeuen Jainkoa, Jainko handi eta beldurgarria.

22. Jaunak zuen Jainkoak ezari-ezarian botako ditu herri horiek zuen aurretik: ezin izango dituzue bizkorregi deuseztatu, basapiztiak ugalduko bailirateke inguruan zuen kalterako.

23. Baina zuen Jainko Jaunak zuen esku utziko ditu herri horiek; izu-ikara larria sartuko die, guztiak suntsitu arte.

24. «Zuen eskura emango ditu herri horietako erregeak, eta beraien oroitzapena ere desagerrarazi egingo duzue mundutik. Ezin izango dizue inork aurre egin, guztiak suntsitu arte.

25. «Erre egingo dituzue horien idoloak. Ez gutiziatu idoloak estaltzen dituzten urre-zilarrak, ez hartu zeuentzat, idoloen tranpan harrapatuak geldi ez zaitezten: idoloak higuingarri zaizkio Jaunari zuen Jainkoari.

26. Ez eraman, beraz, ezer higuingarririk zeuen etxera, zuek ere, idoloak bezala, erabat suntsi ez zaitzaten. Guztiz arbuiagarri eta higuingarritzat hartuko dituzue, erabat suntsituak behar dute izan eta.