Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34

Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 4 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Jaunari obeditzea Israelen benetako jakinduria

1. «Orain bada, israeldarrok, onartu irakasten dizkizuedan lege eta erabakiak, eta bete; horrela, biziko zarete eta Jaunak zeuen arbasoen Jainkoak ematen dizuen lurraldeaz jabetuko.

2. Ez erantsi, ez kendu, nik agintzen dizuedanetik ezer; aitzitik, bete nik Jaunaren zeuen Jainkoaren izenean ematen dizkizuedan aginduak.

3. Zeuen begiz ikusia duzue Jaunak Baal-Peorren eginikoa: nola suntsitu zituen zuen artetik Peorko Baal jainkoari jarraitu zioten guztiak;

4. zuek, berriz, Jaunari zeuen Jainkoari atxikirik iraun zenutenok, bizirik zaudete oraindik.

5. Hara, Jaunak nire Jainkoak agindutako legeak eta erabakiak irakasten dizkizuet, jabetzan hartzera zoazten lurraldean bete ditzazuen.

6. Bete arretaz, horrek jakintsu eta buruargi egingo baitzaituzte herrien begietan. Lege hauen berri jakitean, esango dute: “Bai herri jakintsu eta buruargia nazio handi hau!”

7. Izan ere, ez da munduan naziorik, handia bada ere, bere jainkoak guk bezain hurbil dituenik, guk Jauna geure Jainkoa, dei egiten diogun bakoitzean, dugun bezain hurbil, alegia;

8. ezta gaur adierazten dizuedan irakaspen hau bezain lege eta erabaki zuzenak dituenik ere.

Idoloak baztertu

9. «Baina kontuz! Ez gero ahaztu ikusi dituzuen gertakariak, ez kendu gogotik zeuen bizitza osoan. Eman jakitera zeuen seme-alaba eta bilobei ere.

10. Izan gogoan bereziki Jaunaren zeuen Jainkoaren aurrean Horeb mendian egon zineteneko eguna. Jaunak agindua zidan: Bildu herria nire aurrean. Neure hitzak entzunaraziko dizkiet, beti nireganako begirunean bizitzen ikas dezaten, eta irakaspen bera seme-alabei eman diezaieten.

11. «Zuek mendi barrenera hurbildu zineten eta han gelditu; mendia sutan zegoen, zerurainoko sugarretan, laino itxi eta ilun-beltzez inguratua.

12. Jauna suaren erditik mintzatu zitzaizuen: haren hitzak entzun zenituzten, baina ez zenuten irudirik ikusi; ahotsa entzun zenuten bakarrik.

13. Jaunak ituna iragarri zizuen, bete behar zenituzten hamar aginduak, eta bi harlauzatan idatzi zituen.

14. Niri, berriz, legeak eta erabakiak zuei irakasteko agindu zidan Jaunak, jabetzan hartzera zoazten lurraldean bete ditzazuen.

15. «Izan kontu, beraz! Jauna suaren erditik Horeb mendian mintzatu zitzaizuenean, ez zenuten inolako irudirik ikusi.

16. Ez galbideratu edonolako idolo edo jainko-irudiak eginez: gizonezkonahiz emakumezko-irudiak,

17. lur gaineko abere- nahiz airean hegan doazen hegazti-irudiak,

18. lurrean arrastaka dabiltzan narrasti- nahiz lur azpiko uretan dabiltzan arrain-irudiak.

19. Zerurantz begiratu eta eguzki, ilargi, izar eta astro guztiak ikustean, ez eman amore, aurrean ahuspeztuz, haiek gurtzeko tentazioari, Jaunak zuen Jainkoak munduko beste herri guztiei utzi baitizkie jainkotzat.

20. Zuek, ordea, Jaunak hartu eta Egiptotik, burdina urtzeko labetik, atera zaituzte, bere herri eta ondare egiteko, gaur egiaz zareten bezala.

21. «Jauna haserretu egin zen nirekin zuen erruz, eta zin egin zuen ez nuela Jordan ibaia igaroko eta ez nintzela sartuko berak ondaretzat emango dizuen lurralde ederrean.

22. Nik, Jordan igaro gabe, lurralde honetan hil behar dut; baina zuek igaroko duzue eta lurralde oparo horren jabe egingo zarete.

23. Ez gero ahaztu zuen Jainko Jaunak zuekin burutu duen ituna, ez egin ere edozein izakiren irudiko idolorik, Jaunak zeuen Jainkoak galarazi baitizue;

24. izan ere, Jauna, zuen Jainkoa, Jainko jeloskorra da, su kiskalgarria.

