Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34

Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 27 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

ITUNA: OSPAKIZUNA ETA ONDORIOAK (27,1—28,68)

Legearen oroigarria

1. Moisesek, Israelgo arduradunekin batera, agindu hau eman zion herriari: «Bete gaur ematen dizkizuedan agindu guztiok.

2. Jaunak zeuen Jainkoak emango dizuen lurraldera joateko Jordan ibaia igaroko duzuen egunean, harritzar batzuk hartu, tente ipini eta karez zurituko dituzue.

3. Harrietan lege honen xedapen guztiak idatziko dituzue. Jordan ibaia igarotakoan egingo duzue hori, Jaunak zeuen Jainkoak emango dizuen lurraldean sartzean, Jaunak zeuen arbasoen Jainkoak esanaren arabera, esnea eta eztia darizkion lurraldean sartzean, alegia.

4. Jordan ibaia igarotzean, beraz, gaur agindu dizuedanez, Garizim mendian harriak tente ipini eta karez zurituko dituzue.

5. «Han, burdinazko tresnaz landu gabeko harriz eginiko aldarea eraikiko diozue Jaunari zeuen Jainkoari;

6. harri hutsez eraikiko duzue aldarea. Ondoren, erre-opariak eskainiko dizkiozue bertan Jaunari zeuen Jainkoari;

7. eskaini elkartasun-opariak ere eta jan bertan, Jaunaren zeuen Jainkoaren aurrean festa eginez.

8. «Harrietan lege honen xedapen guztiak idatziko dituzue, argi eta garbi zizelkatuz».

9. Gero, Moisesek eta apaiz lebitarrek esan zioten Israel herri osoari: «Zaude isilik eta entzun, Israel! Gaur Jaunaren zeuen Jainkoaren herri egin zarete.

10. Obeditu Jaunari zeuen Jainkoari eta bete beraren agindu eta legeak, gaur nik adieraziak».

11. Egun hartan, agindu hau eman zion Moisesek herriari:

12. «Jordan ibaia igaroko duzuenean, Simeon, Lebi, Juda, Isakar, Jose eta Benjaminen leinuak Garizim mendian kokatuko dira, herria bedeinkatzeko,

13. eta Ruben, Gad, Axer, Zabulon, Dan eta Neftaliren leinuak Ebal mendian, herria madarikatzeko».

Hamabi madarikazioak

14. Lebitarrek aldarrikapen hau egingo diete ozenki israeldar guztiei:

15. «Madarikatua Jaunarentzat higuingarri eta artisauen eskulan hutsa den idoloa nahiz jainko-irudia egin eta ezkutuan gordetzen duena!»Eta herri osoak erantzungo du: «Amen».

16. «Madarikatua aita nahiz ama gutxiesten duena!»Eta herri osoak erantzungo du: «Amen».

17. «Madarikatua auzokoaren kaltetan mugarriak lekuz aldatzen dituena!»Eta herri osoak erantzungo du: «Amen».

18. «Madarikatua itsua desbideratzen duena!»Eta herri osoak erantzungo du: «Amen».

19. «Madarikatua etorkin, umezurtz eta alargunaren eskubideak baztertzen dituena!»Eta herri osoak erantzungo du: «Amen».

20. «Madarikatua aitaren emazte batekin oheratzen dena, aitaren eskubidea hautsiz!»Eta herri osoak erantzungo du: «Amen».

21. «Madarikatua abereekin haragizko bekatua egiten duena!»Eta herri osoak erantzungo du: «Amen».

22. «Madarikatua arrebaordearekin, aitaren nahiz amaren alabarekin, oheratzen dena!»Eta herri osoak erantzungo du: «Amen».

23. «Madarikatua amaginarrebarekin oheratzen dena!»Eta herri osoak erantzungo du: «Amen».

24. «Madarikatua lagun hurkoa azpikeriaz hiltzen duena!»Eta herri osoak erantzungo du: «Amen».

25. «Madarikatua errugabea hiltzeagatik eskupekoa onartzen duena!»Eta herri osoak erantzungo du: «Amen».

26. «Madarikatua lege honen xedapenak gogoan hartzen eta betetzen ez dituena!»Eta herri osoak erantzungo du: «Amen».