Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34

Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 17 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. «Ez diozue oparitzat eskainiko Jaunari zeuen Jainkoari inolako akatsik duen zekor edo arkumerik, higuingarri baitzaio hori.

Idolatriaren aurkako auzia

2. «Gerta daiteke, Jaunak zeuen Jainkoak emango dizkizuen hirietakoren batean, gizon nahiz emakumeren batek Jaunari zuen Jainkoari gaizki iruditzen zaiona egin eta ituna haustea:

3. hau da, nik aginduaren kontra, jainko arrotzak gurtu eta beraien aurrean —edota eguzki, ilargi eta zeruko izar guztien aurrean— ahuspeztea.

4. Horrelakorik salatzen badizuete edo, zeuen kabuz, horrelako zerbaiten berri jakiten baduzue, ikertu zehatz-mehatz arazoa; Israelen horrelako gaiztakeria egiaz gertatu dela ikusten baduzue,

5. erruduna, gizona nahiz emakumea, hiri-sarrerara eramango duzue eta harrika emango hil arte.

6. «Ez zaio inori heriotza-zigorrik ezarriko bi edo hiru lekukoren aitorpenaz izan ezik; ez da aski lekuko bakarraren aitorpena.

7. Lekukoak izango dira lehenak kondenatua hiltzen, eta herri osoa ondoren. Horrela ezabatuko duzue gaiztakeria zeuen artetik.

Auzitegi gorena

8. «Zuen hirietan auziren bat gertatzen bada —hilketa, liskarra, zauria edo beste zernahi—, zeuek erabakitzeko zailegia iruditzen zaizuena, joan Jaunak zuen Jainkoak aukeratuko duen lekura

9. eta jo argibide bila apaiz lebitarrengana eta une hartan txandan egongo den epaileagana. Hauek epaia emango dizuete,

10. eta haren arabera jokatuko duzue, erabakia arretaz betez.

11. Haiek emandako argibideen eta epaiaren arabera jokatuko duzue, ezertan ere saihestu gabe.

12. «Baina, harrokeriak eraginda, Jaunaren zuen Jainkoaren zerbitzuan dagoen apaizaren nahiz epailearen erabakia onartu nahi ez duena hil egin behar duzue. Horrela ezabatuko duzue gaiztakeria Israeldik.

13. Horren berri jakitean, beldur izango da herria, eta ez da aurrerantzean harrokerian eroriko.

Erregearen legea

14. «Jaunak zeuen Jainkoak ematen dizuen lurraldean sartu, hartaz jabetu eta bertan bizitzen jartzean, erregea nahi izango duzue agian, inguruko herri guztiek bezala.

15. Hala bada, Jaunak zuen Jainkoak aukeratuko duena egingo duzue errege. Herritarra beharko du izan erregeak; ez zaizue zilegi atzerritarrik zeuen buru jartzea, herrikoren bat baizik.

16. «Erregeak ezin izango du zaldi asko eduki, ezta jendea Egiptora bidali ere bere zalditeria handitzeko, debekatu egin baitizue Jaunak berriro harako bidea hartzea.

17. Ez du emakume askorik izango, haren bihotza desbidera ez dadin, ezta pilatuko ere urre eta zilar larregi.

18. «Errege-agintea hartzean, lege hau kopiaraziko du beretzat, apaiz lebitarren zainpean egongo den liburutik.

19. Berekin eramango du beti, eta egunero irakurriko bere bizitza guztian, Jaunaren bere Jainkoaren begirunean bizitzen ikas dezan, lege honen xedapenak eta arauak betetzen saiatuz.

20. Horrela, ez da harrotuko, bere burua gainerako herritarrak baino handiagotzat joz, ezta saihestuko ere ezertan aginduetatik. Orduan, bai bera, bai ondorengoak, luzaro izango dira errege Israelen.