Desleialtasuna, zigorra eta itzulera

25. «Belaunaldiak pasatuko dira eta herri zaharra izango zarete lurraldean. Orduan, galbideratu eta edozein izakiren irudiko idolorik egiten baduzue, Jaunari zeuen Jainkoari gaizki iruditzen zaiona eginez eta haserraraziz,

26. gaur zeru-lurrak jartzen ditut lekuko zuen aurka: Jordanez beste aldean jabetzan hartzera zoazten lurraldean berehala galduko zarete. Ez duzue luzaroan iraungo bertan, erabat suntsituko baitzaituztete.

27. «Jaunak beste herrietan barreiatuko zaituzte; zuetariko gutxi batzuk besterik ez dira bizirik geldituko Jaunak eramango zaituzten nazioetan.

28. Han, giza eskuz eginiko zurezko eta harrizko jainkoak gurtu beharko dituzue, ez ikusi eta ez entzun, ez jan eta ez usaindu egiten ez dutenak.

29. Han zaudetela, Jaunaren zeuen Jainkoaren bila hasiko zarete, eta aurkitu ere aurkituko duzue, bihotz-bihotzez eta gogo osoz harengana jotzen baduzue.

30. «Denboraren joanean, mehatxu hauek gauzatu eta atsekabealdian aurkitzean, Jaunarengana zeuen Jainkoarengana itzuliko zarete eta haren esanera jarriko;

31. Jauna, zuen Jainkoa, Jainko bihozbera baita, ez zaituzte utziko, ez suntsituko, ezta ahaztuko ere zuen arbasoei zin eginez hitzemandako itunaz.

Jaunak herria harrigarriro hautatu

32. «Galdetu antzinako garaiei, zuen aurretik izandakoei, Jainkoak munduan gizakia egin zuen egunetik hasita; galdetu munduaren ertz batetik besteraino, ea inoiz horrelakorik gertatu edo entzun izan den.

33. Ba ote da herririk, zuek bezala Jainkoa suaren erditik mintzatzen entzun eta bizirik gelditu denik?

34. Izan al da inoiz jainkorik, herri bat beste baten menpetik askatu eta beretzat hartzera etorri denik? Bada, Egipton zeuen begi-bistan horixe egin zuen Jaunak zuen Jainkoak. Ezaugarri asko eman zituen, eta mirariak eta egintza harrigarriak egin; borrokaren bidez, ahalmen handiz eta esku indartsuz askatu zintuzten, etsaiengan izua sortuz.

35. «Jauna dela Jainkoa jakin dezazuen ikusarazi zaizue hori guztia: ez da bera besterik.

36. Bere ahotsa entzunarazi dizue zerutik, zentzarazteko; lurrean bere su handia erakutsi dizue, eta hark suaren erditik esandako hitzak entzun dituzue.

37. Zuen arbasoak maite izan zituelako hautatu zaituzte zuek, haien ondorengook, eta ahalmen handiz Egiptotik atera.

38. Zuena baino herri handiago eta ahaltsuagoak bota ditu, zuek haien lurraldera eraman eta lurraldea zuei ondaretzat emateko, gaur egun gertatzen den bezala.

39. «Aitortu, beraz, gaur, eta izan beti gogoan Jauna dela Jainkoa, goian zeruan eta behean lurrean: ez da besterik.

40. Bete gaur ematen dizkizuedan lege eta aginduak, zoriontsu izan zaitezten zeuek eta zuen ondorengoak, eta luzaro bizi, Jaunak zeuen Jainkoak betiko ematen dizuen lurraldean».

Babes-hiriak Jordanen ekialdean

41. Orduan, hiru hiri aukeratu zituen Moisesek Jordanen ekialdean,

42. hiltzaileak haietan ihesleku izan zezan: aurrez gorrotatzen ez zuen norbait nahi gabe hiltzen zuenak hiri haietako batera egingo zuen ihes, bizirik irauteko.

43. Hiriok hauek ziren: Betzer, basamortuan, lautadan, Rubenen leinukoentzat; Ramot, Galaaden, Gaden leinukoentzat, eta Golan, Baxanen, Manasesen leinu-erdikoentzat.

MOISESEN BIGARREN HITZALDIA (4,44—26,19)

Sarrera

44. Hona hemen Moisesek israeldarrei emandako irakaspena,

45. hona Egiptotik irten ondoren adierazi zizkien erabaki, lege eta xedapenak.

46. Jordanen ekialdean aurkitzen ziren israeldarrak, Bet-Peor aurreko haranean, Hexbongo Sihon errege amortarraren lurraldean. Egiptotik irten ondoren, Moisesek eta israeldarrek Sihon erregea garaitu zuten

47. eta beronen lurraldeaz jabetu, Baxango Og erregearenaz bezalaxe (Sihon eta Og, Jordanez ekialdean bizi ziren amortarren erregeak ziren).

48. Haien lurraldea Arnon erreka ondoko Aroer hiritik Sirion edo Hermon mendiraino hedatzen zen,

49. eta Jordanen ekialdeko Araba haran guztian zehar Pisga mendiaren magaleko Itsaso Hileraino.